Sarraskia eragin du bonba batek Kabulgo lekurik zainduenean

Gutxienez 90 pertsona hil dira eta 463 zauritu, bonba-kamioi batek eztanda eginda, Afganistango hiriburuko eremu diplomatikoaren atarian. Haqqani sareari egotzi diote erasoaren egiletza

Eraikinak txikituta, atentatuaren ondoren, atzo, Kabulen, Afganistango hiriburuan. HEDAYATULLAH AMID / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Kabulgo eta Afganistan osoko lekurik zainduenetakoa aukeratu dute ekintzaileek sarraskia egiteko: jendearen eta autoen joan-etorria bizi-bizi dagoen unean eta lekuan leherrarazi zuten bonba-kamioi bat atzo, 08:30ean, eremu diplomatikoaren atarian. 90 pertsona hil zituzten gutxienez, eta 463 zauritu, Osasun Ministerioak jakinarazi zuenez, gehientsuenak zibilak. «Lurrikara gogor» baten gisan deskribatu zuten lekukoek; izan ere, inguruko eraikinak txiki-txiki eginda geratu dira, eta kaleak, leihoetako beiraz eta auto puskaz josita. Eztandaren ondorena izugarria eta kaotikoa izan zen. Segurtasun indarrek eta osasun langileek gorpuak ateratzeari eta zaurituak artatzeari ekin zioten bitartean, ehunka pertsona zeuden han, larritasunak jota, senideak hildakoen eta zaurituen artean zituzten galdezka.

Kea hiri osotik ikus zitekeen eztandaren osteko orduetan, etaharen burrunba ia hiri osoan sentitu zuten. Eztandak lau bat metroko sakonerako zuloa sortu zuen, eraikin diplomatikoetara eta presidentearen jauregira daraman etorbidearen amaieran. Lehen ikerketen arabera, estolda sistema zaintzeko erabiltzen duten kamioi batek sortu zuen txikizioa: segurtasun eremura sartzera zihoala geldiarazi, eta leherrarazi egin zuen suizidak.

Eraikin diplomatikoen artean, Alemaniakoa dago leherketaren lekutik gertuen, eta hango zaindaria hil eta beste hainbat langile zauritu ziren. Inguruan dira, halaber, Erresuma Batukoa, Irangoa, Japoniakoa, Frantziakoa eta Indiakoa, eta handik gertu Raxid Ghani presidentearen jauregia ere. Basi Muhadid Kabulgo Poliziaren bozeramailearen arabera, «ez dago argi zein izan den helburua, nahiz eta Alemaniako enbaxadatik gertu izan den». Eraikinok dira Kabulgo seguruenetakoak, eta horietako batzuk kalteak izan dituzte, baina arinak. Eremu gotortutik kanpo bestelakoa izan da eragina.

Ramadan musulmanen hilabete santuan sartu berritan gertatu da, eta garai honetan ordubete beranduago joaten dira lanera. Atzo, errezatu ondoren lanera zihoazenak harrapatu zituen, besteak beste, atentatuak, eta langile horietako asko enbaxadetako eta inguruan dauden atzerriko konpainietako langileak dira. Ghani presidenteak, ramadana hasi aurretik, talde armatuei eskatu zien errespeta zezatela herritarrentzat horren garrantzitsua den hilabetea. «Baina erantzuna hau izan da, herritarren kontrako eraso koldarra, gizateriaren kontrako krimena».

Egiletza

Talibanen bozeramaile Zabihula Mujahidek atentatua izan eta gutxira ukatu zuen zerikusia dutela gertatutakoan: «Leherketa honek ez du zerikusirik Emirerri Islamiarreko mujahidinekin [gerrillari musulmanak]. Gure mujahidinak ez daude nahastuta ekintzahonetan, eta ez dute baimenik horren leherketa handiak egiteko honen gisako eremu zehaztugabeetan. Zibilen kontrako eraso eta leherketa guztiak gaitzesten ditugu». NDS Inteligentzia zerbitzuek Haqqani sareari egotzi diote egiletza, talibanekin harremana duen klanari. Hain zuzen ere, talibanek udaberriko kanpaina iragarria zuten, urtero bezala, eta nabarmendua zuten aspaldiko gogorrena izango zela, batez ere atzerriko indarren aurka. Talibanena da talde armaturik indartsuena Afganistanen: milaka ekintzaile dauzka, baina EI Estatu Islamikoak ere 2015az gero gudu zelaitzat dauka herrialdea, eta hainbat eremutan elkarren aurka ere borrokatzen dira.

Afganistango hiriburuan izan den atentaturik larriena da, iazko udan protesta batean Estatu Islamikoak ehundik gora lagun hil zituenez gero: uztailaren 23an, hiriko plazan hazara etniako herritarren protesta bat lehertu zuen suizida batek, eta, hildakoez gain, 231 zauritu eragin zituen.

Atzoko leherketaren eremuan izan zen, berriz, iazko apirilean beste atentatu larri bat, segurtasun indarren kontra, non 60 lagun baino gehiago hil zituen suizida batek eta tiroka erantzun zuen beste kide batek. Talibanek hartu zuten beren gain erasoa.

Segurtasun indar ahulduak

Kabuldik kanpo ere atentatuen kopurua eta tamaina handituz joan dira. Joan den apirilekoa izan da horien artean gogorrenetako bat, militarren aurka. Mazar-i-Xarif hiriko base militarrean sartu ziren hamar taliban, militar jantzita eta armadaren ibilgailuetan, eta gerrikoak leherrarazi zituzten: gutxienez 140 soldadu hil ziren, eta agerian geratu zen Afganistango militarren ahulezia.

AEBek, 2001ean Afganistan inbaditu eta hamabost urtera, tropa gehienak atera zituzten, baita NATOk ere, eta 2015etik, maizago gertatzen dira atentatuak, kasu honetan bezala, baita leku seguruetan ere. Kabul ez da gai egoerari aurre egiteko —gobernua banatuta eta ustelkeriak jota dago—. Bi urte horietan izan da hildako gehien Nazio Batuen Erakundea 2009an zenbatzen hasi zenetik. Iaz 3.498 izan ziren hildakoak, eta ia 8.000 zaurituak. 2015ean, 3.565 hilak, eta ia 7.000 zaurituak.

Donald Trump AEBetako presidenteak iragarria du tropa gehiago bidaliko dituela aurki—Barack Obamak erretiratu zituen—. Egun, 8.400 tropa dauzkate han, eta beste 5.000 NATOk. Batez ere hango militarrak hezteko lanean aritzen dira, eta euren herrietako interesak zaintzen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.