'Brexit'-a. Negoziazioen hasiera

EBren neurrirako bide orria ezarrita hasi dira 'brexit'-aren negoziazioak

Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren merkataritza harremana batasuna uzteko prozesua bideratu ondoren negoziatuko dute. Irlandako mugaren aferak elkarrizketa mahai propio bat dauka

David Davis Erresuma Batuko negoziatzaile burua eta Michel Barnier Europako Batasunekoa, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Elkarren artean giro txarrik ez dagoela irudikatu nahi izan zuten EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuak atzo Bruselan, brexit-aren negoziazioen lehenbiziko egunean. Elkarrizketak «hagitz eraikitzaileak» izan zirela erran zuen David Davis Erresuma Batuko negoziazio taldeko buruak, eta uste du akordio bat lortzea «hagitz posiblea» dela. Michel Barnier EBko negoziatzaile buruaren ustez ere, «bidezko akordio bat» lortzeko aukera dute bi aldeek. Hala ere, EBk lortu du bere neurrira ezartzea bide orria; edo, bertzela erranda, Erresuma Batuak ez du lortu hasieran zituen asmoak gauzatzea. Izan ere, Bruselak nahi bezala, batasuna uzteko neurriak negoziatuko dituzte lehenik, eta hori bideratuta utzi ondoren hasiko dira etorkizuneko merkataritza harremanari buruz solasean. Oraingo prozesuan, hiru gaitarako lantalde bana eratuko dituzte —«Herritarren eskubideak, finantzaketa, eta banaketaren bertze gaiak»—, eta Irlandako mugaren aferak elkarrizketa prozesu propioa izanen du «negoziazio buruen agintaritzapean». Urrira bitarte, gutxienez hilero astebete osoz negoziatzeko asmoa agertu dute bi aldeek.

«Erresuma Batuak utziko du EB, ez alderantziz. Hori da errealitatea, eta norberak onar ditzala norbere erantzukizunak», erran zuen Barnierrek. «Ez dira [EB uztearen] ondorioak gutxietsi behar». Barnierrek une batean adeitasun giroa alde batera utzi eta EBren jarrera argi nabarmendu nahi izan zuen. «Ez diegu [Erresuma Batuaren] eskariei amore eman beharrik, baina ez dugu errebantxarako gogorik. Pasioa alde batera uzten saiatuko naiz, eta oinarri legalera eta jarrera onera mugatuko naiz».

Lehenbiziko egunetik, ordea, itxura hartu du Erresuma Batuak EBk baino pauso bat gibelerago hasi duela negoziazio prozesua. Izan ere, Erresuma Batuaren hasierako asmoa zen EB uzteko neurriak eta merkataritza harremana zehazteko akordioa batera negoziatzea. Davisek berak aurten errana zuen hori gertatu ezean negoziazioen bide orria zehaztea «udako borrokaldia» izanen zela. Bada, lehenbiziko egunean Bruselaren nahia gailendu da: batasuna uzteko neurriak adostu ondoren hasiko dira negoziatzen merkataritza harremana.

EBko herritarren egoera

EBren bertze lehentasunetako bati ere agudo emanen dio erantzuna Londresek: Davisek jakinarazi duenez, Theresa May lehen ministroak astelehenean jakinaraziko du Erresuma Batuan bizi diren EBko herritarren egoera argitzeko proposamena. Davisek ukatu egin zuen EBren eskakizunei amore eman dienik, negoziazioak hasi eta berehala. Erresuma Batuan, ordea, denak ez daude ados. «Gobernua itxurakerietan aritu bada ere, EBk gaur argi utzi du ez diola gauza bakar batean ere amore eman David Davisi. Erabat umiliatu du», adierazi zuen Tim Farron Alderdi Liberal-Demokratako buruak.

Muga «ikusezina»

Davisek erran zuen Bruselako bilkuran Irlandako auziaz mintzatu zirela denborarik gehienean. Londresen, Mayk Downing Streeten harrera egin zion atzo Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroari. «Inork ez du nahi gure herrialdeen arteko merkataritza murriztea. Konpromisoa hartu dut Ipar Irlandako lurreko mugarentzat irtenbide praktiko bat aurkitzeko brexit-aren ondoren», adierazi zuen Mayk. Varadkarrek, berriz, erran zuen «muga politiko bat dagoen bitartean» ez lukeela egon behar «muga ekonomikorik»; errepublikako lehen ministroaren ustez, mugak «ikusezina» izan beharko luke. Hain zuzen, Davisek Bruselan erabilitako termino berbera: «Ahalik eta muga ikusezinena».

Brexit-az gain, Irlanda eta Erresuma Batua korapilatu dituzten bertze bi auziez ere mintzatu ziren bi agintariak: Ipar Irlandan batasuneko gobernua osatzeko akordioa —hilaren 29ra arteko epea dute— eta Erresuma Batuko Gobernua osatzeko kontserbadoreen eta DUP Alderdi Demokratikoa Unionistaren arteko negoziazioak. Varadkarrek erran zuen Mayk «bermatu» diola DUPekin dituen elkarrizketek ez dietela eraginen Ipar Irlandakoei. «Ostiral Santuko Akordioen bermatzaile gisa, Britainiako eta Irlandako gobernuak ez ginateke gehiegi hurbildu behar ez unionismora, ez nazionalismora».

EGUTEGIA

2017

Ekainak 19. Negoziazioak ofizialki hasi ziren Bruselan.

Ekainak 22-23. EB Europako Batasuneko liderrak Bruselan elkartuko dira.

Uztailak 17. Negoziazioen bigarren sorta hasiko da.

Urria-abendua. Erresuma Batuak EB uzteko akordioaren oinarriak paratzeko epea bukatuko da, eta etorkizuneko harremana negoziatzen hastekoak dira.

2018

Urria. Akordioa ixteko epearen bukaera. EBko eta Erresuma Batuko parlamentuek berretsi beharko dute ondotik.

2019

Martxoak 29. Erresuma Batuaren azken eguna EBn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.