«Azken mendean Mexikon izandako lurrikara handiena»

Kalte material handiak eragin ditu, eta gutxienez 35 hildako Oaxaca, Chiapas eta Tabasco estatuetan. Peña Nieto presidentearen ustez, egoera ez da katastrofikoa

«Azken mendean Mexikon izandako lurrikara handiena».
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gertatu eta bizpahiru bat ordu geroago egindako urgentziako agerraldian eman zuen datua Enrique Peña Nieto presidenteak: «Azkeneko mendean Mexikon neurtutako lurrikara handiena izan da». Herenegun, han 23:50 zirenean —06:50 Euskal Herrian—, Richter eskalako 8,2 graduko indarra eduki zuen lurrikara batek astindu zuen herrialdea 90 bat segundoz, eta, kalte material handiez gain —Guatemalan ere 3.300 bat pertsonari eragin die—, gutxienez 35 hildako eragin ditu Oaxaca, Chiapas eta Tabasco Mexiko hegoaldeko estatuetan, herrialdeko txiroenetakoetan. Lehen bietan larrialdi egoera ezarri dute. Mexikoko Sismologia Agentziak beste ia 300 erreplika zenbatu ditu, baina horiek indar txikiagoa eduki dute. Agintariek, dena den, erne jarraitzea gomendatu diete herritarrei, bai erreplika gehiago egon daitezkeelako, bai tsunami arriskua dagoelako herrialdearen hego-mendebaldeko kostaldean.

Mexikon lurrikarak gertatzea nahiko ohikoa da. Herenegun gauekoak Ozeano Barean izan zuen epizentroa, Chiapasko kostaldetik 100 bat kilometrora, eta hipozentroa 60 bat kilometroko sakoneran detektatu zuten. Agintariek jakinarazitakoaren arabera, 50 milioi mexikarrek sentitu zuten lurrikararen dardara —120 milioi biztanle dauzka—, eta 1,5 milioi argindarrik gabe geratu ziren —handik gutxira, horien erdiek berreskuratu zuten—.

Oaxaca, Chiapas eta Tabascoko gobernadoreek eman dituzte datuak: 25 hildako aurreneko estatuan, zazpi bigarrengoan, eta hiru hirugarrengoan. Kalte materialak handiak dira. Erori dira eraikinak, sortu pitzadurak horietan, eragin lurretan luiziak... Milaka lagun ebakuatu dituzte, haien etxeak eroriko diren beldurrez. Presidenteak adierazi du, baina, egoera ez dela katastrofikoa. Egun batzuk beharko dituzte kalteen balantzea egiteko.

1970etik gaurdaino, Richter eskalako zazpi gradutik gorako indarra eduki duten hiru lurrikara nozitu dituzte Chiapas estatuan; azkenekoa, 2012ko azaroaren 7an, 7,1ekoa.

Mexiko Hiritik 650 bat kilometrora izan zuen epizentroa herenegungo lurrikarak, baina herrialdeko hiriburuan ere sentitu zuten lurrak dar-dar egiten zuela. Han bizi den pertsona batek Associated Press berri agentziari adierazi zion bere etxebizitza «txikle bat balitz bezala» mugitu zela.

Hiriburuan badaukate lurrikara arriskuari aurre egiteko protokolo bat. Mexikoko Sismologia Agentziak lurra mugitzear dagoela detektatzen duenean, kalean kokatutako bozgorailuek «lurrikara alerta» dagoela adierazten dute behin eta berriro. Hangoek 1985eko irailaren 19ko lurrikara izan dute gogoan. Hark 3.000-20.000 hildako eragin zituen —ez dago datu ofizialik—, eta, batik bat, hiriburuaren erdigunea txikitu zuen. Ozeano Barean izan zuen epizentroa, Guerrero estatuko uretan, hiriburutik 400 kilometro baino gutxiagora, eta hipozentroa, 15 kilometroko sakoneran. Hala, eraikinak egiterakoan segurtasun neurriak askoz ere zorrotzagoak dira orduz geroztik.

11 estatutan eskolak itxita

Eraikinekin gertatu daitekeenaren beldur, Mexikoko Gobernuak erabaki zuen atzo behintzat klaserik ez ematea 11 estatutako adingabeentzako ikastetxeetan: Mexiko Hirian, Mexikoko Estatuan, Chiapasen, Hidalgon, Veracruzen, Guerreron, Morelosen, Tabascon, Oaxacan, Pueblan eta Tlaxcalan.

1900. urtetik gaurdaino, Richter eskalan zortzi gradutik gorako indarra eduki duten lau lurrikara gertatu dira Mexikon. Guztietan handiena, 9,5ekoa, Txilen izan zen, baina: Biobion, 1960an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.