ELAk dio erresistentzia kutxaren datuak badituela Bizkaiko Ogasunak

'El Diario Norte'-ren arabera, Bizkaiko Ogasunak erresistentzia kutxatik dirua jaso dutenen izenak eta zenbatekoak eskatu dizkio sindikatuari. ELAk dio 38 urtean ogasunaren irizpideak bete dituela

Adolfo Muñoz eta Pello Igeregi, atzo, Bilboko ELAren egoitzan egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
ELAren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko harremanak ez du onera egin, itxura batean. Aspaldi da bien arteko harremana gaiztotuta dagoela, baina bereziki zahar etxeko langileen grebarekin mikaztu zen. Hiru hilabete dira gatazka hori amaitu zela: 370 eguneko lanuzteen ondoren, langileek euren aldarrikapenak lortu zituzten, eta. horretarako. ezinbestekoa izan zen erresistentzia kutxaren erabiltzea. Orain, ogasunak eskaera egin dio ELAri: 2014 eta 2017 arteko epean erresistentzia kutxatik kobratu zuten grebalarien izenak eta jasotako diruaren zenbatekoa jakinarazteko. Informazio hori kaleratu du asteon El Diario Norte hedabide digitalak, baina, Adolfo Muñoz idazkari nagusiak atzo esan zuenez, eskaera hori ez da sindikatuaren egoitza nagusira iritsi ere egin, oraingoz.

Hala ere, ustez sindikatuari eskatu dizkion dokumentu horiek esku artean eduki beharko lituzke ogasunak, Muñozen dioenez. «Eskatutako informazio hori duela hilabete» bidali baitzioten. Areago, azken 38 urteetan erresistentzia kutxarekin betetzen ditu sindikatuak greba egiten ari diren langileen beharrak, eta orduz geroztik «ogasunen irizpideak errespetatu» dituela argitu du idazkari nagusiak. Urte hauetan guztietan, gainera, kutxatik jasotako dirua ez da sekula hartu laneko errentatzat. Argitaratutako informazioaren arabera, ogasunak sindikatuari bidalitako dokumentuan, diru hori laneko errentatzat jotzen du.

Antzeko aurrekari bat ere egon zen 2004. urte inguruan. Caballito enpresaren gatazkak iraun zuen bi urteetan, ezinbestekoa izan zen erresistentzia kutxa; Arabako Ogasunak auzibidean jarri zuen sindikatua. Alegazioa jarri zuen sindikatuak, eta auzia artxibatu egin zuten. Hala ere, ez da ohikoa ogasunak halako eskaerak egitea. Muñozen ustez, Bizkaiko Ogasunak egin bide duen eskaera horren atzean boterearen aurkako sindikalismoa ahultzeko asmoa egon daiteke.

UGT eta CCOOren kutxak

ELAko idazkari nagusiak argi jakinarazi zuen oraindik ez dutela jaso erresistentzia kutxaren erabileraren inguruko informazio eskaera, baina Euskadiko CCOOk eta UGT-Euskadik balorazioak egin zituzten atzo, oharren bidez. CCOOren arabera, eskatutako epe horretan ez du erresistentzia kutxa erabili beharrik izan. «Ogasunak eskatutakoaren haritik, sindikatuok gardentasunaren eredu izan beharko genuke». UGT-Euskadik, ordea, orain ez dauka «erresistentzia kutxarik edo antzekorik», baina bere behar fiskalak argitzeko jarrera erakutsi nahi izan du era berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.