AEBetako Kongresuak aurrekontua onartu du, 'ameslariei' heldu gabe

Adingabe papergabeen programaz datozen asteetan dira hitz egitekoak. Hurrengo bi urteetan 245.000 milioi euro areagotuko du gastu publikoa Washingtonek; batez ere, armadan

Chuck Schumer Senatuko demokraten burua eta Mitch McConnell errepublikanoena, joan den asteazkenean, Kapitolioan. SHAWN THEW / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Hurrengo bi urteetan ez duteAEBetako administrazioa itxiko, eta, okerrik ezean, shutdown delakoa, beraz, ez da berriro gertatuko. AEBetako Kongresuak datozen bi urteetarako aurrekontu federalaren lege proiektua onartu zuen atzo, Washingtonen 05:30 zirela. Ordezkari errepublikano kontserbadoreenak ez zeuden ados bi aldeek adostutako proposamenarekin, eta Rand Paul senatariak Senatuko bozketa oztopatu nahi izan zuen; horregatik luzatu zen hainbeste bozketa, eta horregatik egon zen administrazioa bost ordu eta erdiz, atzera, itxita. Blokeoa bultzatu zuen Paulek, gastu publikoa 245.000 milioi euro handitzea onartu duelako Kapitolioak, eta neurri horren ondorioz administrazioaren defizita ia bilioi bat eurokoa izango delako. 245.000 milioi euro horietatik erdia baino gehiago (135.000) armadak jasoko du. «Gure armada inoiz baino indartsuagoa izango da orain», idatzi zuen Donald Trump AEBetako presidenteak Twitterren, behin lege proiektua sinatu eta gero.

Orain hiru egun, adostutakoaren berri eman zutenean, Chuck Schumer demokraten senatuko buruak nabarmendu zuen «alderdibikotasunaren arrakasta» dela akordioa. Alderdi Demokratak ez du bete, halere, duela hiru aste iragarritakoa. Urtarrilaren 20a zen aurrekontua onartzeko azken eguna, baina demokratek blokeoa bultzatu zuten, eta administrazioa ia hiru egunez itxita egon zen,demokratek adingabe papergabeei, ameslariak deitutakoei buruzko akordio bat egitea jarri baitzuten baldintza gisa shutdown-a bukatzeko. Mexikoren eta AEBen arteko harresia eraikitzeko dirua eskatu zuen Trumpek, trukean. Kontuak kontu, administrazioak ohi bezala funtzionatu du azken hiru asteotan, baina ez dute erabaki adingabe papergabeak babesten dituen DACA programari eustea.

Akordiorik lortu ezean, Washingtonek martxoaren 5ean baliogabetuko du AEBetara 16 urte baino gutxiagorekin iritsitako papergabeak babesten dituen programa. Datozen asteetan dira, hortaz, horri buruz hitz egitekoak. Barack Obama Etxe Zuriko aurreko maizterrak onartu zuen, dekretuz, 2012an, eta oraintxe 800.000 bat lagun daude deportazio arriskuan.

Paul Ryan errepublikanoak, ordezkarien ganberako presidenteak, herenegun adierazi zuen immigrazioari buruzko lege proiektu bat aurkeztuko dutela aurten, baina horrek Trumpen oniritzia eduki behar duela.«DACAren arazoa konponduko dugu», esan zuen Ryanek. Nancy Pelosi ordezkarien ganberako demokraten buruak ameslariak defendatu zituen joan den asteazkenean—hemizikloan emandako diskurtso luzeena izan zen, zortzi ordukoa—, eta akordioa blokeatzea bultzatu zuen.

Azkenean, baina, aurrera atera dute, bi alderdietan erabateko jarrera adostasunik ez egon arren. Senatuan, 71k alde bozkatu zuten, eta 28k kontra; eta, Ordezkarien Ganberan, 240-186 izan zen emaitza. Onartu dute 16.300 milioi euro azpiegituretarako erabiltzea, 4.900 opiodunen epidemiak eteteko neurrietarako, eta beste 4.700 haurren osasuna babesteko. Demokratak gustura daude diru sail horiekin. Trump ez, ordea: «Kongresuan errepublikano gehiago ez ditugunez, atsegin ez ditugun edo nahi ez ditugun gauzetan areagotu behar izan dugu gastua, azkenean gure militarrez arduratu ahal izateko». Bide batez, armadako beteranoentzako 3.200 milioi euro gorde dituzte. Kongresuko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak aurtengo azaroan egingo dituzte, eta Etxe Zuriko maizterrak hori izan zuen gogoan beste txio batean: «Errepublikano gehiago aukeratu behar ditugu 2018ko bozetan!».

«Hipokritak»

Bai batzuek eta bai besteek aurrekontuak onartzea izan dute helburu azken egunotan, egonkortasuna leheneste aldera. Paul Kentuckyko senatariak, baina, beste ikusmolde bat du, eta defizitak arduratzen du: gastu publikoan gertatuko den gorakadak. Gainontzeko senatariak gogaitu zituen, eta erantzun zien bere zeregina ez dela «maitatua» izatea. Gainera, «hipokrita» deitu zien ordezkari errepublikanoei, esanez krisi ekonomikoa zela medio Obamaren lehen agintaldian (2009-2013) kongresuan defizita gizentzeko erabakia hartu zutenean gogor egin zutelako presidente demokrataren aurka.

Hain zuzen, Obamaren bigarren agintaldian gertatu zen azkeneko shutdown sonatua. 2013ko urriaren 1etik 17ra itxita egon zen administrazioa, eta 800.000 bat funtzionariok lan egiteari utzi zioten egun horietan. Obamacare osasun sistemaren erreformak eragin zuen krisia. 1970eko hamarkadatik hemeretzi aldiz egon da itxita administrazioa. Praktikan, baina, ez du eragin kalte ekonomiko nabarmenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.