Laguntza, edo estrategia jokoa

Turkiako presidenteak adierazi du Siriako FSA matxino taldeko 1.300 borrokalari kurduen Kobane hirira joanen direla Estatu Islamikoaren aurka, baina PYD alderdiak hori onartu izana ukatu du
Leherketa bat Siriako kurduen Kobane hirian, atzo. Estatu Islamikoaren setioak 40 egun bete ditu.
Leherketa bat Siriako kurduen Kobane hirian, atzo. Estatu Islamikoaren setioak 40 egun bete ditu. SEDAT SUNA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 25
Siriako kurduen Kobane hiriari EI Estatu Islamikoak ezarritako setioak 40 egun bete ditu. AEBek diote aire erasoen eraginez EIren aitzinatzea «geldituta» dagoela. Kurduen miliziek (YPG Herriaren Babeserako Unitateek) gogor jarraitu dute borrokan, eta berriz ere Tal Xahir izeneko mendixka eta herrixka berreskuratu dituztela jakinarazi dute, Kobanetik bortz kilometro ekialdera. Aurki etortzekoa zaien laguntzaren zain daude. Turkiak Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergei utziko die mugatik Kobanen sartzen, baina Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak polemika sortu du bertze behin, ezustean jakinarazi baitu FSA Siriako Armada Askeko 1.300 kideri ere Kobanera igarotzen utziko diela. Erdoganek erran du Siriako kurduen alderdi nagusiak (PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak) oniritzia eman diola horri, baina PYDek berehalakoan ukatu du.

Izan ere, FSAren sarrerak pexmergenak baino are inplikazio politiko handiagoa sortuko luke. Siriaren ikuspegi arabiarzalea daukaten eta nagusiki islamistak diren taldeek jardun dute FSAren izenean, eta 2011n gerra lehertuz geroztik kurduen miliziekin liskar bat baino gehiago izan dituzte, kurduen lurraldeetan sartzen saiatu direlako. Mendebaldearen, Turkiaren eta Golkoko monarkien laguntzarekin sortutako egitura bat da FSA, hainbat taldek osatutakoa. Turkiatik jarduten duen buruzagitza bat badu, baina zalantzagarria izan da buruzagitza horrek Sirian dauden taldeengan eduki duen kontrola. Era berean, NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalaren nazioarteko babesleek nahi zuten erakunde horren adar armatua bihurtzea FSA. Ez zuten esperotako emaitzarik lortu, eta Siriako Gobernuaren aurka jarduten duten taldeen artean EIk, Al-Nusra Fronteak eta muturreko bertze talde islamistek hartu zuten abangoardia.

AEBek aspaldian interesa galduta zeukaten FSArekin, baina Barack Obama presidenteak EIren aurkako estrategia aurkeztu ondoren, badirudi sigla horiek berpizteko asmoa agertu duela — «matxino moderatuak» laguntzea da estrategiaren oinarrietako bat—. AEBek eta Turkiak EIren aurkako estrategiaren eztabaidan adostu duten puntu bakanetako bat da «matxino moderatuei» Turkian entrenamendua ematea.

«Harremana, ez akordioa»

«Obamari errana genion [Kobanera bidaltzeko] gure lehenbiziko aukera FSA zela, pexmergena baino lehen», adierazi dio Erdoganek CNNTurk kateari, Estoniatik. «PYDek erran du 200 pexmerga onartuko dituela. Badirudi FSAko 1.300 borrokalari ailegatzea ere onartu duela». Saleh Muslim PYDeko buruak hori ukatu dio, ordea, Reuters agentziari. «Harremanetan gaude FSArekin, baina ez dugu halako akordiorik egin». Muslimen ustez, FSAk bertze fronte bat ireki beharko luke EIren aurka, Kobanera indarrak bidali beharrean.

Kobaneren egoera larriak eta Turkiaren jarrerak mugimendu politiko adierazgarriak eragin ditu azken egunotan. Turkiak Siriako kurduei laguntza oro blokeatu die, PYD delako indar hegemonikoa, eta hori PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aliatua delako —Erdoganek «terrorista» deitu die biei, eta EIren pare jarri ditu—. Horregatik, Turkiak ez die muga pasatzen utzi Kobanera borrokara joan nahi duten iparraldeko kurduei, horrek PKK indartu dezakeelakoan. AEBentzat PKK ere «terrorista» da, baina PYDekin harremanetan jarri behar izan dira, Kobane erortzea saihesteko.

Baina PYDek ere, egoerak behartuta, mugitu behar izan du. Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidente Massud Barzaniren babespean Siriako kantoi autonomoetan boterea partekatzeko akordio bat egin du oposizioarekin, eta Turkiako mugatik Kobanera aldeko boluntarioak eta bertzelako laguntza ez zitzaiola ailegatuko ikusita, ontzat jo du pexmergak hedatzea. FSAren hedapenak, ordea, bertzelako eragin bat utz lezake.

FSAk Baxar al-Assad Siriako presidentea boteretik kentzea dauka helburu nagusitzat, eta PYDi leporatu izan dio Al-Assadi laguntzea. PYDek, ordea, ez du Siriako oposizioaren estrategian sartu nahi izan —bertzeak bertze, ez duelako jarrera argirik agertu kurduen burujabetza errespetatzearen alde—, eta kurduen eremuen defentsara mugatu du bere borroka hiru urteotan. AEBek ongi ikusiko lukete kurduek Siriako oposizioarekin bat egitea, eta azken asteotan ugaritu egin dira bi alde horien arteko hartu-emanak. Muslim PYDeko buruak berriki adierazi du, ordea, Kurdistandik kanpo ez dutela joko Al-Assaden aurka.

Tiroketa bat Turkian

Baina AEBekin eta PYDekin batera, Turkia ere mugitu da. Blokeoari luzaroan eutsi ondoren, pexmergen hedatzea onartu du. MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak Erdogan kritikatu du horregatik, kurduen batasuna indartuko duelakoan. Erdoganen itxaropenetako bat izan liteke pexmergak hedatuta Barzaniren eragina handitzea Siriako kurduengan, PKKren kaltetan. Baina Erdoganek nahiago du FSA, kontrol handiagoa duelako harengan, eta bere proiektu politikoarekin bat doalako.

Hala ere, Turkiako presidenteak bere mugen barnean badauka fronte bat, Kobanerekin erakutsitako jarrerak arriskuan paratu duelako PKKrekin trabatuta daukan bake prozesua. Abdullah Ocalan gerrillako buruzagi historikoak aste honetan prozesuarekiko konpromisoa berretsi du, baina tentsioa handia da. Turkiako Dogan agentziaren arabera, Armeniako mugako Kars probintzian gendarmeriak PKK-ko ustezko hiru kide hil zituen tirokatuta, atzo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna