Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea

Bidea, tresnak eta helburuak

Biharko galdeketan parte hartzen duen herritar kopuruaren garrantzitik abiatuta, kontsulta osteko jokalekuaz gogoeta egin dute Martin Aranburuk, Ana Rodetek eta Maria Colerak.

Martin Aranburu, Ana Rodet, Martxelo Otamendi eta Maria Colera, Vilaweb atariaren estudioan. PERE CARDUS.
jon olano
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Kataluniarentzat egun historiko bat izan daitekeenaren atarian, bertako egoera aztergai izan dute Bartzelonan bizi diren hiru euskal herritarrek, BERRIAk Kataluniako hiriburuan eta Vilaweb atariarekin lankidetzan antolaturiko mahai inguru batean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak aurkeztuta, Martin Aranburu politologoa, Maria Colera Intxausti itzultzailea eta Ana Rodet Iraola Bartzelonako Euskal Etxeko zuzendaria aritu dira.

Galdeketa bera abiapuntu, parte hartzea eta balizko hauteskundeak izan dituzte hizpide, besteak beste. «Bi partida» ari da jokatzen PP, Rodeten ustez. Bat: «Espainiako Gobernua banintz eta jende gutxik bozkatzea nahiko banu, ez nuke ezer egingo, eta agian jendea aspertu egin liteke». Horrez gain, ordea, beste bat nabari du: «Badira indarrak, [PPren gobernua] egin behar ez duena egitera bultzatzen dutenak».

Aranburuk parte hartzea jo du gakotzat, eta igandera bitartean Madrilek «beldurraren diskurtsoa» kudeatuko duela uste du: «Interpretazioa eta prozesuaren bultzada ezberdina izango da, 500.000 lagun edo hiru milioi bagoaz bozkatzera». Colerak, berriz, nabarmendu du ezker independentista hasieratik ari dela salatzen egungoa ez dela «herriak eskatu duen prozesua». Biharkoa «sasi-kontsultatzat» jo du, eta ez du alde handirik ikusten herriz herri egin zituzten galdeketen eta igandekoaren artean.

Plebiszitu bozei begira

Eta galdeketaren ondoren, zer? Aranburuk azpimarratu du hauteskundeek «beste urrats bat» izan behar dutela alde bakarreko independentzia adierazpena egin edo ez bozkatzeko, baina, testuinguru horretan, alderdi subiranistak «markarik gabeko zerrenda batean» aurkeztearen aldekoa da. Aukera hori ezinezkotzat jo du Colerak, argudiatuta CUPek ez duela zerrenda bateraturik osatuko «murrizketak egin dituztenekin».

Aranburuk, ordea, azpimarratu du kontsulta urrats bat dela; tresna bat, independentziaren aldeko gehiengorik ba ote dagoen jakiteko. Ez da «perfektua», baina, azaldu duenez, herritarrek independentziarekiko duten jarrera islatuko lukete: «Galdera horretan politika sozialen eta abarren inguruko eztabaidak nahastu nahi baditugu, izango dugun emaitza ez da izango independentziaren inguruko erantzuna». Espainiako legedia urratzeko unea parlamentuaren independentzia aldarrikapena izango litzateke, haren iritziz: «Desobedientzian, erabaki behar da noiz egin eta noiz ez».

Colerak ez du argi ikusten parlamentuak independentzia aldarrikatzearen aukera: «Berriro ere prozesua bahitu eta politikarien esku uzten da». Alde horretatik, bete beharreko erreferendum bat hobetsi du: «Horrek herriari ematen dio azken hitza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.