Hegaldatu aurretik jausia

Atzo zen hastekoa Latinoamerikako diktaduretako arduradunen aurkako epaiketa Italian, baina martxoaren 12ra atzeratu dute.Akusatuetako asko jada zigortuta daude 'Kondor planarengatik'

Samara Velte.
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Abiatu baino lehen trabatu da Kondor planaren aurkako auzia Italian. Latinoamerikako diktaduren aurkako prozesu judizialekin gertatu ohi den moduan, Europan ere lortu du defentsak epaiketa etetea, eta Erromako Zigor Auzitegiak martxoaren 12ra atzeratu du lehenbiziko saio ofiziala. Denera, Latinoamerikako 32 kargudun militar eta politiko ohi epaitzen hasi behar zuten atzo: italiar jatorriko 23 lagun hiltzea edo desagerraraztea egozten diete. 1970eko eta 80ko hamarkadetako diktaduretako hainbat arduradun garrantzitsu daude inputatuen artean; Uruguaiko Junta Militarreko hamasei, Txileko 11, Peruko lau eta Boliviako bat. Dena den, bakarrak onartu du epaiketan deklarazioa ematea.

Guztiei egozten diete Hego Konoko errepresio sare zabal eta bortitzenetakoan parte hartzea. Kondor plana Txileko estatu kolpearen ostean hasi zuten Latinoamerikako diktadura militar nagusiek, ustez Augusto Pinochet Txileko estatuburuaren ekimenez eta CIArenbabesarekin. Trebatze estrategiak eta baliabide militarrak partekatzeko informazio sare bat osatu zuten, beste herrialdeetan errefuxiatutako militante, gerrillari eta oposizioko kideak —edo gobernuek disidentetzat jotako edonor— atxilotzeko. Txile, Brasil, Paraguai, Uruguai, Bolivia eta Argentinako diktadurek hartu zuten parte, baina azken horretan gertatu ziren bahiketa gehienak eta tortura kasu ezagunenak. Denera 50.000 lagun baino gehiago hil zituzten, eta beste 30.000 ez ziren sekula agertu.

Jatorria helduleku

Biktimen senideak bide ugaritatik ahalegindu dira kasu horiek argitzen eta errudunak Justiziaren aurrera eramaten. Latinoamerikan bertan zailtasun handiak izan dituzte erretiratutako militarrak epaitzeko —teknikoak zein politikoak—, batez ere diktaduraren osteko lehenbiziko urteetan. Horregatik, italiar jatorriko biktimen senide batzuk Erromako auzitegietara jotzen hasi ziren 80ko hamarkadaren hasieran. Italian, ordea, ez zen «desagerraraziaren» figura juridikoa existitzen, eta gorpurik gabe ez zuten auzirik zabaldu nahi izaten.

Azkenean, familia gehiago elkartu, eta 1999an lortu zuten Giancarlo Capaldo fiskal italiarrak ikerketari heltzea. Hamar urte baino gehiago igaro zituzten aztarnak eta frogak biltzen, eta 146 arduraduneko zerrenda bat osatu zuten, tartean Argentinako diktadurako 59 kide. Horietatik guztietatik, ordea, 32 baino ez ditu inputatu Erromako epaileak. Alde batetik, asko hil egin direlako tarte horretan; bestetik, Argentinak ez dituelako bere herritarrak Italiaren esku utzi nahi izan: ez die akusatuei Italiatik heldutako deialdia helarazi, eta estradizio eskaerei ere uko egin die. Iturri diplomatikoek Página12 egunkariari azaldu izan diotenez, Buenos Airesek nahiago du orain nazioarteko epaiketak alde batera utzi, Argentinan bertan izaten ari direnak «ahuldu» ditzaketelako: «Lekuko berberak eta froga berberak erabiliko lirateke, eta horrek ez leukake zentzurik». Capaldo fiskalak kargu hartu dio horregatik Buenos Airesi, eta gogora ekarri du Argentinakoa izan dela auzian lagundu nahi izan ez duen gobernu bakarra.

Italian epaituko dituztenen artean Pinocheten gobernuko arduradun ezagunak daude; besteak beste, Sergio Arellano Stark, preso politikoak sistematikoki hiltzen zituen Heriotzaren karabanaren zuzendaria; Manuel Contreras, DINA zerbitzu sekretuetako burua; eta Daniel Aguirre, CNI Inteligentzia Agentzia Nazionaleko burua. Francisco Morales Bermudez ere zerrendan dago; 1975etik 1980ra Peruko estatuburu izan zen. Uruguaiko diktadurakoetatik, Juan Carlos Blanco auzipetu dute, 1973tik 1976ra Atzerri ministro izandakoa, eta hainbat militar.

Guztiak Italiatik kanpo bizi dira gaur egun—uko egin diote bideo konferentziaz deklaratzeari, eta ofiziozkoabokatu batek ordezka- tu ditu lehenbiziko saioan—, bat izan ezik: Jorge Nestor Troccoli, Uruguaiko Itsas Armadako Inteligentzia Zerbitzuetako buruzagi ohia. Hura Italian bizi da, hango naziotasuna du 2002tik, eta gutxienez sei hilketaren erantzukizuna egozten diote. Montevideoren eskariz atxilotu zuten behin, 2007an, baina, lau hilabete preso eduki ostean, aske utzi zuen Italiako administrazioak, Uruguairen estradizio eskaerari uko eginda. Hain zuzen ere, Troccoli izan da epaiketaren hasieran bertan izan den akusatu bakarra; besteen kasuan ez bezala, konfiantzazko abokatuek ordezkatu dute bera.

Biktimentzat, ziurrenik horixe izan da Italiako auziaren lorpen bakarrenetarikoa: Troccoli auzipetuen aulkian ikustea. Haietako asko epaiketan bertan zeuden atzo, batzuk propio Latinoamerikatik joanda. Europako zenbait estatuk hasi izan dituzte Latinoamerikako diktaduren aurkako ikerketak, baina gehienetan bertakoak zirenean biktimak.

Nolanahi ere, itxaropenak ez zuen asko iraun: saioa hasi bezain pronto argudiatu zuen defentsak ezin litekeela pertsona bera delitu beragatik bi bider epaitu, eta auzipetuetako asko jada prozesu judizialetan edo zigortuta daudela Kondor planarengatik. Evelina Colella epaileak ez du nahiko arrazoitzat jo auzia bertan behera uzteko, baina hurrengo hilera atzeratu du akusazio partikularrak aurkezteko hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.