Hartu bai, baina aldi baterako

Indonesiak, Malaysiak eta Thailandiak migratzaileen ontziak hartzea onartu dute, baldintzekin: nazioarteari eskatu diote urtebeteko epean migratzaileak aberriratzeko edo beste nonbait kokatzeko

Indonesian atzo lehorreratu zuten joan den astean Thailandiak sarrera galarazi zion ontzia; 400 migratzailek bidaiatzen zuten, egoera kaskarrean. STR / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Jarrera aldatu dute Indonesiak, Malaysiak eta Thailandiak. Migratzaileen ontziak blokeatzeari utziko diote, eta Andamango itsasoan nora ezean dabiltzan 7.000 bat lagun berehala hartzeko eta giza laguntza emateko prest agertu dira, orain arte ez bezala. Baina baldintzak jarri dituzte: nazioartearen finantzaketa jaso nahi dute, eta hari eskatu diote gehienez urtebeteko epearen buruan migratzaileak aberriratzeko edo beste nonbait kokatzeko. Anifah Aman Malaysiako Atzerri ministroak ohartarazi du migratzaileak hartuko dituztela soilik baldintza horiek betetzen badira. Myanmarretik eta Bangladeshetik ihesera emandakoak dira gehienak; batzuk jazarpen etnikotik babes bila, beste batzuk miseria atzean utzi nahian. Giza eskubideen aldeko erakundeek, oro har, aurrerapausotzat jo dute erabakia, bainazalantzak plazaratu dituzte epeari dagokionez.

Kuala Lumpurren bildu diraMalaysiako, Indonesiako eta Thailandiako Atzerri ministroak,Andamango itsasoko giza krisia aztertzeko. Hasiera batean soilik lehen bi herrialdeek hartu dute migratzaileak aldi baterako hartzeko erabakia. Thailandiak ez ditu bere bizilagunen konpromisoak hartu, baina geroago esan du ez dituela migratzaileen ontziak bueltan itsasoratuko eta giza laguntza emango diela.

Asia hego-ekialdeko migratzaileekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek proposamenaren argi-ilunak nabarmendu dituzte. Lilianne Fanek,Overseas Development Institute erakundeko ikerlariak, azaldu du ez dela «errealista» aberriratzeko emandako urtebeteko epea. «Gauza asko aldatu beharko lirateke denbora horretan», esan dio Espainiako Efe agentziari. Gainera, haren ustetan okerra da Indonesiak eta Malaysiak eginiko planteamendua. «Nazioarteak lagundu egin behar du, baina presioa Myanmarko Gobernuaren gainean egon behar du».

Human Rights Watch erakundeak nabarmendu du garrantzitsuena itsasoan dabiltzan migratzaileei babesa lehenbailehen ematea dela. Phil Robertson erakundeko Asiako ordezkariak hizpide izan du Thailandiak migratzaileak hartzeko erakutsitako uzkurtasuna. «Ustelkeria kasuak izan dira armadan, giza trafikoarekin lotutako ofizialak. Egongo da prozesua zapuztu nahi duenik».

NBEren arabera, 88.000 lagunek ihes egin dute iaztik Myanmartik eta Bangladeshetik.Aurtengo lehen hiru hilabeteetan bakarrik 25.000 migratzaile itsasoratu dira. Gainera, uste da 2.000 inguru hil direla bidaiako baldintza kaskarrengatik edo trafikatzaileen tratu txarrengatik. Ihesera emandako asko rohingyak dira, Myanmarren baztertutako gutxiengo etniko musulman bat. Gobernuak ez die herritartasuna aitortzen, eta baztertuak eta muturreko budisten jomuga izan ohi dira.

Giza eskubideen aldeko erakundeek ohartarazi dute jatorriko herrialdeen arazoa konpondu artean ez dela migratzaileen uholdea amaituko. Myanmarrek prozesu demokratikoa bete zuen, eta boz orokorrak egin zituen 2010ean, baina nazioarteak iruzurtzat jo zituen. 1962. urtetik herrialdean agindu duen junta militarraren gertukoa da Thein Sein egungo presidentea eta buruzagi militar ohia.

Myanmarko Gobernuak «kezka» agertu du itsasoan harrapatuta dauden milaka migratzaileengatik, eta adierazi du giza trafikoaren aurkako neurriak hartu dituela. Halere, kaleratutako oharrean ez dio inongo aipamenik egin rohingya etniari. Oposizioko NLD Demokraziarako Liga Nazionalak gobernua kritikatu arren, ez du gutxiengo etnikoekiko jarrera bereziki ulerkorra izan azken urteetan. Aung San Suu Kyi alderdiko buruari egotzi izan diote rohingyen eta beste etnia baztertuen alde ez lerratzea.

Thailandiako armada

Azken asteetan, 3.000 bat myanmartar eta bangladeshtar ailegatu dira Andamango itsasoko uretara, baina horietako asko bueltan itsasoratu dituzte. Atzo Indonesiako Aceh probintzian lehorreratu zuten 400 migratzaile zeramatzan ontzi bat, arrantzaleen laguntzaz. Joan den astean Thailandiako uretan ikuskatu zuten berbera da. Orduan, Thailandiako itsas armadak motorra konpondu eta elikagaiz eta erregaiz hornitu ostean kanporatu egin zuen. BBCko berriemaileak osasunerako baldintza oso txarretan aurkitu du ontzia.

Izan ere, Thailandiako armadarentzat rohingyak ez dira iheslariak, legez kanpoko migratzaileak baizik. Udombet Sitaburt armadako buruzagiak rohingyak eta Myanmarko beste etnia batzuk desberdindu ditu. «Rohingyak ez datoz gerratik ihesi». Haatik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak etnia horretako 45.000 lagun errefuxiatu gisa izendatuak ditu Malaysian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.