Siria jokaleku berrirako prestatzen hasi da, EI azkenetan egonik

Siriako Gobernuak ontzat jo du oposizioarekin Sotxin biltzeko proposamena. Trantsizio politikoan Al-Assadek «inongo rolik» ez jokatzea nahi du oposizioak. Irakek EIren aurkako erasoaldia abiatu du

Rohani, Putin eta Erdogan, Siriarako bake konferentzia adosteko eginiko bileraren ostean, herenegun, Sotxin. MICHAEL KLIMENTYEV / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Siriako gerra beste bide bat hartzen ari da, EI Estatu Islamikoaren kalifa herria azkenetan den honetan. 2011n hasitako gerra zibilari amaiera emateko asmoz, Errusiako presidente Vladimir Putinek kongresu bat egin nahi du, Sotxin (Errusia), Sirian elkarrizketak sustatzeko. Putinek Irango presidente Hassan Rohani eta Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen babesa lortu du horretarako.

Siriako Gobernuak ontzat jo zuen proposamena atzo, SANA Siriako albiste agentziak argitaratu duenez. Eta Atzerri Ministerioak azaldu duenez, bat egiten du Siriako presidente Baxar al-Assadek eta Putinek atelehenean eginiko bileran adostutakoarekin. Al-Assaden aholkulari Bouthania Xaabanek, berriz, oposizioaren gain jarri du kongresua aurrera eramateko erantzukizuna: «Kongresuaren arrakasta oposizioko hainbat taldek indarkeria geratzearen menpe egongo da».

Putinek Al-Assaden gobernuaren eta oposizioaren «partaidetza eraikitzailea» sustatu nahi ditu Sotxin. Kongresuaren helburuak «etorkizuneko estatu egitura, konstituzio berri bat eta hauteskundeak deitzea» dira, NBE Nazio Batuen Erakundearen begiradapean.

Hiru agintariak, ordea, ez zirengai izan data eta parte hartzaileen zerrenda adosteko, eta hiru estatuetako Defentsa eta Atzerri ministerioek hartuko dute lan hori. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdi kurduaren eta bere adar armatu YPG Herri Babesaren Unitatea miliziaren parte hartzeak eragin ditu alderdien arteko gatazkak. Errusiak «talde etniko, erlijioso eta politiko guztiak»nahi ditu kongresuan. Erdogan, berriz, aurka dago. «Ezin dugu eragile legitimotzat hartu eskuak odolez zikinduta dituen talde terrorista bat», adierazi zuen, milizia kurduari erreferentzia eginez. Eztabaida bera izan da iraganean hainbat bake prozesu atzera botarazi dituena.

Kongresua Genevako elkarrizketetarako —NBEk bultzatutakoak—«suspergarri» izatea nahi du Putinek. Izan ere, Siriako oposizioa azaroaren 28ko elkarrizketa horiek prestatzeko bildu da egunotan Riaden. Guztira 140 lagunek hartu dute parte, tartean FSA Siriako Armada Askeko kideek. FSA Damaskoren aurkako milizia handiena da.

Oposizioak atzo adierazi zuen «trantsizio politiko erradikal bat» behar duela Siriak, «sistema autoritario batetik» demokraziara igarotzeko. Prozesu horretan Al-Assadeek «inongo rolik» jokatu behar ez duela defendatu zuten.

Sei urteko gerra

2018. urtearen hasieran zazpi urte beteko dira Siriako Gobernuaren aurkako matxinada hasi zenetik, geroago gerra zibila eragingo zuena. Ordutik, ehunka milaka lagun hil dira herrialdean eta II. Mundu Gerratik izan den errefuxiatu krisi handiena gertatu da, hamaika milioi desplazaturekin.

Gobernuaren aurkako oposizioak AEBen, Turkiaren eta Saudi Arabiaren babesa jaso zuen hasieratik, tartean EIk eta Al-Nusrak—lehen Al-Qaedari lotua— ere jaso dituzte hiru estatu horien laguntzak.

Oposizioak Al-Assad kargugabetzea zuen helburu, baina 2015ean Errusia Sirian sartu zen, Siriako presidenteak eskatuta. Moskuren eta Teheranen laguntzak egoera aldatu zuen, eta hiri garrantzitsuenen kontrola berreskuratu du Damaskok, baita lurraldearen zati handiena.

Azken urtean Astanako elkarrizketak abiatu dituzte gobernuak eta oposizio «moderatuak», Iranen, Turkiaren eta Errusiaren begiradapean. Elkarrizketek eremu seguruak eta su-etenak gauzatzea izan dituzte helburu. Sotxiko kongresuak elkarrizketek abiatutako bidea jarraitzea nahi dute Putin, Erdogan eta Rohanik.

Bide batez, Errusiako armadako Valery Gerasimov jeneralak azaldu du Sirian dauden Errusiako tropak murriztu egingo direla laster, «baliteke urte amaiera baino lehen izatea».

Kalifa herria desagertzear

Putinek asteartean adierazi zuen Damaskok Siriako lurraldearen %98 kontrolatzen duela. Beraz, 2014an EIk Sirian eta Iraken eraiki zuen kalifa herria azkenetan da, bi estatuen arteko mugako basamortura mugatua.

EIren aurkako gerra Deir ez-Zor probintzian ematen ari da Sirian, ekialdean. Hiri handienak—Deir ez-Zor, Al-Mayadin eta Al-Bukamal— berreskuratu ditu Siriako armadak, Errusiako abiazioaren, Hezbollahen eta Irango Guardia Iraultzailearen laguntzarekin.

Armadak probintziaren %52,1 du bere esku, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera—Erresuma Batutik egiten du lan—. EIren aurka egiten ari den bigarren indarrak, SDF Siriako Indar Demokratikoak —nagusiki milizia kurduez osatua, etaAEBen babesarekin—,%37,7 kontrolatuko luke, eta beraz, Estatu Islamikoak %10,2 besterik ez.

Mugaren bestaldean, Bagdadek bere ofentsibaren bigarren fasea abiatu zuen atzo, Irakeko mendebaldeko basamortu eremuetan. Irakeko lehen ministro Haidar al-Abadik esan zuen «Irakeko herritar guztien garaipena» gertu dagoela: «Iraken EIrekin amaitu dugu militarki, eta gure herri eta hiriak askatu ditugu».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.