'Brexit'-eko lege proiektuari baietza eman dio Komunen Ganberak

Kontserbadoreek eta DUPek bozkatu dute proiektuaren alde. Agiriak Lorden Ganberatik igaro beharko du orain. 'Brexit'-a gauzatuta ere, berriz EBra itzultzeko atea ireki dio Bruselak Londresi

Theresa May eta Jean Claude Juncker, brexit-aren inguruko bilera baten ostean, abenduan, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunetik ateratzeko lege proiektuaren hirugarren irakurketa onartu zuten Erresuma Batuko Komunen Ganberan, atzo. Theresa May lehen ministroak 324 parlamentariren babesa jaso du, aurka bozkatu duten 295en aurrean. Alderdi Kontserbadorean ez da gobernuaren aurkako mugimendurik egon, eta Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren babesarekin egin diete aurre oposizioaren emendakin saiakerei. Era horretan, onartuta geratu da bigarren irakurketan gehitutako emendakina: parlamentuak brexit-eko akordioaren azken hitza izango du.

Negoziazioek egungo bide bera egiten badute, Londresek 2019ko martxoan utziko du EB. Lege proiektu hori ezinbestekoa da Mayren gobernuaren estrategia aurrera eramateko. Horregatik, bozketaren aurretik, kontserbadoreek «batasuna» mantentzeko eskatu diete euren diputatuei. Alderdiko presidente Brandon Lewisek EBtik kanpo geratzean legedia bermatzeko «pauso garrantzitsuena» dela azaldu zuen, eta laboristei ere hura babestearen edo «kaosaren» artean aukeratzeko adierazi zien. Laboristek, ordea, ez zuten Mayren proiektuaren alde egin. Alderdiko brexit-erako idazkari Keir Starmerrek adierazi zuen ez dela «aproposa» duen helbururako.

Lege proiektuak Europako Batasuneko legediari amaiera ematea du helburu, hura Erresuma Batuko legedira txertatuz, irteera gauzatzen denean trantsizio «lasai bat» egon dadin. Mayk babes nahikoa lortu du, baina hilabete amaieran Lorden Ganberatik igaro beharko du proiektuak, eta kontserbadoreek ez dute gehiengorik han. Diputatu kontserbadore europazale Ken Clarkeren ustez, «aldaketa asko» egingo dizkiote lordek. «Ilusiotzat» jo du lege proiektua arazorik gabe onartua izango zen ideia ere.

Ez da brexit-aren inguruan Londresko Komunen Ganberan bozkatzen den lehen aldia, eta Theresa Mayk ez du babes bera izan guztietan. Kolpe gogorrena abenduan jaso zuen gobernuak. Brexit-a gauzatuko duen azken akordioa parlamentuak onartu beharko lukeen edo ez bozkatu zuten, eta Alderdi Kontserbadoreko hainbat kidek oposizioarekin bat egin zuten azken erabakia Komunen Ganberaren esku egon dadin. Atzo onartutako brexit-eko lege proiektuari emendakin bat jarriz egin zuten. Era horretan, Erresuma Batuko Gobernuak ezingo du Europako Batasunarekin sinatuko duen akordioa indarrean jarri, diputatuen gehiengoaren babesa ez badu.

Iritziz aldatu zain

Europako Batasunak, ordea, ez du brexit-a eteteko esperantza galtzen. Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juncker Erresuma Batua EBren barruan geratzearen inguruan aritu zen atzo. Junckerren ustez, irtenda ere, berriz sartzeko ateak irekita edukiko lituzke Londresek: «Berriz sartzea baimendu dezakegu, eta nik poztasunez erraztuko nuke hori». EBko itunaren 49. artikuluari erreferentzia eginez adierazi zuen, estatu kide berrien sarrera arautzen duena. Orain arte, 50. artikulua zen ezaguna Erresuma Batuan, estatuen irteeraren ingurukoa.

Juncker ez da Erresuma Batuak EB barruan jarraitzearen alde agertu den bakarra. Herenegun, antzera mintzatu zen Europako Kontseiluko presidente Donald Tusk, eta Erresuma Batuko brexit-erako ministro David Davisen hitzak ekarri zituen gogora: «Demokrazia batek ideia aldatu ezin badu, demokrazia izateari uzten dio».

Baliteke EBko ordezkariak oker ez egotea, bigarren erreferendum bat egitearen ideia Londresera iritsi baita. UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia euroeszeptikoko lider ohi Nigel Faragek jarri zuen aukera mahai gainean, «gaia belaunaldi oso batez hiltzeko». Atzo, ordea, galdeketaren aurka agertu zen europarlamentaria. Irlandako lehen ministro Leo Varadkarren aurrean egin zuen, Europako Parlamentuan.

Faragek Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blairrekin eta Erresuma Batuko Alderdi Liberal Demokratako buru Nick Cleggekin batera lanean aritzea leporatu zion Varadkarri, Erresuma Batuak irteerarako «ahalik eta akordio txarrena» lortzeko.

Irlandako lehen ministroak azaldu zuen galdeketa berri bat ez litzatekeela demokraziaren aurkakoa izango: «Ez dut uste demokraziaren aurkakoa denik inork bere ideiak aldatzea, edo bigarren bozketa bat egitea. Halere, bigarren erreferendum bat egiteko erabakia Erresuma Batuko Parlamentuarena eta herritarrena bakarrik izan daiteke». Varadkarren iritziak pisu handia du brexit-eko negoziazioetan, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga negoziazioen puntu delikatuenetako bat baita.

Londresko gobernua, ordea, ez dator bat erreferendum berri baten ideiarekin. Boris Johnson Atzerri ministroak garbi azaldu zuen: «Ez litzateke bigarren erreferendum bat egin beharko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.