Egoera «normalizatu» arte, Madrilek Generalitatearen kontuak zainduko ditu

Nahiz eta 155.a kendu, Kataluniako Gobernuak gastuen berri eman beharko dio hilero Espainiakoari. Torrak eskatu dio Sanchezi Kataluniarentzako proiektua zehazteko eta «presaz» bilera batera deitzeko
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea atzo Estremerako kartzelan, komunikabideen aurrean adierazpenak egiten.
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea atzo Estremerako kartzelan, komunikabideen aurrean adierazpenak egiten. FERNANDO VILLAR / EFE

Igor Susaeta -

2018ko ekainak 5
Kito. Katalunian gobernu berria osatu dute, gobernu «eraginkorra», eta, zazpi hilabete pasaren ondoren, Madrilek kendu egin du handik Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua. Beraz, Generalitateak autogobernuaren kontrola berreskuratu du, eta adierazpen bat bidali zien atzo bere departamentu guztiei, horren berri emateko. Baina, 155.a indarrean izan ez arren, Espainiako Gobernu berriak Kataluniakoaren kontuak zaintzen jarraituko du, 2015eko azarotik iazko irailera arte egin zuen gisara. Ezohiko neurri bat da, prozesu subiranista abiadura hartzen hasi zenean PPren gobernuak ezarritakoa. Hortaz, nahiz eta boterean PSOE egon, Generalitateak zer gastu egiten dituen jakinarazi beharko dio hilero Espainiako Ogasun Ministerioari.

Pere Aragones Generalitateko presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak joan den larunbatean adierazi zuen Espainiako gobernu berriak bertan behera utzi beharko lukeela neurri hori ere. Egindako eskariari atzo erantzun zion Jose Luis Abalos PSOEko antolakuntza idazkariak. «Generalitateko kontuek esku hartuta jarraituko dute», nabarmendu zuen telebista saio batean egin zioten elkarrizketan. Abalosen esanetan, hala egongo dira egoera politikoa «normalizatu» bitartean. «Egoerak aurrera egiten badu eta normalizatzen bada, normala da dena normalizatzea», gehitu zuen, eta ohartarazi, gainera, Generalitateak «legea»betetzen duela zainduko duela Madrilek. Horri buruz mintzatu zen Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia, eta azpimarratu zuen egoera aldatzeko ezinbestekoa dela Generalitateak «legea» beteko duela bermatzea.

155.a PPren gobernuak ezarri zuen urriaren 27an, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen egunean, eta, joan den udan PSOEk begi onez ikusten ez bazuen ere, babestu egin zuen gero, are Quim Torrak Generalitateko presidente kargua hartu zuenean ere. «Gobernu berriak Torrak iragarri duen bidea hartzen badu, irmo aplikatuko da; bai, noski», esan zuen Pedro Sanchezek joan den maiatzaren 15ean, artean Espainiako presidente ez zenean.

Orduan, Madrilek kontuak kontrolatzeari dagokionez, Generalitatea iazko ekaineko egoeran dago. Esku hartze ekonomikoa FLA Likidezia Funts Autonomoak ezartzen duen kontroletik haragokoa izango da oraindik ere. 155.a indarrean ez egonda ere, kontrola askoz ere itogarriagoa izaten hasi zen irailaren erdialdetik aurrera, parlamentuak Deskonexio Legea onartu eta gero, erreferenduma ate joka zegoela. Gero, 155.a aplikatu zutenean, Madrilek hartu zuen Generalitatearen gastu administratibo guztien ardura. Kataluniako Gobernuaren esku dago hori berriro, baina Madril gainean izango du.

Bien bitartean, Torrak Sanchezi elkarrizketa eskaintzen jarraitzen du. Generalitateko presidentea Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull eta Raul Romeva politikari presoekin bildu zen atzo Estremerako kartzelan, eta gero «urgentziazko» bilera batera deitzeko eskatu zion Espainiako presidenteari. «Kataluniarentzako zer proiektu duen jakin nahi dugu». Eta beste mezu bat bidali zion Sanchezi: «Hitz egiteak negoziatzea esan nahi du».

Horren harira, Abalosek azpimarratu zuen PSOEk «lurraldearen batasuna» defendatzen jarraitzen duela, eta independentziaren kontra dagoela. Gaineratu zuen ez dagoela «akordiorik» Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioan Kataluniako subiranisten babesa jasotzearen truke.

Torra herenegun ere mintzatu zen komunikabideen aurrean, TV3n, eta berriro esan zuen errepublika bat sortzea duela «helburu», baina orain «trantsizio une batean» daudela.

Puigdemontekin Alemanian

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia joan den martxoaren 25ean atxilotu zuten, Alemanian, eta orduan harekin zeuden lau pertsonak ikerketapean daude, ezkutatze delitu bat leporatuta. Horietako hiruk —bi mossok eta Josep Lluis Alay historialariak—Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten atzo, eta epaileak kautela neurririk jarri gabe utzi ditu aske. Jose Maria Matamala enpresaria ere deituta zegoen, baina ez zen agertu, ez baitzuen zitazioa jaso.