'Petti Buhame'-k kolorez eta alaiki gogoraraziko ditu gizarte makurrak

Garindaine herriak heldu den igandean eta agorrilaren 3an taularatuko du Pier-Paul Berzaitzen pastorala.Buhameek edo ijitoek jasandako gaitziritzia eta bazterkeria salatzen du trajeriak

Ballet alaiak ikusteko aukera izango da igandeko pastoralean; buhameenak, esate baterako. ALLANDE SOKARROS.
Garindaine
2014ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Eta, azken batean, euria etorri zen 17:30ean, 15. jelkaldia amaitzen ari zela, Garindaineko Ürrüpera trinketaren gibelaldean jarritako Petti Buhame pastoralerako agertokian !... Oxkaxeko lepo aldera—mendebaldera—, geroago eta goibelago egiten ari zen zerua, eta haize ufadak ere beti eta basatiagoak ziren. Euriak bere burua gonbidatu zuen, beraz, Garindaine herriak datorren igandean —uztailaren 31— eta agorrilaren 3an emango duen trajeriako mustraka nagusiaren denboran. Saio hori ikusgarriko jauntziekin egiten da, ikusliar gehienak oholtzara igotzen ez diren baina pastoralaren egunean laneko izango diren herritarrak direlarik.

Euri erauntsia hasi zelarik, aktore eta ikusleak aterpedunetara joan ziren, eta aterrune bat egon zedinaiduru egon. Ordu erditxo baten buruan halaxe gertatu zen, 16. jelkaldia antzezten hasteko doia... baina euriak berriz ere pastoraleko protagonista nahi izan zuen sartu. Eguzkia ere bazen, haatik, euri tantekin batera... «Azeriaren eta oiloaren ezteiak», alo, erran zaharrak dioenez! Azkenean, dantzarientzat eta taula-jokoen emateko oholtza bustiegia baitzen, artzainen jelkaldia bakarrik egin zen beste aterrune baten karietara. Hori beharrezkoa bezala zen, ardiak apur bat ohituta egon daitezen, pastoralaren egunean gertatuko den bezala, jendeen artean pasatzera. Joan den igandeko mustraka nagusian, ikusliarren papera artzainez kanpoko beste aktoreek egin zuten !

86 aktore eta 20 dantzari

Mustraka nagusiari traba egin zion, beraz, eguraldiak. Haatik, Petti Buhame pastoralaren atonketan ia urte erdiz diharduten 86 aktoreek, Mixel Arrotze Zartantxü errejentak, Jean-Louis Aranbürü Bidabe kantarien trebatzaileak eta Pier-Paul Berzaitz trajeriaren idazleak zein ere antolaketan eskuhartu dutenek ez zuten urduritasun handirik erakutsi. Trebaldia bertan behera uztera behartu aurretik egin ziren jelkaldietan nahiko argi ikusi zen aktoreak prestik daudela, bai taula jokoetan, bai satanen ateraldietan, bai balletean, bai kantu emateetan. Abestiei dagokienez, 11ren entzuteko gozamena izango du jendeak, Pier-Paul Berzaitzek ondutakoak, sail horretan ezagutzen diogun dohain paregabearekin. Pastoraleko jelkaldiak amaitu, sortida gauzatu eta azken perediküa eman ostean kantatu ohi den azken abestia, haatik, Garindaineko seme Frantxoa Elixondobordak ondutakoa da.

Pier-Paul Berzaitzek idatzitako pastoralak koloretsuak eta erritmo bizikoak izan ohi dira, eta halaxe izango da Petti Buhame ere. Koloretsu, protagonista nagusiak diren buhameen jauntzietan, baita oholtzan antzeztuak eta dantzatuak izango diren jaietan ere. Hala, ballet alaiak ikusteko aukerarik izango du jendeak, lan berezi horretan Garindaineko dantzari irakasle oso trebatuak diren lau neskalaguntzaile izan ditu Mixel Arrotze errejentak. Arrotze ere Garindaineko seme da, eta herri honek pastoralaren historia garaikidean eman duen errejent ospetsu bati segida hartu zion 2001ean, Etxahun Iruri pastoralean, hots, Battitta Ürrüti errejent maisuaren segida. Pastoral oso baten arduran lehendabiziko aldia du, beraz, Mixel Arrotzek, baina pastoralaz asko daki, zeren eta bost aldiz izana baita aktore, eta bereziki hiru aldiz süjet edo protagonista nagusi, zehazki Abadia Ürrüstoi (1990), Iruriko Jaun Kontea (1992) eta Sabino Arana (1996) pastoraletan.

Gizarte bidegabekerien isla

Koloretsua eta alaia da, bai, Petti Buhame pastorala, baina gizarte bidegabekerien isla ere bada. Euskal Herrian kokatu ziren buhame edo ijitoek gizarte «ondo» antolatuaren, hots, jatorrizko jendearen gaitziritzia edo gutxienez bazterketa pairatu zuten. Pentsatzekoa da halaxe izan zela gehienbat Garindaineko Arrokain Zabala auzoan bizi ziren buhameen zortea, nahiz eta urteak pasatu ahala, gizarte ezberdinkeria horiek ezabatu. Gizartearen makurkeria horien gogoraraztea ere behartuko du, baina, Petti Buhame trajeriak.

Pastoral honetako istorioan, beraz, Petti mutil eder bat da, herriko familia aberats bateko alabarekin hasten dena. Ederra bai..., baina buhame leinukoa eta familian horrelakorik egotea ez du inondik inola ere entzun nahi Aiñez Bidegorri neskatilaren aitak. Hark, bere eragin eta botereari esker, Petti espetxera dezaten lortuko du. Presondegitik aterako denean, Petti buhamea Baionarat aldenduko da, eta han Agosti Xaho zuberotar politikari, idazle eta kazetari ospe handikoaren zerbitzuan jarriko da, eta harekin hainbat gertakari biziko ditu, hala nola 1848ko iraultza, Baionan. Gerorago, Euskal Herriko hainbat eta hainbat seme-alabaren gisara, Petti Ameriketara erbesteratuko da eta atzerri urrunean zenduko da, sorterria berriro ikusi gabe.

Horra istorioa, labur aipatuta, pastoral bat ez baita kontatzen, bizitzen baizik. Egokiena da egun osorako etortzea, benetako jaiegun herrikoi batean parte hartzeko: 10:30ean, meza, pastoraleko aktoreek abestuta; 11:30ean, karriken itzulia, aktore taldearekin; 12:30ean, bazkaria, Zuberoako ikastolek adelatua; 15:30ean, pastoralaren agerraldia; 20:30ean, afaria, Garindaineko eskola publikoko gurasoek adelatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.