Turkiak Kobanera igarotzen utziko die Irakeko kurduen pexmergei

AEBek airetik armak eman dizkiete Siriako kurduen hiria defendatzen ari diren YPG Herriaren Babeserako Unitateei, baina miliziek ohartarazi dute ez direla «nahikoa izanen borroka irabazteko»
Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmerga indarrak, artxiboko irudi batean.
Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmerga indarrak, artxiboko irudi batean. MOHAMMED MESSARA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 21
Siriako kurduen Kobane hiria defendatzen duten miliziek egunotan EI Estatu Islamikoa gibelera bultzatzea lortu dute, AEBen aireko erasoen laguntzarekin. EIk setioari eutsi dio, ordea. Kurduek Turkia egin dute egoeraren erantzule, laguntza orori muga itxi dielako, baina Ankarak adierazi du prest dagoela zirrikitu bat irekitzeko: Irakeko kurduen pexmerga indarrei Kobanera igarotzen utziko die. AEBek eta Kobaneko ordezkariek jakinarazi dute hegazkinetatik armak eta medikuntzako materiala helarazi dizkietela YPG Herriaren Babeserako Unitateei. Hala ere, YPGetako ordezkariak zuhur mintzatu dira.

«Irakeko kurduen eskualdeko administrazioak erran du Turkiarekin eta AEBekin elkarlanean ari dela Kobane laguntzeko. Egia errateko, gu ere pexmerga indarrei laguntzen ari gatzaizkie, Kobanera igaro daitezen. Gai horren inguruan elkarrizketan ari gara». Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak egin zituen adierazpen horiek, atzo, Ankaran emandako prentsaurreko batean. Hain zuzen, Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoa bihurtu da laguntzaren protagonista, AEBetako armadaren Aginte Zentralak jakinarazi baitu YPG miliziei airetik eman dizkieten armak Irakeko kurduek igorritakoak izan direla. «Arduragabea eta moralki hagitz zaila litzateke Kobane babesten ari diren indar adoretsuei laguntzarik ez ematea», adierazi du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak.

Redur Xelil YPGetako bozeramailea, ordea, zuhur agertu da jasotako armen eraginarekin. «Eragin positibo bat izanen dute, baina ez dira nahikoa izanen borroka irabazteko», adierazi dio Reuters agentziari. Iritzi bera dauka YPGek Kobanen daukaten arduradun Esmat Xeikh Hassanek. «Setioa hautsi ezean arriskuan egonen gara, nahiz eta AEBek armak bidali».

Turkiak aireko laguntza horri buruz erran duen bakarra izan da «aztertzen» ari dela. Çavusoglu Atzerri ministroak ere ez du anitz sakondu pexmergei Kobanera igarotzen uzteko erabakiari buruz. Massud Barzani Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteak eskatu zuen hori duela bi aste. Ordutik, Turkiako eta AEBetako ordezkariek hainbat bilera egin dituzte, Washingtonek nahi baitu Ankarak parte hartzea EIren aurka eratutako nazioarteko koalizioan. Turkiak Kobaneko muga blokeatuta eduki du, bertzeak bertze, YPG miliziak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aliatuak direlako —PKK 1984an matxinatu zen Turkiako kurduen burujabetzaren alde—. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak maila berean paratu ditu EI eta PKK, eta herenegun bertan adierazi zuen PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia «PKK bezain terrorista» dela —Siriako kurduen alderdi nagusia da PYD—. Beraz, zalantzak argitu gabe daude horren inguruan.

Barzani-PKK lehia

Alde batetik, ikusteko dago pexmergen hedapena nahikoa izanen ote den setioa hausteko, Iraken iparraldean ere, etxeko atarian, fronteak irekita baitauzkate EIren aurka. Bertzetik, neurri horren inplikazio politikoa dago. Kurdistango Eskualde Autonomoan barzanitarren KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoa dago agintean; alderdi eskuindarra, AEBekin eta Turkiarekin harreman onak dauzkana, eta PKKren arerio ideologikoa. Siriako kurduen artean PKKren ildoa da nagusi, eta pexmergen esku hartze batek KDPren eragina handitu lezake. Izan ere, Ankarak ez die muga pasatzen uzten Turkiako milaka boluntario kurduri, horrek PKK indartu lezakeelakoan.

Siriako kurduekiko jarrera aldatzeko, Çavusogluk PYDi baldintza batzuk paratu zizkion atzo: bat egin dezala Mendebaldeak, Turkiak eta monarkia arabiarrek babestutako Siriako oposizioarekin eta hauts ditzala harremanak PKKrekin. Rudaw kazetaren arabera, herenegun YPGek agiri bat argitaratu zuten, FSA Siriako Armada Askearekin elkarlanean ari direla jakinarazteko. Saleh Muslim PYDeko burua, berriz, oposizioko KNC Kontseilu Nazional Kurduarekin elkartu zen atzo, harremanak berrezartzea negoziatzeko. Barzaniren babespean dago KNC, eta Mendebaldeak Sirian babestutako oposizioko plataformako kide da. Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko parlamentuak ere keinu bat egin zuen iragan astean, Siriako kurduek osatutako autonomiak onartuta —PYDen gidaritzapean sortu ziren—. Badirudi AEBek eta Barzanik PYD Siriako oposizioaren estrategian integratu nahi dutela Kobane laguntzearen truke, eta horren bidez Turkia lasaitu, Ankarak EIren aurkako koalizioan parte har dezan. Muslimek joan den astean ohartarazi zuen, ordea, ez daudela prest Kurdistandik kanpo Siriako Gobernuaren aurka borroka egiteko —Siriako oposizioko plataformaren helburu nagusia da Baxar al-Assad boteretik kentzea—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna