Armak uzteko prest legoke ELN, Kolonbiako prozesuaren mesedetan

Herrialdeko bigarren gerrilla nagusiak parte hartuko du gobernuak proposatutako elkarrizketetan, haren borondatea aztertzeko.

Martxan da Habanako ituna erreferendum bidez onartzeko legea
Juan Manuel Santos presidentea, armadako ordezkariz inguratuta. Militar batzuek jada gaitzetsi dute su-etenera deitzea.
Juan Manuel Santos presidentea, armadako ordezkariz inguratuta. Militar batzuek jada gaitzetsi dute su-etenera deitzea. EFRAIN HERRERA / EFE

Samara Velte -

2015eko urtarrilak 8
«Latinoamerikan zehar dabilen aldaketa haize oldartsuak iraultzaren bideak freskatu ditu, eta konpromiso handiagoa hartzera bultzatu gaitu, matxinatuen eta herrien arteko batasunaren mesedetan. Iraultzaileok ez daukagu aitzakiarik sakabanatuta ibiltzeko: garaiak eskatzen digu ideiak, esperientziak eta indarrak batzeko, herrialdea helmuga berrietara eramateko». ELN Nazio Askapenerako Armadak bere 50. urtemuga baliatu du Kolonbiako bake prozesuarekin daukan konpromisoa berresteko, eta iragarri du prest dagoela gobernuak proposatutako bake prozesuari ekarpena egiteko. «Elkarrizketa horietara joango gara, Estatuaren benetako borondatea ikusteko; hortik ondorioztatzen badugu armak ez direla beharrezkoak, prest geundeke haiek uztea aztertzeko».

Juan Manuel Santos presidenteak aste hasieran egin zuen orain arteko bake elkarrizketen balantzea. Negoziazioen hari nagusia FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin darama Habanan, baina ELNrekin ere egin ditu hainbat «bilera esploratorio». Gerrilla nagusia zorrotz ari da betetzen abenduaren 20an ezarritako su-eten mugagabea. Habanako elkarrizketak bide onetik doazela iritzita, prozesua bizkortzeko agindu die Santosek bere ingurukoei, eta ELNri ere eskatu dio FARCen antzeko urratsak egiteko: jardun armatua eten eta negoziazio prozesu bati ekin.

Bi gerrillek antzera erantzun diote: gobernuak egin ditzala dagozkion urratsak, eta erantzungo dutela egoki ikusten duten moduan. «Santosek orain du aukera: bere betiko gerra eta baketzearen arteko politikarekin jarraitu, ala benetako bakearen bideari ekin, kolonbiar guztiek desio duten moduan».

Habanako elkarrizketak hasi zirenetik, bake prozesua herrialdeko gatazka armatutik bereizita mantentzen ahalegindu da Santos, eta gerrillen aurkako estrategia militaristari eutsi dio Kolonbian, argudiatuz batak ez liokeela besteari eragin behar amaierako bake ituna sinatu arte. Orain, atzera egin du, eta onartu du elkarren eskutik doazela bata zein bestea: «Dagoeneko ez da egokia bereizketa hori egitea».

«Arrazoia geneukan», erantzun du FARCek biharamunean, Habanatik argitaratutako agiri baten bidez. «Sekula ez gara ados egon Isaac Rabin Israelgo lehen ministro ohiaren esaldi harekin: 'Negozia dezagun terroristarik ez balego bezala, eta borroka gaitezen terroristen aurka bake negoziaziorik ez balego bezala'». Gerrillaren ustez, azaroan gertatu zen gobernuburuari jarrera aldarazi zion inflexio puntua, Ruben Dario Alzate jenerala bahitu zutenean: gertakari haren ondorioz, Santosek behin-behinean etenarazi zituen elkarrizketak, eta Habanako prozesua kinka larrian geratu zen. «Arrazoia geneukan», nabarmendu du FARCek, «Habanan ez baitira ari terroristekin negoziatzen, erakunde politiko militar matxino batekin baizik, iraultza den eskubide unibertsala gauzatzeko altxatu den herriarekin». Prozesuaren arrakasta bermatzeko, gerrillak azaldu du «derrigorrezkoa» zela su-etenera deitzea, eta ohartarazi du hark indarren iraungo duela armadak bere egiturei eraso egiten ez dien bitartean: «Suntsipeneko operatibo militarrei eskuak lotuta itxarotea ere ez da kontua». Horregatik, lehendik egin izan duen moduan, gerrillarien aurkako jarduera armatua eteteko eskatu dio gobernuari.

Santosek ez du zuzenean horretarako asmorik adierazi, eta oraingoz armadari emandako agindu guztiek indarrean jarraitzen dutela ohartarazi du. Nolanahi ere, haren aholkulari batek eman du aditzera gobernua prest legokeela bi aldeko su-eten bat negoziatzeko. Armadako sektore kontserbadoreenak asmoaren aurka agertu dira segituan. «Legez eta konstituzioak dioenez, Indar Militarrek dagokien lana bete behar dute», esan du militar ohien elkarteko bozeramaileak: «Erakunde horrek [FARCek], legez kanpo armatuta dagoen bitartean, mehatxu bat izaten jarraitzen du, eta mehatxu horri aurre egin behar zaio».

Akordioa bozkatzeko legea

Badira bi urte gobernua eta FARC negoziatzen hasi zirela. Oraingoz, akordio sendo samarrak lortu dituzte lurren auziari, parte hartze politikoari eta narkotrafikoari dagozkien ataletan. Agendako beste bi gai nagusi geratzen zaizkie oraindik: biktimen auziarekin hasita daude jada, eta gero gatazka armatuaren amaiera gauzatzeko urratsak negoziatu beharko dituzte.

Oraindik ez dira ados jarri azken ituna indarrean sartzeko moduaren inguruan. Presidenteak proposatu du bake akordioa eta haren ondorengo prozesu politikoaren oinarriak erreferendum bidez onartzea, baina gerrillak gaitzetsi egin du asmo hori oraingoz, bozketak hauteskundeetako interesei men egingo liekeela argudiatuta. Akordiorik lortu gabe ere, gobernuak martxan ipini du jada erreferendum hori egitea ahalbidetzen duen legea, «ituna sinatuz gero, prest edukitzeko». Bozketa hauteskunde deialdi arrunt batekin batera egiteko aukera ematen du agiriak; hurrengoa urriaren 25ean izango da, udal eta eskualdeetako bozetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna