Desoreka oreka bihurtu nahian

Klase ertainei begirako neurriak proposatu ditu Obamak 2015erako lan ildoen berri emateko saioan.

Ezberdintasunez kezka du AEBetako presidenteak.

Kubari blokeoa kentzeko urratsak eskatu ditu

Oihan Vitoria -

2015eko urtarrilak 22
Desberdintasun sozialena eten ez den katea da AEB Amerikako Estatu Batuetan. Aski errotuta dago herritarren arteko desorekari buruzko kezka AEBetako gizartean, eta horri heldu dio Barack Obama presidenteak estatuko batasunaren inguruan urtero egiten duen hitzaldian. Agintaldiaren azken txanpan sartuta, sekula baino indartsuagoa agertu zen atzo Kongresuko taldeen aurrean. Bi ganberetan gutxiengoan egiten duen lehena izanda ere, ziur mintzatu zen. Datu ekonomiko baikorren babesean, 2015erako lan ildoak finkatu eta erreforma dosia proposatu zuen —osasunean, immigrazioan eta finantzen sisteman—, desorekak oreka bilakatu nahian. Ekonomia klase ertainetara begira ipintzeko eta defizita apaltzeko premia ere nabarmendu zuen. Kubarekiko harremanak ere izan zituen hizpide, eta blokeoa aurten bertan behera uzteko lanetan hastea galdegin zion Kongresuari.

EKONOMIA EGONKORTZEA

Aberatsei zergak igotzea

Egoera ekonomikoa alde du Obamak. Hazkundean dago: 1999tik ez da hainbeste enplegu eta hain bizkor sortu AEBetan, gainontzeko herrialdeen motelaldiari izkin eginda. Defizita bi heren jaistea erdietsi du, eta merkatuak ere goranzko bidean dira. Obamak, ordea, ez du askitzat jo, eta «klase ertainei begirako ekonomia» behar dela adierazi du. Horretarako, diru gehien dutenei —aurrezki kutxei ere bai— zergak igotzea proposatu du: «Aberastasun gehien dutenek gehiago ordain dezatela, klase ertainekoei zergak gutxitzeko. Erabat zentzuzkoa da, eta, gainera, denon onurarako izango da».

Hamar urtean, 320.000 milioi dolar inguru jasotzea eta familia behartsuenen zergak 175.000 milioi dolar murriztea espero du. Egoeraren diagnostikoan, oro har, oposizioa bat dator Obamarekin; ez horrenbeste neurrietan.

LEGE ERREFORMAK, NONAHI

Ezberdintasunak apaltzea

Osasun arloan, immigrazioan eta finantza sisteman egin beharreko lege erreformak izan ditu hizpide Obamak. Premiazkotzat jo ditu herritarren arteko desberdintasun sozialak gutxitzeko. Osasun alorrari dagokionez, «aro berri bati» ekiteko proposamena egin dio Kongresuari: diru gehiago eman dezala minbiziari, diabetesari eta horrelakoko eritasun larriei aurre egin eta sendabideak aurkitzeko. Hori horrela, egungoa baino medikuntza «eraginkorragoa» egitea posible litzatekeela uste du Obamak.

Bestalde, immigrazio erreforma egitea jarri du mahai gainean, AEBak «legeen eta etorkinen nazioa» dela baieztatzeko. Erroetara itzuli nahi du horrela Obamak, eta finantzen sisteman ere eragiteko xedea du, enpresari txiki eta familia behartsuenei laguntzeko.

Uneotan erreformak ezartzeko gehiengorik ez badu ere, Obamak ohartarazi du betoa jarri asmo diola bere proposamenak atzera botatzeko ahalegin orori. Alegia, ez duela ezezko irmorik onetsiko: «Arazoei konponbidea topatzeko sistema eraginkor bat dugu. Hortaz, ezin dugu familien segurtasuna ezbaian jarri osasun asegurua kenduta, Wall Streeten arau berriak hankaz gora ipinita edo immigrazioaren inguruko iraganeko mamuak gogora ekarrita».

TRABAK SAREKO ERASOEI

Estatu Islamikoa, jomugan

Internet bidezko eraso, lapurreta eta legez kanpoko jarduerak zigortzeko lege berri bat behar dela dio Obamak. Munduko gatazken esku hartzeaz uste du gogortu egin behar direla EI Estatu Islamikoaren kontrako indarrak, eta ez du baztertu, babesik ezean, aldebakartasunez aritzea. Jakinarazi du, orobat, aurrerantzean ez diola zigorrik jarriko Irani, egoera baretze aldera: «Azkeneko aukera litzateke gerran sartzea».

KUBAREKIKO HARREMANAK

Bahimendua eteteko eskea

Ezin bestela izan. Ekonomia kontuetan ez ezik, Kubarekiko harremanetan ere ipini du arreta, harremanak normaltzeko lehen bilkura ofizialaren bezperan. Argi hitz egin du, ahobizarrik gabe: Kubaren bahimendua kentzeko urratsak egitea galdegin dio Kongresuari. Eta epea jarri du horretarako: 2015a. Galdutako konfiantza berreskuratzea eta kontinente osoan sortu den mesfidantza ezabatu nahi du hala Obamak. Azpimarratu du diplomazia «apurka-apurka» berrezartzeko «urrats txikiak» egitea dela orain gakoa. «Kuban aspaldian amaitu behar zukeen politika bati amaiera ematen ari gara. Azken mende erdia funtzionatu ez duen zerbait egin ostean, bada unea zerbait berri probatzeko». Errepublikanoei, aldiz, gehiegizkoa iruditzen zaie, Kubak halakorik merezi ez duelakoan. Habanarekiko politika aldaketa horrek «balio demokratikoak» defendatzen dituela goraipatuz erantzun du Obamak. Bide batez, Kubako Gobernuak emandako pausoak txalotu ditu; besteak beste, Alan Gross kontratista estatubatuarra askatu izana.

GUANTANAMO ZIGILATZEA

Errepublikanoak, oztopo

Kanpainan eginiko promesa nagusietako bat berretsi du Obamak agerraldian: Guantanamoko presondegia (Kuba) betiko ixtea. Iaz agertutako asmoari eutsi dio, eta hasiak dira gatibuak lekualdatzeko lanean; batzuk aske utzi eta beste zenbait Uruguaira igorri dituzte, kasurako. Alabaina, Obamak ohartarazi du ez duela amore emango espetxea zigilatu arte, iaz egingo zuela hitzeman arren. «Lana amaitzeko unea iritsi da». Sei urtean, erdira gutxitu dira atxilotuak. Nolanahi ere, oraindik 122 lagun dauzkate han atxikita.

Ez du bide erraza izango AEBetako presidenteak, jakin badakielako oposizioa ez duela alde, ixtearen aurka dagoela. Alderdi Errepublikanoa da Obamaren traba, Kongresuan eta senatuan gehiengoa baitu. Geroz eta indar gehiago izanda, errepublikanoek ezerezean utz ditzakete haren erabakiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna