Tiro hotsak, gero eta ozenago

Otsailean su-etena sinatuz geroztiko borroka gogorrenak izan dira Ukrainan: gutxienez 24 hildako.

Kievek eta matxinoek elkarri egotzi diote egoera gaiztotzea, eta gerra berpizteko beldurra sortu da

Mikel Rodriguez -

2015eko ekainak 5
Tentsioa berriz ere gori dago Ukrainan. Hego-ekialdeko Marinka hirian, gutxienez 24 lagun hil dira armadaren eta matxinoen arteko borroketan, Donetsk eskualdean. Bi aldeek otsailean su-etena ezarri zutenetik gertatutako sarraski handiena izan da. Praktikan, menia ez da errespetatu, asteak igaro ahala bi aldeek eman baitute tiroketen, bonbardaketen eta hildakoen berri, baina azken egunetan bizitu egin dira borrokak. Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen arabera, matxinoek erasoaldi bat hasi dute lurralde gehiago bereganatzeko, eta adierazi du Errusiak «eskala handiko inbasio bat hasteko arriskua» dagoela. Donetskeko matxinoek, ordea, ukatu egin dute lurraldeak hartzeko erasoaldi bat hasi izana; diotenez, armadak Marinkatik bonbardatzen du Donetsk hiria, eta hori gelditzeko eraso diote.

Donetskeko Herri Errepublikako Defentsa ministrorde Eduard Basurinen arabera, armadak hamalau miliziano eta bortz zibil hil ditu azken 24 ordutan, eta zaurituak 110 dira guztira. Ukrainako Gobernuaren arabera, berriz, bortz soldadu hil eta 39 zauritu dira borroketan. Marinka Donetsketik 20 kilometro mendebaldera dago, Ukraina hego-ekialdean. Bi hirien artean dago armadak eta matxinoek kontrolatutako eremuen arteko muga, eta, otsailean Minsken sinatutako memorandumaren arabera —Minskeko II. Protokoloa—, arma astunen presentziarik gabeko gunea izan beharko luke. Bi aldeen kontakizunen arabera, tankeak eta artilleria erabili dituzte borroketan; beraz, otsaileko itunaren arau nagusietako bat hautsi izanen lukete. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak du su-etena gainbegiratzeko ardura. Michael Bociurkiw ESLAko bozeramaileak, Kieven emandako prentsaurrekoan, jakinarazi zuen atzo arratsalderako egoera «bare» zegoela Marinka inguruan.

Datozen orduak eta egunak erabakigarriak izanen dira ikusteko egoerak zer norabide hartuko duen: Marinkakoa bere horretan gelditu eta borrokak berriz ere apalduko diren, edo gerra irekia piztuko ote den bertze behin. Agintarien adierazpenek erakutsi dute tentsioa hagitz handia dela. Radan —parlamentuan—, Poroxenkok erran du Errusiak 9.000 soldadu dauzkala Ukrainan, eta «eskala handiko» inbasio baterako prestatzen ari dela. Gerra hasi zenetik defendatu du tesi hori Kievek: matxino ukrainarren aurka baino, zuzenean Errusiaren aurka ari dela gerran. Eta Moskuk ere betiko erantzuna eman dio: «Ez dago Errusiako soldadurik Ukrainan, eta are gutxiago talde taktiko berezirik», adierazi du Igor Konaxenkov Defentsa Ministerioko bozeramaileak. «[Ukrainako] Armadaren buruzagitzako ipuin kontalariek hobe lukete hori kontuan hartu, haien herrialdeko buruzagia lotsagarri ez uzteko hurrengo aldian». Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikaren negoziatzailearen ustez, Poroxenkoren «erretorikak ez du iradokitzen irtenbide baketsurik». Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ere Ukrainako Gobernuari leporatu dio borroken larriagotzea. AEBek, Alemaniak eta EB Europako Batasunak, ordea, matxinoei eta Errusiari leporatu diete erantzukizuna.

Iazko apirilaren bukaeran piztu zen gerra. Otsailean, EBra hurbiltzearen aldeko taldeek Viktor Janukovitx presidente errusiazalea agintetik indarrez kendu zuten Kiev hiriburuan, baina herrialdearen hego-ekialdean aginte berriaren aurkako mugimendu bat antolatu zen, eta Donetsk eta Luhansk eskualdeetan kontrolpean hartu zituen hirigune nagusiak. Maiatzean, Ukrainako armadak lurraldeak berreskuratzeko operazio militarra hasi zuen. Irailean egin zen borrokak eteteko lehenbiziko ahalegin serioa Minsken, nazioarteko bitartekaritzarekin. Su-etena, banaketa lerroa eta negoziazio politikoa zituen oinarri. Ez zuen fruiturik eman, eta otsailean bertze ahalegin bat egin zen.

Atzerriko tropei baimena

Poroxenkok etzi beteko du lehenbiziko urtea presidente gisa. Horren harira, saio berezia egin zuen atzo Radak. 182 lege onartu zituen. Horien artean, atzerriko tropei Ukrainan sartzeko baimena ematen dien bat, Nazio Batuen Erakundearen edo EBren ebazpen bat badaukate. Errusiari presio egiteko mugimendutzat interpretatu liteke. Vladimir Putin Errusiako presidenteari Senatuak iazko martxoan baimena eman zion tropak atzerrira bidaltzeko hala behar izanez gero. Valentina Matvienko Senatuko presidenteak herenegun jakinarazi zuen goi ganbera «aurki» bildu litekeela larrialdiko saio bat egiteko. Errusiako hedabideetan espekulatu dute zerikusia izan dezakeela tropak atzerrira bidaltzeko baimenaren auziarekin. Kazetariek Dmitri Peskov presidentetzako bozeramaileari galdetu zioten atzo horren inguruan. «Presidenteak bere eskubide konstituzionalak erabil ditzake», erantzun zien soilik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna