Halabja, Afrinen oroimenean

Irakeko kurduen aurkako sarraskiaren 30. urteurrenean, gertakari hura Siriako Kurdistango hirian ez errepikatzeko eskatu du burujabetzaren aldeko KCK plataformak. Zibilak ebakuatu dituzte Ghoutan

Halabja, Afrinen oroimenean.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Kurduak berriz ere sakrifikatuko dituzte estatuen arteko harremanengatik. Afringo erasoen inguruko isiltasunak Halabjaren garaikoak oroitarazten ditu. AKP-MHP alderdien gobernu faxistak ehunka zibil hil eta genozidio politikak praktikatzen baditu ere, inork ez die erran 'geldi ezazue inbasioa'». KCK Kurdistango Herrien Konfederazioak —burujabetzaren aldeko alderdien eta eragileen plataformak— oharra atera zuen atzo, Iraken menpeko Kurdistango Halabja hirian Saddam Husseinen gobernuak egin zuen sarraskiaren 30. urteurrenean —5.000 herritar inguru hil zituzten arma kimikoekin—. Siria barneko Kurdistango Afrin hiriaren egoera salatzeko baliatu zuen, eta EI Estatu Islamikoaren aurkako gerran kurduen miliziak babestu dituzten estatuen jarrera kritikatu zuen, Turkiaren inbasioa eragozteko deus egin ez dutela egotzita. YPG Herria Babesteko Unitateek atzo jakinarazi zuten hiriaren iparraldea gogor bonbardatu zuela Turkiako armadak, «sartzeko bidea egiteko». Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak erran zuen «bukaeratik gertu» daudela.

Egoera nahasia eta larria da Afrinen. Hedabide anitzek herritarren «exodoa» aipatu dute, Siriarako Giza Eskubideen Behatokia iturritzat hartuta —24 orduan 30.000 zibilek ihes egin dutela aipatu du—, baina Kurdistango ordezkariek ez dute jakinarazi zenbat herritarrek alde egin duten. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen bulegoko bozeramaile Ravina Shamdasanik zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea ere leporatu dio YPGri —«testigantzak» aipatu ditu iturritzat—.

350.000 biztanle inguru bizi dira Afrin hirian —izen bereko barrutiko hiriburuan—, eta Turkiak azken egunotan erran du inguratua duela, azken erasoaldia egiteko prest. Zibilei ihes egiteko «korridoreak» utziko zizkiela erran zuen, baina YPGk salatu du errepide guztiak bonbardatu dituela egunotan. Libanoko Al-Mayadeen telebistak hiriaren kanpoaldeko irudiak eman zituen atzo, eta horietan jendea ibilgailutan eta oinez ageri zen hiria uzten. «Jende anitz ari da hiria uzten, baina jende anitzek jarraitzen du barrenean», erran zuen gizon batek kameraren aitzinean. Reuters agentziaren arabera, Turkiako hegazkinek propagandarako oharrak bota zituzten hirian, distopia kutsuko mezu batekin: «Fida zaitezte luzatzen dizuegun eskuaz. Fida zaitezte Turkiaren justiziaz! Fida zaitezte Turkiako Indar Armatuez! Etorri eta amore eman! Lasaitasunez eta bakez betetako etorkizun bat zain duzue Afrinen!».

Estatuen arteko tratuak

Azken astean Erdoganek ia egunero egin ditu Afrini buruzko adierazpenak. Atzo adierazi zuen Turkiako armadak barrutiaren «1.320 kilometro koadro» inbaditu dituela; hau da, lurraldearen %75. Erzurum hirian parte hartu zuen AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren ekitaldi batean. Eufrates ibaiaren mendebaldeko Manbij hirian eta Irak iparraldean dauden kurduen miliziak ere mehatxupean ditu Erdoganek, eta haren gobernuak hilaren 8anAEBekin elkarrizketa sorta bat hasi zuen Manbiji buruz —AEBek tropak dituzte han, YPGrekin elkarlanean—. Rex Tillerson zen orduan AEBen atzerri politikaren arduraduna, baina Donald Trump presidenteak kargutik kendu, eta Mike Pompeo CIAko buruzagia proposatu du ordezko. «Estatu Batuek proposamen bat egin zuten, baina ez dakigu talde berriak horri eutsiko ote dion», erran zuen atzo Erdoganek.

Hain zuzen, KCK-k estatuen arteko tratu horiek kritikatu ditu, eta duela 30 urte Hego Kurdistanen (Irakekoan) gertatutakoarekin konparatu ditu. «Kurduen kontrako genozidioa gertatu zenean, isiltasuna egon zen, baina haien alde egin zezakeela ikusi zutenean, genozidioa munduko iritzi publikoaren agendan sartu zuten. Kurduen zapalkuntza propaganda bihurtu zen». KCK-k biltzen ditu Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko lider historikoak proposatu zuen konfederalismo demokratikoarekin bat egin duten eragileak—horien artean daude PKK bera, eta Siriako kurduen indar nagusia den PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia—.

Afrindik kanpo, gerrako bertze fronte nagusia Damasko ondoko Ghouta Ekialdea frontean dago. Protagonistak bertze batzuk dira han. Siriako armadak atzo adierazi zuen eskualdearen «%70» berreskuratu duela, eta herritarrei eskatu zien «erakunde terroristen uztarripetik ateratzeko».

Milaka herritar setiotik at

Gutxienez muturreko lau talde islamista sunita daude Ghouta Ekialdean, eta horietako batekin, Islamaren Armadarekin, zibilak ebakuatzeko akordio bat egin zuen Errusiak —Siriako Gobernuaren babesle handienak—. Eskualde osoa setiopean du armadak, eta 400.000 zibil inguratuta zeudela uste zen. Iturri ezberdinen arabera, azken 24 orduetan milaka atera dira armadaren eremuetara —40.000 Siriako Gobernuaren arabera; 4.000 baino gehiago Errusiako armadaren arabera—. Marixie Mercado Unicefeko bozeramaileak adierazi du 50.000 lagun artatzeko plan bat prestatu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.