AEBen lagun minena izateko

Ukrainako presidenteak Washingtoni eskatu dio herrialdeari «segurtasun eta defentsa estatus berezi bat» ezartzeko, NATOz kanpoko aliatu batekin duen harreman handiena eskuratzeko
Petro Poroxenko eta Barack Obama elkarri eskua ematen, atzo, Etxe Zurian.
Petro Poroxenko eta Barack Obama elkarri eskua ematen, atzo, Etxe Zurian. OLIVIER DOULIERY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 19
Kievek ez du Ukraina ekialdeko gatazka negoziazio bidez amaitu nahi. Petro Poroxenko presidenteak AEBetako Ordezkarien Ganberan eginiko hitzaldian argi utzi du ez duela su-etenean sinesten. Laguntza militarra eskatu dio Washingtoni, «mundua askatzeko gerra irabazteko». «Arma hilgarriak» nahi ditu presidenteak horretarako. «Gerra ez da mantekin irabazten». Halaber, Washingtonek herrialdeari «segurtasun eta defentsa estatus berezi bat» ezartzea nahi du, NATOko kide ez den aliatu batekin duen harreman handiena izatearren. «Israelek bezala, Ukrainak bere lurraldea defendatzeko eskubidea du». Barack Obama AEBetako presidentearekin bildu da ondoren.

AEBetako agintariak Ukraina babestu eta Errusiaren jarrera gaitzetsi du, baina orain arte Kievi ez dio armarik saldu. Pentagonoak azken hilabetean areagotu egin ditu gauez ikusteko aparatuen, kaskoen, irrati sistemen eta medikuntza materialen bidalketak. Etxe Zuriak jakinarazi duenez, beste 53 milioi dolarren balioko — 41 milioi euro inguru— giza laguntza eta segurtasun materiala emango dio; armadarako ibilgailuak, baletarako atorrak, radarrak, eta abar, baina ez eskatutako armak. Guztira 225 milioi euroko laguntza eman dio.

Errusiaren «amets inperialistek» nazioarteko segurtasuna arriskuan jar dezaketela uste du Poroxenkok. «Georgia, Ukraina, Moldavia. Zein izango da hurrena?». Ukrainaren gerra ez ezik, Europaren eta AEBen gerra ere badela esan du. «Mehatxu horiek eteten ez badira, mundu guztian zabalduko dira». Horregatik, «Ukraina bakarrik ez uzteko» eskatu die AEBetako legebiltzarkideei. Halaber, Errusiak Krimea bereganatzeari buruz mintzatu da presidentea.«Historia garaikideko traiziorik zinikoena da». Penintsula berreskuratzeko asmoa berretsi du.

Poroxenkok Errusiako presidente Vladimir Putinekin izandako elkarrizketa baten berri izan du Suddeutsche Zeitung Municheko egunkariak, EB Europa Batasuneko Atzerri Zerbitzuen agiri baten bidez. Elkarrizketa horretan, Putinek ustez EBko eta NATOko herrialdeak mehatxatzen ditu: «Kieven bakarrik ez, nahi banu, bi egunean Errusiako soldaduak eduki ditzaket Rigan, Vilniusen, Tallinen, Varsovian eta Bukaresten».

Herenegun Kanadako lehen ministro Stephen Harperrekin bildu zen Poroxenko Ottawan, eta hari ere laguntza militarra eskatu zion, «Errusiaren okupazioari» aurre egiteko. EBrekin eginiko elkartze akordioa ere izan zuen hizpide: «Betiko agur esan diogu Sobietar Batasunari».

Horrez gain, Mendebaldea hauspotu du Poroxenkok Moskuren aurkako zigor ekonomiko gehiago jartzeko. Bide horretan, François Hollande Frantziako presidenteak esan du Errusiari saltzekoak ziren bi gerraontziak «su-etena errespetatzen denean» emango dizkiotela.

Putinen ustetan, Mendebaldeak MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauak hautsi ditu Errusiaren aurkako neurriak ezartzean. «Herrialde guztiek produktuen eta zerbitzuen merkatuan sartzeko eskubide berbera dute». Errusiak ez ditu Mendebaldeko herrialdeak zigortu nahi izan haien produktuak debekatzean. «Gure interesak defendatzeko egin dugu, kanpoko lehiatik babesteko gure merkatua».

Su-etena, nekez

Bien bitartean, Ukrainako Luhansk eta Donetsk eskualdeetan su-etenari nekez eutsi diote, bi aldeen arteko borrokak ez baitira guztiz eten. Donetsk hiriburutik gertu izan dira liskar gehien. Irailaren 5an sartu zen menia indarrean, baina lehen hamar egunetan 16 lagun hil eta beste 98 zauritu zituzten, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen arabera. Gainera, oso motel doa adostutako gatibuen trukaketa. Atxilo hartutako borrokalari batzuk trukatu dituzte, baina beste hitzarmen batzuk bertan behera utzi dituzte, atzo egin behar zutena, kasurako. Donetskeko Herri Errepublikako Presoen komiteko ordezkariak esan du ez dutela Kieven partetik trukea egiteko baieztapenik jaso.

Igor Lisenko Ukrainako armadaren bozeramaileak salatu duenez, matxinoek soldadu eta arma gehiago jasotzeko baliatu dute menia. Halere, militarrak onartu du armadak posizioak eta defentsak indartu dituela tregua bitartean. Lisenkoren arabera, soldaduek haien aurkako erasoei erantzun diete soilik. Izan ere, bi aldeek elkarri leporatzen diote Minsken sinatutakoa urratzea. Gaur berriro bilduko dira Bielorrusiako hiriburuan negoziazioekin jarraitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna