Ukrainako Parlamentuak «herrialde erasotzaile» izendatu du Errusia

Radak nazioarteari eskatu dio Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak «erakunde terrorista» izendatzeko.

Europako Batasunak bihar eztabaidatuko du Moskuri zigor gehiago ezartzeko aukera

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 28
Ukrainan gerra gogortu bada ere, bi aldeek ez dituzte harremanak eten, eta negoziazioak berriz hasteko aukera aztertzeko elkarrizketak izan dituzte. Hala ere, gerra frontean ez ezik, diplomaziaren arloan ere jarrerak gaiztotu egin dira, eta elkarrizketarako ahaleginak bertze behin zapuztuta gera daitezke. Ukrainako Parlamentuak (Radak) «herrialde erasotzaile» izendatu du Errusia, eta gauza bera egiteko eskatu die aliatu dituen herrialdeetako parlamentuei eta nazioarteko erakundeei. Horrekin batera, nazioarteari ere eskatu dio Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak (matxinoek eratutako estatuak) «erakunde terrorista» izendatzeko. EB Europako Batasunak, oraingoz, erabaki du Errusiaren aurka zigor gehiago onartzeko aukera aztertzea —bihar egitekoa da bilera—.

Iazko maiatzean hego-ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetan gerra hasi zenetik, Ukrainako Gobernuak babestu duen tesia izan da Errusiak Ukraina inbaditu duela; Donetsken eta Luhansken independentzia adierazi duten matxinoei laguntzea ez ezik, Kievek Moskuri egozten dio zuzenean milaka soldadu bidaltzea Ukrainako armadari aurre egiteko. Errusiak ukatu egiten du soldaduak bidali dituenik eta matxinoei militarki laguntzen ari denik. NATOk, AEBek eta EBk bat egiten dute Ukrainaren bertsioarekin. «Ikusten dugu Errusia etengabe gero eta laguntza gehiago ematen ari zaiela separatistei», adierazi dute EBko 28 estatuen eta gobernuen buruzagitzek agiri bateratu batean. «Errusiari eskatzen diogu separatistak gaitzetsi eta Minskeko akordioak errespetatu ditzala». Federica Mogherini EBko Atzerri Gaietarako goi ordezkariak eskatuta, 28 estatuetako Atzerri ministroak elkartuko dira bihar, Bruselan. Errusiaren aurka «neurri gehigarriak» hartzeko prest agertu dira.

Dena den, Greziak jakinarazi du bere iritzia kontuan hartu gabe egin dela 28 estatuen adierazpena. Greziako Gobernuak «prozedura akats» deitu dio gertatutakoari, eta erran duenez Alexis Tsipras lehen ministroa Mogherinirekin mintzatu da horri buruz. Igandean hauteskundeak egin ondoren, atzo bertan eratu zen Greziako Gobernua. Hauteskundeen biharamunean bertan, Tsipras Errusiako enbaxadorearekin elkartu zen Atenasen. Bertzeak bertze, adierazi zuten Europan bakea mantentzeko beharraz mintzatu zirela.

Ukrainako gatazkan zeresan handiena duen EBko kidea Alemania da. Biharko bilerari begira, jarrera nahasgarria izan du. Martin Schaeffer Atzerri Ministerioko eledunak herenegun adierazi zuen Alemaniak ez zuela beharrezko ikusten Errusiaren aurka neurri gehiago hartzea, baina, geroago, Frank-Walter Steinmeier Atzerri ministroak erran zuen ez zutela aukera hori baztertzen.

EBko agintarien arabera, zigorrak ezartzearen helburua litzateke Errusiari presio egitea Minskeko Protokoloa bete dadin, Mosku egiten baitute hori ez betetzearen errudun. Protokoloa irailean sinatu zuten Ukrainak, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek, Errusiak eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak. Hamabi puntu zeuzkan, eta horien artean zeuden su-eten bat berehala ezartzea eta matxinoen esku dauden lurraldeetan aldi baterako autonomia bat egitea, luzerako konponbiderako negoziazioak errazteko. Hilabeteotan puntu horiek ez dira bete, baina Minsken hitzartutakoa da hartu-eman ororen eztabaidagaia.

«Baikortasun zuhurra»

Dmitri Peskov Errusiako presidentetzako bozeramaileak adierazi du «baikortasun zuhurra» daukala negoziazioak berriz hastearen inguruan; Vladislav Deinego Luhanskeko matxinoen negoziatzaileak erran du, ordea, Ukrainako Radak bi herri errepublikak «erakunde terrorista» izendatzen baditu, elkarrizketak bukatu eginen direla. «Legearen arabera, ezinezkoa da erakunde terroristekin mintzatzea».

Hilabete honetan borrokak gogortu dira, eta arretagune nagusiak Mariupol eta Debaltseve hirietan daude. Donetskeko matxinoek Azov itsasoaren kostako Mariupol hiri estrategikoa hartu nahi dute. Hori gertatuz gero, EBk erran du gogortu eginen dituela Errusiaren aurkako neurriak. Debaltseve, berriz, Donetsken eta Luhansken arteko mugan dago, eta bi eskualdeetako matxinoek hiri hori hartuta gerra frontea bateratu nahi dute. Vladislav Selezniov armadako bozeramailearen arabera, matxinoek azken egunotan Debaltseven egin dituzte eraso gehienak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna