«Kultur herentzia gainditu duen pertsona baten istorioa da hau»

'Arrotz eta eder' bere bosgarren poema bilduma argitaratu du Pako Aristik. Oinordekotza sozial eta kulturalari aurre eginda, bilaketa prozesu baten ondorioa den aldaketaz mintzo da liburuan

Pako Aristik Donostian aurkeztu zuen, atzo, bere bosgarren olerki liburua. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Kazetaritzan eskarmentua du Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963), eta eremu horretan Rolling Stone aldizkariak ezarritako arau bat segitzen du: norbaitek kazetariari galdetuz gero zein erreportaje ari den prestatzen, izan erantzun bat prestatua. Prentsatik literaturara jauzi eginda ere baliagarria zaio arau hori Aristiri. Poesiak berak «definizio eza» eskatzen duenez, idatzi duenari buruz hitz egitea zaila egiten zaio, baina galdera horri erantzun behar izaten dio askotan. Inoren deirik jaso gabe egiten dio itauna bere buruari. Eta gauza bera egin du Arrotz eta eder (Susa) bere bosgarren poema liburuarekin ere: «Erantzuna izan da liburu hau dela jaso dugun herentzia kulturala suntsitu, bazterrean utzi edo gainditu duen pertsona baten istorioa». Pertsonaia kolektibo eta pertsonaia poetiko hori, herentzia hori atzean utzita, «bere buruaren bila abiatu da».

Oinordekotza sozial eta kultural horretan jarri du begia Aristik liburuan. Hori du abiapuntua: gizakiak aurkitzen dituen eredu soziala eta kultur herentzia. «Besteek esan digute zer izan behar dugun eta nola izan behar dugun. Etxean esan digute, erlijioak esan digu, eskolan, telebistetan. Zama hori dena bota dute geure gainera, eta nolabait arrotz gara, geure baitatik urrun gaudelako». Baina, Aristiren iritziz, iristen da oinordekotza horrekin hausteko garaia ere, nahiz eta pertsona bakoitzari bizitzako aldi batean ailegatu. «Hausturaren ondoren katarsia dator, eta gero bilaketa unea. Galdetzen diogu geure buruari: 'Zeri heldu behar diot?'. Eta hor dator ordezkapen fase bat. Erlijioa ordezkatzen du politikak; sexua militantziak edo etsipen politikoa dirua irabazteak». Bere poesian aldaketa hori islatzen dela uste du Aristik. Miaketa baten ondorioz, pertsona aldatu egiten da, «eta aldaketa horrek ez du atzera bueltarik. Orduan uzten diozu arrotz izateari eta hasten zara eder izaten».

Pentti Saarikovski poeta finlandiarraren olerki bat ekarri du gogora Aristik literaturaren eta bizitzaren arteko harreman horretaz mintzatzean: «Ni erreala naiz idazten dudanean soilik». Eta aipu horren atzean dagoenarekin bat egiten du Aristik ere: «Hau da, idazten ari naizenean zintzoa naiz, eta neure baitatik idazten dut. Gizartean nagoenean, mozorro soziala janzten dut, ondo ikusia dagoena egiten dut jendea ez dadin mindu... portaera kode bat dut gizartean mugitzeko. Baina, agian, hor ez gara gu. Gu gara idazten dugunean; zerbait sortzailea egiten dugunean».

Hausketatik eraikuntzara. Hori Aristik bere poemetan egiten duen bidaia. Eta bide horretan idazleak berak jarrera bat erakusten du. Jarrera indibiduala nahiz kolektiboa. Batetik, transzendentziaren aurrean kokatu beharko du. «Mundu honetan nago, baina zer egiteko? Zein da nire lana? William Butler Yeatsek zioen benetako poesiak izan behar duela gizaki osoaren ahotsa, eta ez soilik egunean ditugun iritzi eta usteen idazketa zorrotz bat».

Transzendentziaren eremuari arlo indibidualetik heltzen dion bezalaxe, pertsonak herrian aurkitu duen lekuari buruzko gogoetara ikuspuntu kolektibotik iritsi da. «Herri horren aurrean ere kokatu beharko du pertsonak. Ez kokatzea ere kokatzea baita».

Sistema filosofiko bat ere planteatzen du Arrotz eta eder-ek: galderak egitea, «ezinbesteko teknika delako» aurrera egiteko. «Liburuan galdera asko egiten dira. Galderak egitean erantzunak ere jasotzen dira, gauzaren bat zalantzan jartzen denean ikusten dugulako gauza horrek ez duela benetan balio».

Idazten ikasten jarraitzea

Duela 30 bat urte hasi zen argitaratzen Pako Aristi, baina oraingoan, Arrotz eta eder atontzerakoan, idazten ikasten ari den sentipena izan du. «Orain arte idatzitako guztia hona iristeko ariketa sorta bat izan balitz bezala sentitzen dut». Idazle Eskolan irakasle aritu da Aristi, eta horrek gauza asko zalantzan jartzera eraman du. «Ohartu naiz idaztea ez dela mekanika bat. Beti egon behar da testuaren gainean. 53 urterekin ikusi dut hemendik aurrera liburu bakoitzerako idazten ikasi beharko dudala».

Gorka Arrese Susa argitaletxeko arduradunak «bost bat» aldiz irakurri du Aristiren poema bilduma, azkena herenegun gauez, eta haren «libururik onena» dela uste du. «Gehien harritu nauena da zein argia den bere espresioa. Esaldiaren konposizioan, estrofaren eraikitzean eta pieza bakoitzak duen garapenean, oso da klarua, [Gabriel] Arestik-eta esaten zuten moduan».

Arrotz eta eder-i beretik asko eman diola Aristik. Hori Arreseren beste ondorioetako bat: «Jende asko biltzen da liburu honetan, eta gure biziaro ia guztietan pausatzen du bere begirada». Alde horretatik, gai ugari jorratzen ditu Aristik: amodioa, sexua, lana, tortura, animalismoa, kartzelaldiak eta kartzelaldi ostekoak... «Galdera existentzialak eta itaun xeheak egiten ditu».

Larunbatean, Zarauzko Literaturian aurkeztuko du liburua Aristik, eta uztailaren 16an, berriz, Eako Poesia Egunetan errezitala egingo du Itziar Gomez aktorearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.