Norbere mamuekiko menia

Jose Austin Arrietak bere ibilbidearen «sintesi» bat ondu du 'Estalien gradora' lan poetiko berrian. Poema propioek, beste egileen bertsioek eta dialektika antzeztu poetiko batek osatzen dute liburua
Joxe Austin Arrieta, <em>Estalien gradora</em> poema bilduma aurkezten, atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.
Joxe Austin Arrieta, Estalien gradora poema bilduma aurkezten, atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2016ko ekainak 29
Liburuaren beraren aurre-solas nahiz atze-solasek eta atzo Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egindako aurkezpenaren hondarrean sortutako solasaldiak —besteak beste, Joxerra Gartzia eta Fito Rodriguez idazle eta EHUko irakasleak eta Jose Angel Irigarai idazle eta Pamiela etxeko gidariak parte hartu zuten— agerian jartzen dute Joxe Austin Arrietaren figurak eta literaturak sortzen duten interes eta eztabaida dialektikoa. Idazle baztertua al da? Ahantzia edo erdi-ahantzia? Haren poesia hermetikoegia, trinkoegia al da egungo publikoaren parametroetarako? Zer eta nolakoa izan behar du poesiak, gizartean funtzio praktiko bat izan behar badu?

Txalaparta argitaletxearekin plazaratu berri du Arrietak Estalien gradora poema bilduma; Terra Sigilata nobela zuen orain arteko azken sorkuntza liburua, hura ere Txalapartarekin kaleratua, 2008an. Mikel Soto editoreak aurre-solasean oharra egiten du argitalpen honen ezohikotasunaz, salbuespen izaeraz: «Txalapartak ez du poesiarik argitaratzen, eta ez du argitaratzeko asmorik. Gure sistema literarioa den modukoa da, eta ulertzen ditut Joxe Austin Arrietaren poesia trinko eta maila batean esperimental hau ez argitaratzeko arrazoiak; arrazoi komertzialak esan nahi dut. Baina, aldi berean, neure buruari galdetzen diot zer ostia gertatu den euskal literaturan, duela bi hamarkada euskal idazleek bozketa bidez hamar euskal idazle onenen artean kokatzen zuten egilea egun euskal Parnaso txikitik erauzia izateko». Joxe Austin Arrietak (Donostia, 1949), ez du uste, ordea, euskal literatur ekosistematik erauzia izan denik, eta liburua bera argitaratu izana horren erakusgarritzat dauka. Txirrindularitzako hizkera eta metafora bere eginez honela erantzun zion editoreari atzoko aurkezpenean berean. «Oraindik ez naiz bizikletatik jaitsi. Badakit hor aurrean doazela, gero eta aldenduago, gure Indurainak eta gure Somarribak, baina ni ere, ttirriki-ttarraka bada ere, banoa gorantz». Eta bere burua farolillo rojo-aren irudiarekin —tropelean azkena doana, eta gorritasun politikoa bere eginez, biak batean, ziur aski— erkatzen du egileak berak. Eta honela amaitu zuen aurkezpena, txirrindularitzako metaforarekin segituz: «Orain, muga hortxe bertan, hementxe bertan dudalarik, arnasa sakon hartu, elastiko izerditua apur bat lisatu, kasketa kaskoratu, eta presta nadin argazkirako. Besoak altxako ditut, noski: farolillo rojo-ok ere badugu geure harrokeria puntua, zer ba? Poesia ez baita inoren kontrako lehia, norberaren mamuekiko hautsi-mautsizko behin-behineko menia baizik».

Hiru atal txirikordatu

Mikel Antzak idatzitako epilogoak ere erdigunean jartzen du Jose Austin Arrietaren poetikaren nolakotasuna eta, oro har, poesiaren forma eta funtzioaren inguruko galdera. Honela dio: «Eta poesia norberak bere txokoan ez ezik jendartean ere gozatzeko literatura-generoa balitz? Poesiak, beste edozein literatura-generok bezala, irakurlea —entzulea— behar du eta, horregatik landarediaren antzera, sustraiak lurrari lotua, bizirauteko eta garatzeko estrategiak asmatu ditu. Gurean, kantagintzaren eta bertsolaritzan mozorrotuta dauka habi goxoa poesiak. Masa fenomeno bilakatzeraino eraman duen arrakasta horrek berak, paradoxikoki, desjabetu egin du poesia, izena ukatzeraino». Arrietaren iritzian «oso gibel-solas interesgarria» da Antzak idatzitakoa, «poesia herrikoiago eta komunikagarriago baten aldeko bere jarrera deliberatua primeran argudiatuz eta defendatuz». Baina, berak bereari eusten dio. «Diodana diot, eta diodanari eusten diot. Nire hitz poetikoa da, eta politikoa ere bai, Niketz eta Edgarrena, biena batera, dialektikoki kontra-esankorra, jakina».

Eta nor dira Niketz eta Edgar, Arrietaren konstrukto poetiko berrian? Liburuak dituen hiru espazio poetikoetan hirugarrena osatzen dute idazlearen bi alter-ego-ek, eta haien arteko dialektikak; liburu osoko testurik berrienak jasotzen ditu. «Fantasia zinetiko bat da, antzezpen bat, bi alter ego horien artekoa. Niketz oralitatearen demiurgoa da, eta Edgar, begiradarena». Liburuekiko intertestualitaea «oso ugaria» izan da Arrietaren lanetan, eta halatsu filmekikoa, «ez urriagoa». Liburuaren izenburuak, Estalien gradora hitz elkarketak berez iradokitzen du Stalingradoko gudua, «Volgara iritsi nahia», besteak beste, «zenbait gerra-pelikula ezagunetan ez ezik, Vassily Grossmanen Life and Fate liburuan oinarriturik. «Hemen ere, 'inoiz esan ezin esan diren estalitako egien' grado horretara hurbiltzeko, metafora baliagarria iruditu zitzaidan».

Azken batean, «poema antologia antzeztu bat» da Arrietak plazaratu berri duena, azken hogei urteetako fase desberdinetan idatzitakoa, eta hiru testu motatan banatua: «Bat, poemak, neureak, zaharrak edo ez hain zaharrak, baina neureak; bi, 'variatio/emulario'-ak eta itzulpenak, alegia, beste poeta batzuen testuetan oinarrituriko nire bertsioak; eta hiru, liburu honetako demiurgo-papera jokatzen duten bi alter-ego-en arteko dialektika, elkarrizketa kritikoa».

Berbatze-Enea izeneko atalak idazlearen «aspaldiko mamu batzuetan kuttun beste batzuetan petral haiek» biltzen ditu, «hitzak berba bihurtzeko bere ahalegin etengabean»; eta, Zuhandor bidean atala, hirugarrena, Bitoriano Gandiaga poeta frantziskotarraren erreferentziatik abiatzen da —hark erabili zuen zuhandor hitza poema batean; zuhaizka baten izena da— eta «erlijioak eta hark utzitako oinazeen» gainean aritzeko baliatzen du poetak. «Erlijioak utzi zigun oinatz eta oinaze sakona da, gure barne-aztarnategiko geruzarik trinkoena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna