Tunelean gordetako neska

Xabier Amurizak fikziora eraman du frankismoan euskal abade presoek eginiko ihesaldi saioa, 'Neska bat leku inposiblean' eleberrian. Neska bat jarri du protagonista, «alegoria pozgarri bat» sortzeko
Berak bizitako istorio bat fikziora eraman du Xabier Amurizak <em>Neska bat leku inposiblean</em> eleberrian. Irudian, Amuriza, atzo, Donostian.
Berak bizitako istorio bat fikziora eraman du Xabier Amurizak Neska bat leku inposiblean eleberrian. Irudian, Amuriza, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2018ko martxoak 7

Frankismo garaian, 1970eko lehen urteetan, ustez apaiz batenak ziren ohiko zereginetan ez, oso bestelakoetan zebilen euskal abade talde bat. Zamorako (Espainia) kartzelan preso zituzten, eta ihes egiten saiatuko zirela erabaki zuten. Tunel bat zulatzeari ekin zioten horretarako, eta ia bi urteko ezkutuko lanen ondotik, zuloaren beste aldean argia ikusi ere egin zuten. Ihes egitea, ordea, ez zuten lortu, espetxezainek azken unean tunela atzeman baitzuten. Tunelgile aritutakoen artean izan zen Xabier Amuriza (Zornotza, Bizkaia, 1941), eta, ia bost hamarkada geroago, gertaera hura fikziora eraman du. Elkar argitaletxearekin plazaratu du Neska bat leku inposiblean nobela, eta atzo aurkeztu zuen egileak berak, Xabier Mendiguren editoreak lagunduta, Donostian.

Kartzela berezia zen Zamorako hura, konkordatua; hitzarmena egin zuten Vatikanoak eta Francoren erregimenak, preso hartutako abadeak han giltzapetzeko. «Mendebaldeko historia osoan nekez aurkituko da apaizen presondegi bat, zeinaren jabetza eta gobernua Elizak eta estatu batek partekatzen dituzten», Amurizaren hitzetan. Bertan sartu zituzten bera eta beste hainbat euskal elizgizon —tartean, besteak beste, Josu Naberan, Julen Kaltzada, Alberto Gabikagogeaskoa, Nikola Telleria...—, errepresioaren aurka Bilboko gotzaindegian protesta bat egin ostean. Zigor luzeak ezarri zizkien epaimahai militar batek, eta, Zamoran zirela, ihes egiten saiatzea erabaki zuten, beste zenbait abaderekin batera. Hamazazpi metro luze zen tunela zulatu zuten; baina, azken unean, plana zapuztu zitzaien.

Aspalditik zuen buruan Amurizak istorio hori idazteko asmoa. «Argumentu guztiz interesgarria da, norbera tartean izanda gehiago». Istorio horren kronikak badaudela azaldu du, baina berak literatura egin nahi zuela. Eta fikziora eraman nahi zuela gertakari erreal hura. «Seguruenik, tunela arrakastatsua gertatu izan balitz, ez nuen fikzioa egingo. Baina tunela porrota izan zen, eta ez nuen porrotean amaitu nahi, eta literaturan ere ez dut porrota transmititu nahi. Porrot tokietan sarritan egon naiz nire bizitzan, baina, zeharka, porrot horiek garaipen kolateralak izan dituzte. Behar nuen istorioari bide kolateral bat atera garaipen bat izan zela sentitzeko eta, batez ere, literarioki balio hori eduki zezan».

Alegiazko elementu bat sartzeko hautuan topatu zuen bide hori, kontakizunean neska bat sartzeko erabakian, alegia. Abadeei ihesaldian lagunduko die, eta bera da liburuko protagonista. «Tunelaren berezitasunik nabariena da neska bat dela bertako protagonista nagusia», Amurizaren hitzetan. «Hortxe filtratu zen eta askoz zailagoa dena, hortxe gordetzen da, leku inposiblean. Neska bat gizonezkoen kartzelan, eta gizonezko apaizen kartzelan. Berari esker, historia galtzaile batek badu alde garaile bat, errepikatzea merezi lukeena. Bera dela bide, porrot mingarri batek alegoria pozgarri bat sortu du». Alegoria hori pertsonala da idazlearen kasuan, baina, haren ustez, «orokorra» ere izan liteke. «Eta, agian, orokortasun hori multiplea izan daiteke. Baina hori irakurlearen aukeran gelditzen da».

Liburua memoria historikoari ekarpena egiteko helburuarekin idatzi ez duen arren, horretatik ere baduela adierazi du idazleak. «Badago duela 50 urteko izpiritu bat hemen, hor islatzen den giroa, idealismoa... Badago izpiritu komun bat Euskal Herriko zati handi batena, eta hori guztiz sentipen bizia dut gaur, bai pertsonalki bai kolektiboki». Ez zuela kronikarik egin nahi, «literatura nazionala» baizik, hori ere argi utzi du. «Nik motiboak hemengoak nahi ditut, Euskal Herriak bizi izan dituenak. Nire sinbolo literario nagusiek euren tokian tokiko giroa egin dute. Ni ez noa atzerrira motibo bila: nik hemendik nahi dut egin».

Gertagarri izatea, obsesio

Neska bat gizonen eta, zehazki, gizonezko abadeen kartzela batean egotea ez da gauza arrunta. Zertarako jarri duen bai, baina Amurizak ez du argitu eleberrian nolatan dagoen neska hori han. Edonola ere, fikzio hori gertagarria izatea izan da haren «obsesioa», esan duenez. «Saiatu naiz neska hori kartzelan sartzen, eta hori izan da errazena; zailena da bertan gordetzea. Eta uste dut, aurreratu ezin ditudan detaile askorengatik, gertagarria dela neska hori hor egotea. Ahalegin hori egin dut; neska bat sartu dut eta uste dut sinesgarria dela, eta hala balitz, garaipen eder bat izan da, nahiz eta tunela porrota izan».

Hogeitaka liburu ditu argitaratuak Amurizak, askotarikoak, gainera. Fikzioa egin izan du, eleberrien bidez bereziki; bertsolaritzaren inguruan ere idatzi izan du; autobiografia ere landu du; baita saiakera ere, hizkuntzari lotutako bere gogoetak plazaratzeko, adibidez; itzulpengintzan ere aritua da... «Artista polifazetikoa da, arlo asko landu dituena», Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan. «Denetan pasioz eta indarrez aritu izan da, eta denetan utzi du bere alea, arrastoa eta zeresana». Editoreak gaineratu du oraingoan nobela bat idaztea erabaki duela, eta ez dela nolanahiko eleberria.

Hizkuntzari dagokionez, azken urteotan euskara batu erabilgarriago eta eraginkorrago baten aldeko proposamenak jasotzen dituzten hainbat lan idatzi dituela ekarri dio gogora Amurizari editoreak. Bere nobelako hizkuntza teoria horien gauzatze modura har litekeen galdetuta, egileak iritzi dio ez duela hori muturrera eraman, baina lexikoan igarriko dela. «Literatura egitean ikusten dut muga handiak ditugula. Hiztegi literarioa da hemen zaila, ñabardurak; hor ikusten ditut mugak, eta horretan saiatu naiz, betiere neurri baten barruan».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Sean Connery, Berlinen, 2005. urtean ©MARCUS BRANDT/POOL / EFE

Sean Connery aktorea hil da

Iñigo Astiz

Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin 

Develaireren erakusketa, Nafarroako Museoan. ©Iñigo Uriz / Foku

Itxialdian %67 murriztu zen Nafarroako kultur enpresen fakturazioa

Ane Eslava

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bi txosten aurkeztu ditu, konfinamenduak kultur arloan izan duen eraginari buruz

Michel Tabachnik suitzarrak zuzendu zuen Euskadiko Orkestra herenegun. ©TIPEZ
Idoia Garzes idazlea, bere helduentzako lehen eleberria, <em>Mendiko gaitza</em>, eskuetan duela. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Mendiko gaitza: fisikoa ez ezik, soziala ere bai

Amaia Igartua Aristondo

Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' liburuko protagonista desagerpen batekin lotuko du mendian aurkitutako txartel batek. Helduentzako lehen eleberria du, eta proiektuarekin Zubikarai beka jaso zuen iaz

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna