Fausto modernoa, rapean

'Fausto, herritar eredugarri' antzezlana estreinatuko dute Korrika kulturalaren harira.Orotara, bost ekitaldi eta hiru lehiaketa egingo dituzte urtarriletik aurrera Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan

Galder Perezek zuzendutako Fausto, herritar eredugarri obraren eszenetako bat; Faustoren mitoan dago oinarrituta. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Tipi-tapa ibiltzea baino gehiago da Korrika. Tropelak kaleak hartzeaz gaindi dagoen zerbait. Ez da soilik euskalgintzari emandako hauspoa: herriei eta hiriei eskainitako ekimena ere bada. Eta horregatik, lasterka ibiltzearekin batera, kultur eskaintza zabala aurkeztu nahi izan dute antolatzaileek. «Herriak ematen duen horretatik apurtxo bat bueltatzeko». Musika, bertsogintza eta antzerkigintzaren lekukoa hartuko du, bada, urtarriletik aurrera Korrika kulturalak. Bost ekitaldi nagusi izango ditu: Fausto, herritar eredugarri antzezlana; Gosariak egitasmoko kontzertuak; Bertsolaritzaren sekretuak emanaldia; Hor dago ardoa ikuskizuna; eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Txo, Mikmak txikia. Hiru lehiaketa ere prestatu dituzte: bertsolaritza, bideogintza eta musika ardatz. Bestalde, Android eta iPhonerako Korrika app aplikazioa ere kaleratu berri dute, doan; bertan, ibilbidea, Korrika kulturalaren egitaraua eta argazkiak izango dira, besteak beste.

'FAUSTO, HERRITAR

EREDUGARRI'

Deabruarekin egin zuen tratua Faustok, arima mugarik gabeko jakintzarekin trukatuz. Hitzarmenak, ordea, ez zion zoriontasunik eman. Horixe da elezahar alemaniar ezagunak kontatzen duena. Bekatuak, epaiak eta infernua tarteko.

Galder Perezek mitoa hartu, eta gaur egunera ekarri du Fausto, herritar eredugarri obraren bitartez. Bertsio berrituan, kartzelan dago Fausto protagonista, eta Madame Demokraziarekin ezkontzea onartuko du, «ongizatearen bidean» lerratzeko. «Ereduzko herritar» izateko bide «ilun, haluzinagarri, elektroniko, arriskutsu eta atzera bueltarik gabekoa» kontatzen du lanak.

Obra klasiko batetik abiatzen bada ere, berrikuntza du ardatz: hip hop doinuak, musika elektronikoa, aktoreak, idazleak, DJak, rap egileak... nahas-mahasean oholtzaratuko dute dena. Haatik, ordenatutako kaos bat da konbinazioa, eta horixe da, hain zuzen, helburua: diziplina anitzeko emanaldia eskaintzea. «Antzerki panfletoa, kontzertua, deskontzertua, komedia, tragedia eta performancea» egitea. Era berean, hausnarketarako bide eman nahi du. «Denok bizi gara preso». Horixe sortzaileen premisa. «Demokrazia faltsu baten nora ezean itota» dago gizakia, baina hark eman zion sistemari baimena, «ongizatearen fabula» sinetsita. Kritika soziala eta parodia uztartu dituzte egileek. Estreinaldia urtarrilaren 29an izango da, Donostian, Antzoki Zaharrean. Gero, Burlatan (Nafarroa), Gasteizen, Gernika (Bizkaia) eta Bilbon izango da ikusteko aukera.

'GOSARIAK'

«Dantza egiteko modu asko daude, iraultza egiteko modu asko dauden bezala». Gose taldeko Ines Osinagak hala definitu du Gosariak proiektuaren aniztasuna. Eta ez da gutxiagorako. «Unibertso bat» osatu baitute Gose taldeko kideek Joseba Sarrionandia idazlearekin eta Juan Luis Goikolea eta Iñigo Arregirekin batera. Sarrionandiak idatzi ditu abestietako hitzak, eta taldeak musikatu ditu. Goikoeleak eta Arregik, berriz, irudiak egin dituzte batasuna ilustratu nahian.

Orain, zuzenean erakutsiko dute emaitza, makina bat kontzertu eskainiz, «irudiek eta kantek elkar limurtzeko». Hilaren 22an izango da lehenengo emanaldia, Bilboko Guggenheim museoan. Aurrerago, Eskoriatzan (Gipuzkoa), Donostian, Hendaian (Lapurdi), Gasteizen, Igorren (Bizkaia) eta Iruñean taularatuko dute.

'BERTSOLARITZAREN

SEKRETUAK'

XIX. mendera bueltan eraman nahi ditu ikus-entzuleak Bertsozale Elkarteak Bertsolaritzaren sekretuak emanaldiaren bitartez. Zehatzago esateko, orduko emakumezko bertsolarien ingurua islatu nahi du, bazeuden-eta garai hartan ere plazetan ibiltzen ziren emakumeak, dokumentazio gutxi heldu bada ere. Hala azpimarratu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langile Jokin Labaienek.

Itzalpean geratutako historia zati hori argitara emateko asmoz diseinatu dute emankizuna, izan ziren haiei «ahotsa emateko eta gaiaren inguruan hausnartzeko». Bertsoa erdigunean egongo da, baina ez da hori bakarrik izango: narrazioek eta musikak ere hornituko dute. Hernanin (Gipuzkoa) estreinatuko dute, otsailaren 22an. Iruñean eta Mungian ere (Bizkaia) plazaratuko dute.

Horrez gain, aurten ere Bertso Korrikari ekingo diote. Tokian tokiko bertso eskolek eta euskaltegiek saioak antolatuko dituzte euskaldun berrientzat. Orotara, 29 bertso eskolak hartu dute parte prestakuntzan; 120 bertsolarik baino gehiagok kantatuko dute, eta 30 lagun ariko dira gaiak jartzen.

'HOR DAGO ARDOA'

Enologiak ere izango du bere tokia,«artez jantzitako ardo dastaketa» prestatu baitute, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik. Zuzeneko musikak lagunduko du edaria, baita antzezpenek eta margolanek ere. «Esperientzia integrala» izango da, antolatzaileen irudiko. Gainera, bi antzezle egongo dira zerbitzari, kantari, poema egile eta zirikatzaile lanetan, emanaldia are dinamikoagoa izan dadin.

Nafarroako eta Arabako ardoaketa Gipuzkoako eta Bizkaiko txakolinak zerbitzatuko dituzte. Errenterian (Gipuzkoa) dastatuko dute edaria aurrenekoz, martxoaren 5ean, ostegunarekin. Zallara (Bizkaia), Gasteizera eta Lizarrara (Nafarroa) eramango dute dastaketa aurrerago.

TXO, MIKMAK TXIKIA

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abentura bat ere antolatu dute, haurren gozagarri: Txo, Mikmak txikia antzeztuko du pailazo taldeak. Istorioan, plastikozko zabortegi bihurtzen ari da itsasoa, eta balea bat gaixorik iritsi da hondartzara. Orduan, Albaola ontziolan San Joan baleontzia eraikiko dute, laguntzeko helburuz. Sondikan (Bizkaia) egingo dute lehen funtzioa, eta Izpuran (Nafarroa Beherea) eta Lodosan (Nafarroa) antzeztuko dute gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.