Suzko bidaia emozionalak

'Su izan nahi. Hildakoak, senideak eta maskotak' antzezlana estreinatuko du Metrokoadroka kolektiboak larunbatean, Durangon.Pertsonen bizitzak lotzen dituzten hariak ditu ardatz

Metrokoadroka kolektiboaren Su izan nahi antzezlanean parte hartzen duten bost lagunak, entseguetan hartutako irudi batean. ALVARO LEDESMA / METROKOADROKA.
Ainhoa Sarasola.
Errenteria
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Taldekideen arteko solasaldi batean atera zen gaia. Ez haren bila hasi zirelako, «belaunaldi kontua» izan daitekeelako, haien ustez. Atzera begira jarri, eta beren bizitzetan garrantzitsu izan diren pertsonez gogoetan jardun zuten, eta guztiak «antzeko puntuan» zeudela jabetu ziren Metrokoadroka kolektiboko kideak. Poza antzezlana sortzeko 2012an batu zen boskote bera elkartu ziren berriro, elkarrekin zerbait egiteko eta aurreko obran bereziki jorratutako kode eszenikoan sakontzeko gogoz. Su izan nahi. Hildakoak, senideak eta maskotak antzezlana izan da gogoeta horien guztien emaitza. Larunbatean estreinatuko dute ikuskizuna, Durangoko San Agustin antzokian.

Idoia Beratarbide, Oier Guillan, Javi Barandiaran, Ander Fernandez eta Asier Sarasola dira boskote hori. Urteak daramatzate elkarrekin lanean, eta ongi ezagutzen dute elkar. Diziplina batetik dator bakoitza; pintura eta ilustrazioaren mundutik Beratarbide, letrenetik Guillan eta Sarasola, antzerkitik Barandiaran, eta musikarenetik Fernandez. Baina urteotan, diziplina horiek nahasiz eta esperimentatuz jardun izan dute, baita oraingoan ere, Guillanen hitzetan: «Argi dugu segitzen dugula arte diziplina ezberdinen arteko loturak bilatzen, baina argi dugu hau antzerkia dela ere; kasu honetan, askoz ere gertuago gaude antzerkitik, eta hori asko interesatzen zaigun bide bat da». Beratarbideren ustez, halaber, diziplina ezberdinak hor daude, «baina beste modu batera zabalduak».

Interpretazio librea izaten dute lanerako tresna nagusi. «Agian, Poza-ren kasuan, lotuago ibili ginen; bagenituen testu batzuk, eta horietatik abiatu ginen», dio Beratarbidek. «Oraingoan, gehiago izan da gai horri buruz norbere bizipenak, testuak nahiz irudiak besteei eskaintzea, gero horretatik guztitik denok abiatzeko». Bat dator Guillan. «Oso testu gutxi dago, baina dena da oso poetikoa. Sortze prozesuan, inprobisazioak eta gaiak proposatzean, irudi poetikoetatik abiatu gara; ez genituen testuak idazten, baizik metafora bisualak zein fisikoak. Hala, nahiz eta poema gutxi egon, kontzeptuak poesiatik datoz».

Beren antzerkia performance-ra hurbiltzen dela uste dute. Zergatik? «Kontatzen ditugun gauza guztiak benetakoak direlako, oso gauza errealetatik abiatzen garelako, pertsonaletatik; gure bizitzako materialak dira, baina lurralde unibertsal batera eramanak. Oholtza gainean, pertsonaia batzuk gara, baina pertsonaia horiek geure izen berberak dituzte... eremu horretan jolas egiten dugu, hortik doa gure kodea».

Bide horretan sakondu nahi izan dute Su izan nahi obrarekin: «Poza-k arrasto oso polita utzi zigun; sentitu genuen boston artean kode bat lortzen ari ginela, ahots propio bat, egiteko modu bat. Gogoz ginen horretan sakontzeko». Orduan, edertasuna izan zuten ardatz, eta, orain, pertsonek besteengan uzten dituzten arrastoak, heriotza, bizitza... dituzte hizpide. Eszenografia minimo batekin, samurtasunez ariko dira tarteka, umorez besteetan... Publikoari «ongi pasarazteko eta publikoa hunkiarazteko» xedez.

Sormen prozesu kolektiboa

Zubi deialdira aurkeztu, eta haren laguntzarekin osatu dute antzezlana. Hari esker, bi asteko egonaldi bana egin dute taldekideek: Zumaian (Gipuzkoa) lehena, eta Durangon (Bizkaia) bigarrena. Lanerako oso biziak izan direla dio Beratarbidek: «Lehen egonaldiaren aurretik, mahai gaineko lana egin genuen, eta ideia batzuekin iritsi ginen hara, oholtza gainean jarri nahi genituen sentsazio batzuekin. Zumaiako egonalditik egitura batekin atera ginen, bi aste baitira, baina bi astez egunero zortzi orduz arituz, etxean segituz, elkarrekin biziz... Bigarren egonaldian, obrari ia forma osoa ematea lortu genuen». Guillanentzat, gakoa izan da laguntza hori: «Euskal Herrira orain iristen ari den gauzak egiteko modu bat da, beste leku batzuetan oso errotuta dagoena eta oso baliagarria dena, lanerako alde handia baitago; aukera ematen du bestela lortu ezin litekeen seriotasun eta sakontasun batez lanean murgiltzeko, eta emaitzan izugarri sumatu dugu».

Durangon, harrera egin zieten lagunentzat emanaldi bat antolatu zuten; ondoren —Zubi deialditik kanpo—, beste sei egun egin zituzten Errenteriako Niessenen (Gipuzkoa). Han ere egin dute emanaldi bat, lagun artekoa. Hori baita Metrokoadrokakoen filosofia. «Mikelazuloren garaitik, gure lan egiteko era beti oso lotua egon da kolektiboari». Bai obra baten sormen prozesuan, bai lagun dituzten pertsona nahiz taldeekiko ere. Behin proiektu bat heltzea lortzean, lagun jakin batzuei erakusten diete sarri dio Guillanek: «Dejabu, Rouge Elea, TTak Teatroa, JB Pedradas... oso gertu sentitzen ditugu; maiz, zer kontatu eta nola badakigunean, beste haien konplizitatea lortu nahi izaten dugu, ezagutzen gaituztelako, ezagutzen dutelako gure kodea, gure nahia; ez diegu ezer azaldu beharrik, gai dira une batez kanpoan jarri eta ispilu lana egiteko, eta beste begirada bat ematen laguntzen digute».

Uda artean, Su izan nahi-ren hainbat emanaldi egingo ditu Metrokoadrokak, baina ez dakite ordutik aurrera zein bide egingo duen. «Garai politean» daudela diote, kideek hainbat proiektu dituztelako martxan, baina horrek elkartzeko zailtasunak ere ekartzen dizkie, eta ez dakite emanaldi gehiago izango diren. Horrek ez ditu kezkatzen, hala ere: «Hemen geratuko balitz ere, bizitza ederra egin badu, zergatik ez?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.