Literaturako esku ikusezina

Txomin Agirreren 'Kresala' abiapuntu hartuta, literaturaren eta ideologiaren arteko harremanak izan ditu mintzagai Bernardo Atxaga idazleak Bilbo Zaharra euskaltegiaren Forum jardunaldietan

Bernardo Atxaga, atzo, Bilbo Zaharra euskaltegiak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan antolatutako hitzaldi zikloan hizketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Txomin Agirreren Kresala irakurtzen hasi, eta ideologiaren omnipresentziarekin egin du topo Bernardo Atxaga idazleakletren arteko hutsuneen zirrikitu guztietan. «Domingo Agirre idazlea, eta eskritorea, benetako idazlea eta benetako eskritorea, mugimendu integristaren eta ideologia integristaren idazle organikoa izan zen. Eta bere liburua, Kresala, esan dezakegu ohiturazkoa dela edo dela Euskal Herriaren aldekoa, baina hori periferikoa da, liburu hau funtsean delako ideologia horren propaganda liburu bat. Eta orain aipatuko dut segidan: ez da liburu txarra. Idazle hau benetako idazlea zen. Iruditzen zait dohain handiko idazlea izan zela, baina aldi berean izan zen mugimendu haren guztiaren idazle organikoa». Agirreren liburua abiapuntu hartuta, hain zuzen ere, ideologiaren eta literaturaren arteko harremanei buruz aritu zen idazlea. Bilbo Zaharra euskaltegiak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan antolatutako Forum jardunaldietan.

«Nik neronek ere esan izan dut halakorik askotan, baina ez da pentsatu behar ideologiak obra baten kalitatean eragina duenik», azaldu zuen Atxagak. «Egon daiteke liburu bat ideologiaz kutsatuta, baina, halere, obra hori izan daiteke maila askotan obra handi bat: pentsarazten diguna, munduaren ikuspegi bat ematen diguna, gure bizitza argitzen diguna...».

Are gehiago. Atxagak azaldutakoaren arabera, motor moduko bat ere bada ideologia literaturarentzat. «Liburuek eskuak behar dituzte», azaldu zuen. «Idazlearen eskuetatik joan behar dugu irakurlearen eskuetara, eta batzuetan bidaia hori da oso luzea, batzuetan munduari buelta eman behar dio esku batzuetatik besteetara iristeko. Eta bidaia horretan indarrik indartsuena ideologia da. Beti dago ideologia liburu baten atzean, eta esku nagusia, bultzada nagusia ideologiatik datorrena da».

Eta zein da, beraz, Agirreren liburuaren bihotzean dagoen ideologia hori?

Babesaren garrantzia

Bada, nagusiki Eliza. Izan ere, Eliza katolikoaren nagusitasuna zuen ardatz nagusi XX. mende hasieran bereziki Gipuzkoan indarra izan zuen mugimendu integristak, Atxagaren hitzetan, eta Ignacio Maria Etxaide ingeniari eta artikulugilearen testuen bidez azaldu zituen haien programa politikoaren funtsak: arrazionalismoaren aurka, liberalismoaren aurka, sufragio unibertsalaren aurka, emakume eta gizonen arteko harremanen aurka, eta alde, batez ere, Eliza katolikoaren nagusitasunaren alde. «Elizaren moral antzugarria gizonen, eta batez ere emakumeen arima zuloraino eramatea», laburtu zuen Atxagak. Eta bere ustez, Etxaidek eta haren alderdi kideek politikoki planteatutako ideologia horren agerpen literarioa da Kresala.

Kalitatezko agerpena, edonola ere, Atxagaren hitzetan.

Gogora ekarri zuen, esaterako, Agirrek nola kaleratu zuen liburua bere kasa, eta nola aritu zen bere obra azken muturreraino defendatzen. Eta ideologiakide zituen lagunek eskainitako laguntza ere azpimarratu zuen Atxagak. «Babesa eman zioten».

Eta hain justu ere ideia horrekin egin zuen jauzi hizlariak XX. mende hasierako literaturatik gaur egungora arte. Ideologiak literaturaren iraupen sozialean duen rola izan zuen mintzagai, zehazki. «Esan behar da ideologiaren babes hori euskal literaturarentzat zoragarria izan dela. Ideologiak bultzatu zuen Agirre, baina ideologiak bultzatu gaitu baita ere gu; ez gaitezen jarri haren gainetik. Eta horregatik ari gara oraindik duela ehun urte baino gehiago atera zen liburu horri buruz hizketan. Eta Agirrerekin gertatu dena ere gertatu zen nirekin, eta beste idazle askorekin ere bai».

Idazlerik zoriontsuenak

Ironia puntu bat ere gehitu zion azalpenari Atxagak. Azaldu zuenez, publikoarekiko gertutasun horri esker, «munduko idazlerik zoriontsuena» izateko motiboak badituelako euskal idazleak. Serioago, berriz, gero. «Oso bitxia da halako iraupen soziala lortzea liburu batek zein besteak. Oso-oso zaila da. Esate baterako, Espainian ere sorreraren eta zabalpenaren momentuan egiten die bultza ideologiak liburuei, baina zenbatek jasoko ote dute opari hori gazteleraz idazten dutenen artean? %1ek? Hala izango da. Nik uste dut, Euskal Herrian, gutxi edo gehiago, %80k halako existentzia soziala jasotzen duela esku horiei esker».

Eta buelta berriz Agirreren kasura, eta buelta ideologiaren alde hertsiagoetara. «Nire ustez, Agirre idazle ona da», Atxagak berriro, baina zehaztapen bat gehituta gero: «Eduki zezakeen handitasun gehiago, baldin eta bere ideologia horren kartzelan ez bazen gelditu». Atxagaren hitzetan, idazleak zeukan ideologiaren zorroztasunak ez baitzion utzi giza arimaren sakontasunera heltzen. Pultsiorik gabe, subjektibitaterik gabe.

Eta, halere, tradizio horren defentsan Atxaga. «Progreei entzun diet euskal literaturari buruz esaten 1940ra arte denak apaiztxoak izan zirela. Arbuio hori egiten zaio euskal literaturari askotan, eta ez dugu onartu behar. Esaten badute Agirre izan zela kapilautxo bat, ba ez, barkatu, ez zen izan kapilautxo bat; zen pertsona konplexu bat, oso zirkunstantzia berezi batzuetan, ideologia benetan itogarri batean murgilduta, eta giro krudel batean. Errespetu bat izan behar diegu».

Forum jardunaldiek segida izango dute gaur, eta Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Ana Urkiza idazleak arituko dira Kresala-ri buruz. 19:00etan izango da saioa, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.