Barealdietarako Su Ta Gar

Pasarte akustikoak eta elektrikoak uztartu ditu Su Ta Gar taldeak 'Maitasunari pasioa' balada diskoan. Urtarriletik aurrera, antzokiz antzokiko bira «intimo» batekin aurkeztu nahi dute lana zuzenean

Su Ta Gar taldeko Xabi Bastida, Galder Arrillaga, Aitor Gorosabel eta Igor Diez, atzo, Bilbon, diskoaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ideia bazuten, tarteka ateratzen zen gaia entseguetan, eskatu egiten zieten zaleek, eta, azkenean,animatu dira. Beren orain arteko disko guztietan sartu dute beti balada kutsuko kantaren bat edo beste, baina oraingoan balada kutsuko kantekin bakarrik osatu du Su Ta Gar taldeak bere ibilbideko 11. diskoa: Maitasunari pasioa. «Zerbait ezberdin egiteko beharra genuen», azaldu du Aitor Gorosabel abeslari, gitarra jotzaile eta kanten konpositoreak, eta horregatik erabaki dute aspalditik bueltaka zerabilten balada disko bat kaleratzeko ideiari heltzea. «Su Ta Garren esentzia eta indarra mantentzen ditu diskoak, baina kanta lasaiagoak, leunagoak eta xamurragoak biltzen ditu». Pozik daude emaitzarekin. «Gure orain arteko lanik intimo eta pertsonalena izan daiteke hau».

«Zuen disko guztietako kanta lasaiekin, nik neuk sortu dut nire baladen diskoa; zergatik ez duzue halako zerbait egiten?». Xabi Bastida gitarra jotzaileak azaldu duenez, maiz entzun dizkiete halako eta antzeko esaldiak zaleei, eta halakoek animatuta sortu dute Maitasunari pasioa. Izan zuten buruan aurreko lanetako kanta lasaiak bildu eta moldatzeko ideia, baina, azkenean, 11 abesti berri sortzea erabaki dute. Abesti lasaiak guztiak. Baina zehaztapena egin du Gorosabelek. «Kakotx artean dira lasaiak». Izan ere, gitarra elektrikoek eta Su Ta Garren marka daramaten soloek ere protagonismoa hartzen dute tarteka zenbait abestitan, eta badira zati gogor batzuk ere hainbatetan; hain zuzen ere, uztartze hori bilatu baitute musikariek. «Gu ohituta gaude egurra ematen, baina erronka hori jarri nahi izan diogu geure buruari».

Maitasuna eta pasioa dute gai abesti guztiek, baina, Gorosabelek zehaztu duenez, maitasun eta pasio asko dira kantetan ageri direnak. Gorosabel: «Utzi gaituztenenganako maitasuna, gurasoenganakoa, ingurukoenganakoa, bikotekide edo bikotekide ohiarenganako maitasuna, Euskal Herriarenganako maitasuna, norbere buruarenganako maitasuna edo gehienetan norbere buruarenganako maitasunik eza, naturarenganakoa...». Abeslariak azaldu duenez, taldekideen bizitzan eta lanbidean oso garrantzitsua da bai maitasuna eta bai pasioa. «Diskoaren izenburuak zerikusia du guk musika bizitzeko dugun moduarekin».

Arazo klinikoekin borrokan

Udaberrirako nahi zuten kalean diskoa, baina osasun arazoek atzeratu dute argitalpen data. Oztopo klinikoen aurkako borroka bat ere izan da horregatik diskoaren grabazioa. Ahots kordetan kiste bat aurkitu zioten medikuek Gorosabeli urtarrilean, eta martxorako jarri zuten operaziorako data. Operatu aurretik grabatuta utzi nahi izan zuten dena, horregatik, baina ezin: ahotsak grabatzeko garaia heldu zenean, eztarriko infekzio bat izan zuelako. Operaziotik osatu arte atzeratu zuten grabazioa, beraz, eta zuzeneko kontzertuetan zentratu zuten arreta. Zorte handirik ez, ordea, hor ere. Etxean istripua izan eta ezkerreko hatz erakuslearen tendoi erdia, nerbioa eta arteria eten zituen Gorosabelek. Azkar batean topatu behar izan zuten haren ordezkoa, eta Aitor Osadaren laguntza izan dute geroztik zuzeneko guztietan gitarrak eta Gorosabelen soloak jotzeko. Oraindik ere erabat osatu gabe du hatza, baina espero du kanta berrien aurkezpenetarako prest egotea.

Berezia da diskoa taldearen ibilbidean, eta birako kontzertuak ere bereziak izan daitezen nahi dute horregatik. Antzokietan aritzea da haien asmoa, eta publikoak kontzertua eserita ikustea. «Puntu intimoagoa nahi dugu bira horretako kontzertuetan», azaldu du Gorosabelek. Pianoa ere eraman nahi dute emanaldietara, eta Gorosabelek joko du zuzenean. Izan ere, pianoan sortutako melodietatik osatu ditu diskoko abesti batzuk, nahiz eta, azkenean, diskorako gehien-gehienak gitarraz jantzi dituzten. Eguna argitzean kantan mantendu egin dute pianoa. «Berria da hori guretzat», aitortu du Gorosabelek.

Kantek duten intimotasuna islatu nahi izan dute diskoaren diseinuan ere, eta horregatik eman diote eskutitz zahar baten itxura euskarri fisikoari. Hitzak ere eskuz idatzita datoz liburuxkan. «Horrela, abestien hitzak entzuleari bidalitako gutunak izan daitezkeela irudikatu nahi dugu».

Astebete darama diskoak kalean, eta orain arte jasotako erantzunarekin pozik daude taldekideak. «Sare sozialetan izan dugu sorpresa hartu duen baten baten komentarioren bat, baina orokorrean oso mezu politak jaso ditugu. Jendeak oso ondo hartu du». Argi utzi dute, halere, diskoa salbuespena izango dela. «Proiektu hau guztia gauza puntual bat da. Ez diogu bide berri bati ekin. Egin behar genuen zerbait zen disko hau, eta egin dugu, baina gure asmoa da emanaldi hauek denbora tarte batera mugatzea, eta, gero, berriro itzultzea gure betiko formatura».

Azken 23 urteetan egin bezala, oraingoan ere Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan egin dituzte diskoaren grabazioak. Ezagun duten espazio horretatik egin dute orain arte ezezagun zituzten doinuetarako jauzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.