Aurreiritziz aurreiritzi aurrera

Tartean antzerki konpainiak 'Zergatik, Jamil?' estreinatuko du datorren astean, Donostian.Patxo Telleriak eta Jokin Oregik zuzenduta, Mikel Martinez eta Eneko Sagardoi ariko dira oholtza gainean

Mikel Martinez eta Eneko Sagardoi, Zergatik, Jamil? obraren entsegu batean. GUILLERMO CASAS.
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Zergatik, Jamil? antzerki obra estreinatuko du datorren astean Tartean antzerki konpainiak, Donostiako Antzoki Zaharrean, bi emanaldi eginez, urriaren 16an eta 17an. Thriller sozial bat da, Patxo Telleriaren jatorrizko ideia batetik abiatua, Telleriak berak idatzia eta Telleriak berak zuzendua, Jokin Oregirekin elkarlanean. Aktore lanetan, berriz, Mikel Martinez eta Eneko Sagardoi ariko dira. Donostiako emanaldien ondoren bira hasiko dute Euskal Herrian barrena, eta martxoan gaztelaniazko bertsioa ere jarriko dute martxan.

Eneko Sagardoik Jamil pertsonaia gorpuztuko du, magrebtar jatorriko gazte etorkin bat; Mikel Martinezek, berriz, paralisi progresibo batek jotako gizon bat. Biak ala biak, nor bere modura, gizartearen mugetan daude, edo, hobeto esanda, gizartetik at sentitzen dira. Pertsonaia bien egoera soziala eta bien arteko gatazka azaleratuko dira antzerki obrak garatzen duen kontakizunak aurrera egin ahala.

«Jamil polizia etxe batean iratzartzen da, memoriarik gabe, konortea galdu ostean», aurreratu du Telleriak Zergatik, Jamil?-en argumentua azaltzean. Poliziek esango diote elbarri bat erail duela, hainbat urtez zaindu duen elbarria hain zuzen. Horixe da antzezlanaren abiapuntua». Hilketa hori zergatik gertatu den planteatuko da; hortik izenburua: Zergatik, Jamil?

Zalantza eta larritasun egoera horretan, Jamil gazteari Xabier agertuko zaio bere buruaren proiekzio batean. Eta bien artean hilketaren arrazoiak argitzen saiatuko dira, batzuetan elkarren etsai eta besteetan elkarren lagun. Azken finean, biak dira egia gose eta, nahiz eta elkar gorrotatu, ez daukate kolaboratzea beste irtenbiderik.

«Obran gorabehera asko daude, umore, sentipen eta erlazio mota ugari», azaldu du Telleriak, eta, hortaz, egiaren bilaketa horretan, etorkinekiko aurreiritziak, gutxiesteak eta ezinduen arazoak gurutzatuko zaizkio ikusleari, gaur egungo gizartearen isla bat eskainiz.

«Publikoak ere arakatu egin beharko du istorioan», Telleriak dioenez. «Bere hipotesiak bota eta desmuntatu beharko ditu, pertsonaiek hipotesiak bota eta desmuntatzen dituzten bezala. Gizartearen aurreiritziekin jokatzen dugu antzezlanean, eta seguru asko ikusleek ere aurreiritzi berekin eraikiko dituzte beren hipotesiak».

«Generoari dagokionez, ikusleak bere uste, suposizio eta kabalak egingo ditu hasieratik, geroago errealitateak ezeztatuko dituenak»; hala dio konpainiak obra iragartzeko zabaldu duen txostenean. «Ikusleak bere epaia emango du etengabe, antzezlanak irudikatzen duen gizartearen mekanismo berdinek bultzaturik. Ikuslearen aurreiritziakgizartearen aurreiritziak dira».

Aztarnen eta frogen bila

Ikusleari joko intelektual edo ludikoa proposatzen zaio: thriller guztietan bezala, hiltzailea nor den aurkitzea, edo kasu honetan, hiltzailea zergatik den hiltzaile aurkitzea. «Thriller egiturak publikoaren interesa pizten laguntzen du, eta intrigaren bidez publikoa harrapatzen», Telleriaren ustez. Eta thriller horren egituraketan, bi plano narratibo ageri dira: alde batetik, ziegako elkarrizketa, eztabaida edo elkarrizketa; bestetik, hilketa gertatu aurretiko uneen oroitzapenak. Jauzi etengabeak, orainalditik iraganera eta iraganetik orainaldira, delitua argitu duten aztarnen eta frogen bila.

Material eta osagai horiekin guztiekin «drama gordin bat» eraiki zitekeela uste du Telleriak, baina nahiago izan du, hala ere, beste bide batetik jo, «beste apustu bat egin». «Azaltzen diren gatazken sakontasuna errespetatuz, suspense ariketa teatral suspergarri eta aktibatzailea planteatzen duen egitura bat proposatu dut». Eta horren helburu nagusia: ikuslea dibertitzea, nola ez. «Niretzat dibertitzea aspertzearen antonimoa da, besterik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.