Sormen zizpriztinen aterpea

Orain arte jendeak erabiltzen zuen arren, atzo zabaldu zuten osorik Tabakalerako Sortzaileen Gunea. Arte sorkuntzarako baliabideak eskaintzen ditu. Hainbat artista egonaldiak egiten ari dira

Tabakalerako hirugarren solairuan dago Sortzaileen Gunea. 1.600 metro koadro ditu, eta arte sorkuntzarako baliabideak eskaintzen ditu. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
«Askotan, ez da ikusten zer gertatzen den gure eraikin honen ate atzean». Baina, Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariaren arabera, horrek ez du esan nahi mugimendurik ez dagoenik barruan. Pixkanaka ari dira aktibatzen Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko espazioak, eta horietako bat da Sortzaileen Gunea. Bi urte daramatzate eremuari forma ematen, eta orain arte jendeak erabiltzen bazuen ere, atzo zabaldu zuten osorik. Gune horretatik bideratuko dira sorkuntzarako baliabide guztiak: artistei babesa emateaz gain, proiektuak garatzeko bitartekoak ere jarriko dizkiete. «Arte praktikak sustatzea eta esparruko eragile aktiboen jarduera profesionalizatzea» dira eremuaren helburuak.

Tabakalerako hirugarren solairuan dago Sortzaileen Gunea. Handia da espazioa: orotara, 1.600 metro koadro ditu. Zortzi estudio daude, ezaugarri eta neurri ezberdinekoak, artistek beren lanak garatzeko aukera izan dezaten. Haietako batzuetan, dagoeneko ari dira sortzaileak lanean: Woore Bang korearra koadro batzuk margotzen ari da, Urumea ibaian inspiratuta; Ibon Salvador bilbotarra obra artistiko bat garatzen ari da Saharako beste artista batekin, Hondar Artean egitasmorako; Sara Bessadi frantziarra duela hiru egun hasi zen instalazio bat prestatzen... Egonaldi bat egiten ari dira Tabakaleran, proiektu bat garatzen duten bitartean.

Plato bat ere badago, dantzarako nahiz soinu eta bideo emanaldiak egiteko prestatuta. Irudia editatzeko hiru postprodukzio kabina daude, soinua editatzeko beste bat, argazki laborategi bat, maileguan har daitezkeen ikus-entzunezko gailuak... Lanean ari diren artistentzat, sortzaileentzat eta kultur eragileentzat daude jarrita, baita arlo horretan ibilbide profesional bat abiatzeko asmoa duen edonori ere. Arte proiektu bat aurkeztu behar da baliabide horiek erabili ahal izateko.

Espazioa 2015eko irailean estreinatu zuten Donostia 2016k eta Donostiako Zinemaldiak sortutako Ikusmira Berriak egonaldi programako kideek. Horrez gain, nazioarteko egonaldiak ere programatu zituzten iaz. Ikus-entzunezko proiektu bat garatzen aritu ziren Erik Blinderman eta Lisa Raca, komisariotza lantzen Pauline Doutreluigne, eta taldeko proiektu bat egiten Nadia Barkate eta Ignacio Garcia.

Hiru lerro nagusi batzen ditu Sortzaileen Guneak: baliabideak, zerbitzuak eta ikusgarritasunera eta prestakuntzara bideratutako programak.

BALIABIDEAK

Sorkuntza baliabideak eskaintzen dituzte: besteak beste, lanerako estudioak, baliabide teknikoak eta egonaldi programa.

Nazioarteko egonaldi programak Euskal Herriko eta kanpoko eragileen arteko sareak sortzen lagundu nahi du. Hainbat motatakoak eskaintzen dituzte: arte produkzioa sustatzea helburu duena, komisariotzaren ingurukoa, ikerketa bultzatu nahi duena... Gainera, laster bi deialdi berri aurkeztuko dituzte: Delmeko Centre d'art de la Sinagogue (Frantzia) eta Tokioko A-I-T Arts Initiative zentroekin. Programa hori duela urtebete jarri zuten martxan lehen aldiz, eta orain parte hartzen ari direnak bigarren deialdikoak dira.

Zortzi estudioak egonaldietako artistek erabiltzeko dira, izan hemengoak edo atzerrikoak. Bi aste eta sei hilabete artean erabili ahal izango dituzte. Gainontzeko baliabideak erabiltzeko —edizio kabinak, platoa, argazki laborategia...—, arte proiektu bat aurkeztu eta eskaera egin behar da. Behin hori eginda, dohainik erabil daitezke.

ZERBITZUAK

Baliabide fisikoez gain, gai administratiboen, beken eta deialdien inguruko aholkularitza eskainiko dute zentroan.

Tabakaleraren webgunean iragarki taula bat kontsultatu ahal izango da, indarrean diren egoitza, beka eta laguntzen berri izateko. Zerbitzu horren helburua norberaren profilari egokitzen zaizkion aukeren berri une oro eskuragarri izatea da.

Eragilea profesionalizatzeko bidean garrantzitsua dela iritzita, laguntza eskainiko dute arte sorkuntzak alderdi juridikoan eta legalean duen egoeraren inguruan. Aldian behin, arloko zenbait profesionalek aurkezpenak eta talde dinamikak egingo dituzte. Besteak beste, fakturak nola egin eta ogasunean izena nola eman landuko dute.

Horrez gainera, zerga eta lan arloko laguntza ere eskainiko dute. Profesionalen artean lan harremanak sortzeko unean beharrezkoak diren kontuei helduko diete, oinarrizko modu batean. Lan jarduerak garatzean sortzen diren zerga betebehar zein eskubideen inguruan eguneratuta egotea da helburuetako bat.

PROGRAMA

Sortzaileen Gunean garatutako proiektuei ikusgarritasuna ematen ahaleginduko dira; bereziki, egonaldiak egiten ari direnei. Horretarako, estudioetan lanean ari diren bitartean, beren proiektuak aurkezteko aukera izango dute, eta baita publikoarekin topaketa irekiak egin eta prozesuak haiekin partekatzekoa ere.

Horrekin batera, profesionalizazioa sendotzeko, formazioa sustatuko dute. Prestakuntza jarraia egingo dute, eta, horretarako, lantegi eta saio intentsiboak antolatu dituzte artistentzat. Gainera, laster aurkeztuko dituzte komisariotza, kritika eta proiektu kudeaketaren inguruko heziketa programaren zehaztasunak. 2015ean jarri zuten abian programa hori, eta 2016an eta 2017an izango du jarraipena. «Unibertsitatean edo arte eskoletan ikasitakoaz harago doan trebakuntza» eskaintzea da asmoa, Ane Agirre Tabakalerako praktika artistikoen arduradunak azaldu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.