Publikoarentzat 1.500 metro koadro gehiago izango ditu KMK berriak

Espazioak eta orduak zabaltzea, eta irisgarritasuna hobetzea daude Donostiako Koldo Mitxelena kulturunea berritzeko proiektuaren ardatzen artean. Eraberritze lanak 2019ko udan hasiko dituzte
Liburutegiaren espazioak irabaziko ditu metro koadro gehien eraikina eraberritu ostean; orain duen azalera %50 handiagoa izango da.
Liburutegiaren espazioak irabaziko ditu metro koadro gehien eraikina eraberritu ostean; orain duen azalera %50 handiagoa izango da. IMANOL OTEGI / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko apirilak 20
Ireki zutela 25 urte beteko ditu Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak azaroan. Eraikinak hainbat eraberritze lan beharrezkoak ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkitektura zerbitzuek 2015ean egindako txosten batean ohartarazi zutenez. Berritze lanak 2019ko uda partean hasiko dituztela jakinarazi dute arduradunek, eta urte eta erdi edo bi urteko epean bukatuko dituztela. Behin horiek amaituta, erabiltzaileei irekitako espazioak 1.500 metro koadro gehiago izango ditu orotara. Lan horiekin batera, kulturunearen proiektua bera ere berritzeko aukera ikusi dute arduradunek, eta atzo aurkeztu zituzten egitasmoaren ardatz nagusiak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Maria Jose Telleria Kultura zuzendariak, zentroan bertan egindako agerraldian.

Etorkizunean zentroak izan beharko lituzkeen ezaugarriak zehazteko, bi lan talde osatu zituzten arduradunek: liburutegietako profesionalak bildu zituzten batean, eta hainbat eremutako kultura arloko adituak bestean. Bi talde horiekin egiten ari diren «kontraste» lanaren ildotik, Programa Funtzionala deritzon dokumentua osatu dute. Bertan jaso dituzte proiektuaren ardatz nagusiak, baita zentroak eskainiko dituen zerbitzuak eta hartuko dituen jarduerak antolatu ere. Dena den, bi taldeek lanean jarraitzen dutela, eta erabiltzaileen zein, oro har, herritarren iritziak ere biltzen hasiak direla adierazi zuten.

Kulturunearen espazioak zabaltzea eta barruko guneetan erabiltzaileen zirkulazioa erraztea dira proiektuaren helburu nagusietako bi. Halaber, egun dituen irisgarritasun arazoei irtenbidea eman nahi diete eraberritze lanekin. Gaur egun, 3.500 metro koadro inguruko azalera du zentroak, eta 5.000 metro koadro izatera pasatuko da lanen ostean. Liburutegiak hartzen duen lekuak irabaziko du espazio gehien, egun duena baino %50 gehiago. Gaur egun sotoan dagoen erakustareto nagusia mantenduko dute, baita Ganbara aretoa ere —erakusketetarakoa ez ezik, «erabilera anitzeko espazioa» ere badela dio dokumentuak—. Ekitaldi aretoa ere mantenduko dute.

Dokumentuan jasotzen denez, «ezinbestekoa» izango da diseinu berriak «antolamendu bertikal, argi, erraz eta bizkorra edukitzea». Zerbitzuak eraikinean kokatzeko, «zarata bolumenaren araberako mailaketa» hobetsi dute; solairuetan gora egin ahala, zarata mailak behera egingo du, eta espazio «lasaiagoak» aurkituko ditu bisitariak. Antolaketa horri jarraiki, sarbideko eremuan kokatuko dituzte bere erabileragatik sarreratik hurbilen behar duten zerbitzuak, hala nola, ekitaldi aretoa eta prentsa irakurtzeko gela. Eremu horretatik jo ahalko da sotora, erakustareto nagusira. Lehen eta bigarren solairuak, liburutegiaren gainerako zerbitzuetara bideratuko dituzte. Baina egungoez gain, espazio berririk ere izango da.

Familientzako guneak

Egungo publikoen eta berrien arteko «elkarbizitza» sustatu nahi dutela azaldu zuten egitasmoaren arduradunek, eta, alde horretatik, zentro berrituan literaturari lotutako eta haurrentzako zein familientzako espazioak eta programak izango direla iragarri zuten. Sarbideko solairuan egongo dira espazio berri horiek. Publiko berriak erakartzeari begira, orduen aldetik «eskuzabalago» jokatuko dutela adierazi zuten, asteburuei dagokienez bereziki.

Hain zuzen, kulturunea «belaunaldi berriekin lotzea» funtsezkoa dela uste du Markel Olanok, halako zentro batek gizartean rol oso garrantzitsua betetzen duelako, haren ustez. «Gizarte likido honetan, irakurzaletasuna funtsezkoa da. Irakurtzeak sortzen ditu pertsona askeak, kritikoak eta autonomoak, eta horiek hartzen dute konpromisoa. Ditugun erronkei aurre egiteko gizarte konprometitua behar dugu».

Halaber, kulturunearen ardatz nagusiak nabarmendu zituen Denis Itxasok; Gipuzkoako ondare dokumentala zaintzea eta hedatzea, «hitzaren inguruko lana» esparru guztietan sustatzea, lurralde osora iristea, eta berrikuntza aipatu zituen.

Arkitektura proiektuak

Eraikina eraberritzeko, arkitektura-ideien lehiaketarako deialdia egin zuen Foru Aldundiak iazko abenduan. Orotara, hemeretzi estudiok aurkeztu dute beren burua, eta horietatik bost aukeratuko dituzte lehenik. Estudioen ibilbidea eta halako kultura espazioak diseinatzean duten eskarmentua baloratuko du epaimahaiak. Bost finalistak zein diren maiatza hasieran jakinaraziko dutela adierazi zuen Itxasok. Horiei Programa Funtzionala jasotzen duen txostena helaraziko diete, eta berau oinarri hartuta —baina moldaketak egiteko malgutasuna ere izanik—, aurreproiektu bat diseinatu beharko dute. Hamar asteko epea izango dute horretarako. Aurreproiektu horiek erakusketa batean ikusgai jarriko dituzte udan, Kulturunean bertan, eta herritarren iritziak jasoko dituztela jakinarazi dute arduradunek.

Bost proiektuen artetik irabazlea uda ostean hautatuko du epaimahaiak, irailean ziurrenik. Estudio horrek 2019ko urte hasiera aldera aurkeztuko du behin betiko proiektua. Ondoren, udaberrian, lanak esleituko lituzkete, eta, uda partean, zentroak ateak itxiko lituzke horiek aurrera eramateko. Lanen aurrekontua 5 milioi eurokoa (gehi BEZa) izango da. Urte eta erdi edo bi urteko epea aurreikusi dute horiek bukatzerako. Bitarte horretan, hainbat zerbitzu ematen jarraitzeko asmoa agertu dute arduradunek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna