Soiltasunaren handitasuna

Hiru emanaldik jarri dute abian Errobiko Festibala: Maddi Oihenart eta Julen Axiarirenak; Niño de Elche, Raul Cantizano eta Chiloe Brulerenak; eta Tulle hiriko San Salvador taldearenak.
Raul Cantizano, Chiloe Brule eta Francisco Contreras <em>Niño de Elche</em>, beren emanaldiko une batean.
Raul Cantizano, Chiloe Brule eta Francisco Contreras Niño de Elche, beren emanaldiko une batean. BOB EDME

Juan Gorostidi -

2015eko uztailak 25
Ohikoa duen ekitaldiarekin abiatu zen joan den ostegunean Itsasun (Lapurdi) aurten 20. edizioa betetzen duen Errobiko Festibala, Juan Luis Goenagaren margolanez beztituriko Sanoki aretoan. «Kultura, krisi garaian lehen premiazko betekizuna?» galdera borobilaren inguruan aritu ziren Raoul Sangla zinema errealizatzaile angeluarra, Rene Trusses Tarbes hiriko (Okzitania) Liburuen Maiatzaren sortzailea, Camel Zekri aljeriar jatorriko musikaria, Pierre Vissler artista zuberotarra eta Juan Kruz Igerabide euskal poeta. Hitzaldiak musikarekin tartekatu zituzten, eta halako galderari erantzun poetiko batez saiatzen abiatzeko balio dezake Igerabidek utzitakoa: «Ez den horretan dago poesia (Pierre Reverdy), eta ezinezko den horretan... Ezin eman ez daukagunetik. Eta, hala ere, ez daukagunetik ematea da poesia, hain zuzen». Eta poesia da, bere zentzu zabalean, bizi arnasa.

Gaueko lehen kontzertua Maddi Oihenarten eta Julen Axiariren eskutik etorri zen, Iturritik heldu diren kantuak izenburupean. Zuberoako kantu betikoak eta garaikideak tartekatu zituzten, Oihenartek sendotasuna ipiniz eta Axiarik hauskortasun erraldoi bat, zeinetik tesitura altuenetan giza txilioaren bilakaera ez-humanora eramateko gai den. Bikoteak ezin hobeto funtzionatzen du beren arteko konjuntzioan, eta, XVIII. mendean estandarizatu zen melodia eredu zurrunetik ihesi, Zuberoako kantuera harrigarria birsortzen dute. Axiariren perkusio delikatuak eta Bastien Fontanille biola jotzailearen interbentzioak ahotsaren eta melodiaren lehentasunari zerbait gehitzen zioten, interferentziarik gabe.

Flamenko deseraikia

Tonu elegiakoa nagusi duen eta euskaldunok horren guretzat eta aldi berean gure urruneko ekialdetzat dugun horretan blai geundenean etorri zen gaueko bigarren saioa: Andaluziatik zuzenean ekarria eta flamenkoaren jarraitzaile edo behatzaileentzat txundigarria egin zen ordubeteko pausarik gabeko emankizunean. Flamenkoaren «hirukote saindua» osatzen duten kantaria, dantzaria eta gitarra jotzailea bertan genituen: Francisco Contreras, Niño de Elcheren ahotsean; Chiloe Brule, dantzan, eta Raul Cantizano, gitarran; baina flamenko instituzionalizatuak garatu eta ezarri dituen eredu mistifikatzaile eta zurrun guztiak apurtzera jarriak: bi gizonezkoak gazte kalekumeen itxurarekin, eta emaztea soineko soilez agertoki zabal bezain hutsa betetzen. Kalean aurkitutako gitarra zirudien trastea eta une batez agertu zen zurezko abanikoa izan zuten atrezzo guztia... eta nola bete helburu zailena! Ezen erraza izan liteke flamenkoaren topikoen gainean parodia barregarri bat muntatzea, baina benetan zaila, deseraikitze gupidagabe hori goi mailako artez eta teknikaz zipriztinduz hiruren arteko benetako performance josia, argigarria eta artifiziorik gabekoa burutzea.

Artista handiok, gorputzaren errekurtso zabalenekin, komunikazio zuzena dute helburu, eta beraiengana hurbiltzen direnenganako enpatia eskuratzea. Hirurak dira, beraz, musikari, kantari, dantzari... antzezle, eta neurturiko lirismoz eta kolpe gogorrez lortzen dute helburua, inprobisazioari tarte oso zabala eskainiz.

Gauaren beste dimentsio batean geunden jada kontzertuaren hirugarren atala heldu zenean: San Salvador izena daraman Tulle hiri gaskoian (Okzitania) hazitako talde batekin osatu zen. Gabriel Durifek zuzentzen duen seikote polifonikoa da, hiru emaztez eta hiru gizonez osaturikoa; sekulako sendotasuna eta maila eskaini ziguten. Oso gazteak seiak, baina kantari apartak; a cappella abesten dute gaskoiez, pieza bakoitza errezital polifoniko bihurtuz. Bi tinbal eta pandero baten laguntza soila tartekatuz, sekulako indarra erakutsiz, eta ohikoak ez diren harmoniak eta erritmoak landuz. Folk musika etiketa ipini eta zerbait bigun eta ez sofistikatuaz ari garela uste dutenek nahikoa dute talde honen pieza bakarra entzutea. Musika kultuko errekurtso melodiko eta erritmikoak erabiliz, eta, era berean, zenbait herri musikak dituzten harmonia berezkoei (bulgariarrak edo sardiniarrak, ezagunenen artean) etekin handia atereaz betetzen dute emanaldia.

Soiltasuna nagusitu zen Errobiko Festibalaren lehen gauean halako eskala ikusgarrian: euskal kantu misteriotsu eta malenkoniatsuenetik indarrez beteriko auzo ditugun gazte indartsu eta alai horietara, flamenkoaren goi mailatik egindako deseraikitze liluragarria tartean. Ez zen hasiera makala izan hainbeste promesten duen hogeigarren edizio honetarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna