Askatasunaren ibilbideak

Alejandro Garmendiaren erakusketa antologikoa irekiko du gaur Kutxaren Kubo aretoak. Artista donostiarraren begirada irekiaren isla diren ehundik gora obra bildu dituzte erakusketan

Teknika ezberdineko obrak bildu dituzte erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Teoriarekiko eta arauekiko erresistentziak, mesfidantzak, eraman zuen Alejandro Garmendia (Donostia, 1959-2017) esperimentatzera, zoriarekin jolastera. Eta batik bat bere burua ez mugatzera. Teknika mistoak menderatzen zituenez, pinturaren eta eskulturaren artean mugitzen ziren piezak asmatu zituen, eta lan egin zuen collagearekin eta fotomuntaketarekin. Eta artista plastikoa ez ezik, ikus-entzunezko lanen egilea, komikigilea eta musikaria ere izan zen. Esperimentazioa lagun, askatasun artistikoa bilatu baitzuen bere ibilbide osoan.2017ko otsailean zendu zen Garmendia, 57 urte zituela, eta ordutik urtebete igaro denean, erakusketa antologikoa antolatu diote Kutxaren Kubo aretoan, Donostian: Alejandro Garmendia. Paisaiak, enigma eta malenkonia.

Erakusketara Garmendiarenobra ezagutu gabe sartzen denak pentsa lezake Kubon bildutako lanak hainbat artistarenak direla. Ez haien artean loturarik ez dagoelako, baizik eta diziplina, tonu, formatu eta neurri oso ezberdineko obrak biltzen dituelako erakusketak. Izan ere, Fernando Golvano erakusketako komisarioak azaldu duenez, «nomada» izan zen Garmendia, hitzaren zentzurik zabalenean. Nomada, bizitzak batetik bestera eraman zuelako; hasieran, derrigorrez—frankismoaren azkeneko urteetan erbestean bizi behar izan zuen familiarekin, lehenik Bordelen eta gero Parisen—, eta, ondoren, bizinahiaz —Bilbon, Madrilen, New Yorken...—. Eta nomada artean ere. Diziplinen artean jauzika. Komikitik margolaritzara, arte grafikoetatik ikus-entzunezkoetara... Golvano: «Oso askea izan zen, eta euskal eskolako artisten presentzia eta eragina oso handia zenean ere, Garmendiak bestelako iturriak zituen, abangoardia artistikoetakoak».

Zazpi atal edo espaziotan banatu dute erakusketa, Garmendiaren diziplina ugaritasuna eta garaiak ondo zehazte aldera. Horietako lehenengoan, artistak bere hastapenetan, 80ko hamarkadaren erdialdean, landu zituen ilustrazioak eta komikiak bildu dituzte, hala nola Ipurbeltz-erako egindako azalak eta komikiak (Pintto) eta TMEO aldizkarian egindako kolaborazioak. Horietan bertan ageri da Garmendiaren begirada urratzaile, satiriko eta neurri batean garratza —«bere pertsonaia guztiak galtzaileak dira», Golvanoren arabera—, baina baita umore «dadaista» ere, gerora Mauro Entrialgorekin eta Juanjo Pedregosarekin sortutako Fat Esteban musika taldean jorratuko zuena.

Formatu txikiak eta handiak erabili zituen Garmendiak, eta baita collageak eta olioak ere. Betiere bere kezkak modu esperimental batean islatuz. Hala, paper gainean egindako collage txikietan surrealismoaren eragin nabarmena ageri da, eta New Yorkeko egonaldian (1994-2005) nahiz Hendaian finkatzean—2006tik aurrera— egindako neurri handiko margolanek mundu arrotzak, enigmaz beterikoak, islatzen dituzte. Garai horretakoak dira erakusketan ikusgai dauden hainbat lan: Aingeru eroria, Aireko sasitza, Zopa txinatarra, Basamortuko Simon-Infernua klub bat da...

Ezusteko emaitzak

Erakusketan, Garmendiak berak esandako hainbat aipu ageri dira, eta bada horien artean artistaren lan egiteko moduaren berri ondo ematen duen esaldi bat: «Teknika garrantzitsua da niretzat. Beti dago asmo esperimental bat... ezusteko emaitzetara eramango nauena». Modu batera edo bestera, asmo horrek artistaren obra osoa zeharkatzen du. Hala, 1990eko hamarkadaren erdialdean lanerako metodo bat asmatu zuen, Coctailtecnic, eta hura baliatuta, zorian oinarritutako lanak egin zituen. Teknika horretan oinarritutako hainbat lan daude erakusketan, Harria zapata-kaxan izeneko bi, esaterako —bat, berniz eta argazki-emultsionatutako kotoi gaineko olioa, eta, bestea, argazki-emultsionatutako kotoi gaineko berniza—. Esperimentazio gogo horren emaitza dira Garmendiaren paisaiak ere, ohiko paisaiekin zerikusi gutxi dutenak, Uholdeak G-n (1989) kasurako. Golvano: «Nahikoa zuen konposizio minimo bat ilunabarreko atmosfera malenkoniatsu bat iradokitzeko».

Paisaiekin batera, ikuslearen arreta pizten dute espazio dekadente eta anakronikoak islatzen dituzten neurri handiko obrek. Collagearen, argazkiaren eta margolanaren artean kokatzen dira, eta inprimaketa digitalaren bidez eginda daude. Horien artean, Thes Arghole (2002) 290 x 390 zentimetroko artelan handia nabarmentzen da.

Ikus-entzunezkoak ere landu zituen Garmendiak, eta erakusketan badira alderdi horren hainbat adibide. Hala, New Yorken diseinatutako gailu birakari batekin grabatutako bi bideo ikus daitezke: Gilles de Rais II (2006) eta Berlin (2008). Lou Reedek izen bereko diskoa eraman zuen zuzenera 2006an, eta Julian Schnabelek hurrengo urtean kontzertu haietan oinarrituta aurkeztu zuen filmean parte hartu zuen Garmendiak.

Zorte handirik gabeko artista izan zen Garmendia. Hamar urtez New Yorkeko Chelsea hotelean bizi izan zen, baina pertsona barnerakoia izanda, kosta egin zitzaion, Golvanoren iritziz, hiri handi batek ezartzen dituen eskakizunei aurre egitea. Eta orain dela hamabi urte Donostian bere lana azkenekoz erakutsi zuenean ere —Kur galerian—, ez zuen arrakasta handirik izan. Horregatik, Kuboko erakusketak balio beharko luke Alejandro Garmendia guztiak berreskuratzeko. Ezezaguna zena azalera ateratzeko.

ERAKUSKETA

Lekua. Kutxaren Kubo aretoan, Donostian.

Noiz arte. Maiatzaren 27ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.