Unai Elorriaga: «Biolentzia esentziala izan da gure bizitzetan»

Indarkeriari buruz egin du «gogoeta» 'Iazko hezurrak' nobelan.Hari nagusia, pertsonaia nagusiaren bizitzaren kontaketa, mundu osoko biolentzia adierazpenek osatutako espiral batek inguratzen du

Unai Elorriaga, atzo, Donostian, Iazko hezurrak nobela aurkezten. Azkeneko bost urteetan idatzi du. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Nobela hau azaltzea oso erraza da», adierazi du Unai Elorriagak (Algorta, Bizkaia, 1973) Iazko hezurrak (Susa) aurkeztean: «Haria Irene Arrias pertsonaiaren bizitza da, 1971n jaiotzen den unetik2015ean 44 urte egiten dituen arte. Baina, gauzak modu arruntean emateko ohiturarik ez daukadanez, hari hori, bizitza hori, indarkeriaren bitartez kontatu dut. Ireneren bizitzak dituen mugarrietan —jaiotza, oinez emandako lehen pausoak…—, sartu ditut, espiral baten moduan, mundu osoan une horretan, segundo horretan berean, gertatutako indarkeria krudeleko momentuak». Irene Arriasen bizitzaren hari edo «lerro zuzen» hori inguratzen duen indarkeriaren espirala zabaldu egiten da eleberriak aurrera egin ahala, Elorriagak azaldu duenez: «Euskal Herrian hasi, eta Frantziara eta Ingalaterrara zabaltzen da, Afrikara, Amerikara, Asiara, Ozeaniara… Gero eta zabalagoa da espiral hori».

«Irene Arrias, esaterako, 1971ko urtarrilaren 25ean jaio zen, eta egun horretan, Irenek burua amaren tripatik atera zuen une berean, Idi Amin jeneralak, Ugandan estatu kolpea jo zuen», jarraitu du azalpena Elorriagak. «Eta Irene Arriasek amaren titia aurrenezkoz hartu zuen unean Milton Obotek Armadako kide guztiak hil zituen, irakasleak atxilotu eta hil, eta epaile bati, besoak eta zangoak moztu ondoren, sexu organoak erauzi eta ahoan sartu zizkion, eta artean bizirik zela erre egin zuen…».

Horrenbestez, azken lau hamarkadetako indarkeriaren kontaketa bat egin du, baina liburua osatzen duten 376 orrialdeak ez dira aski izan urte horietako indarkeria guztiaren kontakizuna egiteko. «Horretarako, entziklopedia handi bat beharko litzateke, eta ez dakit zenbat liburuki. Nik egin dudana sintesi bat da, laburpen moduko bat, ideia apur bat izateko zer izan den. Komunikabideek eta politikariek, askotan, sinetsarazi nahi izaten digute biolentzia salbuespen bat dela, eta salbuespen egoerak ezarri behar direla biolentzia dagoenean. Baina, [Federico] Mayor Zaragozak esaten zuen moduan, biolentzia ez da salbuespena, biolentzia etengabe eta leku guztietan egon da, gu jaio baino lehenagotik izan da eta gure ondoren ere izango da, munduko parte guztietan, baita Suitzan ere».

Bi «foku» nagusi

«Mundu guztiko biolentziaren berri ematea ezinezkoa denez», bi gune nagusitan ezarri du «fokua» Elorriagak: «euskal herriak —letra xehez, ez baikara Euskal Herria, euskal herriak baizik— eta Ruanda». Bi leku horietako biolentziak ezberdinak dira baina aldi berean antzekoak, Elorriagaren ustez. «Indarkeriak beti du puntu bat antzekoa dena beste indarkeriekin».

«Liburua, azken batean, indarkeriaren inguruko gogoeta bat da», Elorriagaren ustez. «Nire liburuetan, niretzako esentzialak diren gauzei buruz hitz egiteko ahalegina egin dut beti. Hitz egin dut zahartzaroari buruz, familiari buruz, gaixotasunari buruz… Augusto Monterrosok esaten zuen moduan, hiru gai baino ez daude munduan: heriotza, maitasuna eta euliak. Biolentzia, indarkeria, esentziala izan da gure bizitzetan. Onerako edo txarrerako. Seguru asko txarrerako. Inguratu gaitu. Denok dauzkagu lagunak kartzelan, edo hilda, han edo hemen egon direnak… Arrazoitzen hasi ginenetik dakigu zer den biolentzia. Hamar urte genituenean, ikastolatik bueltan, nire lagun bat eta biok politikaz hitz egin genuen askotan. Ez da normala. Munduko beste leku askotan ez da hori gertatzen».

Indarkeriari buruz egin duen hausnarketa horretan, ordea, Elorriagak ez dio ondorio zehatzik ematen irakurleari. «Ondorioak irakurleek topatuko dituzte, gogoa badaukate, indarra badaukate, edo horretarako inteligentzia badaukate. Nik ez dut ondoriorik ez bilatu eta ez eman nahi izan. Santiago Roncagliolok dioen moduan, idazle batek sekula ez du eztabaida ixten, idazle batek eztabaida zabaldu egiten du. Nirea ahots gora egindako gogoeta bat da. Eztabaida sortzeko? Beharbada. Ez dut uste gaur egun liburu batek indar hori daukanik. Baina beharbada irakurle batzuei emango dizkie pauta batzuk indarkeriari kasu askotan beste modu batez begiratzeko, emango dizkie arrasto batzuk orain arte egin ez dituzten indarkeriari buruzko gogoeta batzuk egiteko».

Formari dagokionez, «espresabide asko» batzen dira kontaketan. «Liburua nobela huts da une batzuetan; beste batzuetan saiakera, ipuina, kontakizun historikoa, kronika.... Filologikoa ere bada, balada batzuk aipatu eta aztertzen ditudanez…».

«Prosa narratibo berezia eta diferente bat eskaintzen digu beti bere liburuetan Unai Elorriagak», adierazi du Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak. Iazko hezurrak nobelak joera hori egiaztatzen duelakoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.