Hiru dimentsioko Euskal Herria

1936an Euskal Herrian filmatutako 'Euskadi' hiru dimentsioko filma topatu du Josu Martinez EHUko Nor ikerketa taldeko kideak, Frantzian. Loraldia jaialdiak martxoan haren lau proiekzio antolatu ditu

Rene Le Henaff zinemagileak cinema en relief teknika erabiliz sortu zuen Euskadi filmean ikusi daitekeen fotogrametariko bat. LORALDIA.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun

Filmaren edukiak baino gehiago, filma egiteko erabilitako teknikak egiten du berezi Euskadi filma. Hiru dimentsiotan filmatu zuten, eta horrek bilakatzen du harribitxi. Horrek, eta baita orain 80 urtekoa izateak ere. 1936an filmatu zuen Rene Le Henaff zuzendariak Ipar Euskal Herrian, Louis Lumierek sortu berria zuen cinema en relief teknikarekin, eta Frantziako zinema artxiboetan ahaztuta egon da geroztik. Orain arte. Haren kopia bat topatu du orain Josu Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Nor ikerketa taldeko kideak, eta Loraldia jaialdiak erosi dizkio proiekzio eskubideak filmaren jabe den ekoiztetxeari. Hilabetez erakutsi ahalko dute filma, eta lau emanaldi antolatu dituzte: martxoaren 11n Iruñean, 15ean Bilbon, 23an Donostian, eta 24an Baionan.

«Sinfonia filmatu moduko bat da». Hitz horiekin deskribatu du filma Martinezek. «Pelikulak erakusten duena da hainbestetan ikusi dugun Euskal Herri mitiko, bukoliko, baserri giroko hori». Antzekotasun handia du horretan Euskadi-k atzerritarrek Euskal Herriari buruz filmatutako beste lan askorekin, Martinezek azaldu duenez: euskal kantak musikan, euskal dantzak irudietan, eta landa giro hori nagusi. Ez dago hor haren balioa. Garai hartan jadanik indarra hartuz zihoan turismoa ere erakusten du, tarteka, baina filmatze teknikak egiten du bakan pelikula. Hiru dimentsioek, alegia. Izan ere, oso gutxi dira filmatzeko teknika horrekin egindako pelikulak. Hogei baino ez, guztira, Martinezen hitzetan. Eta Euskal Herrian egindakoa da horietariko bat. «Pentsatu zuten teknika hark Euskal Herrian ongi luzitu zezakeela», azaldu du. Eta horregatik dokumentala.

Louis Lumiere zinemagilearen azken asmakizun handia izan zen cinema en relief izenekoa. 70 urte beteak zituen jada, eta jasoak zituen Frantziako agintari nagusien omenaldiak ere ordurako, baina ikertzen jarraitzen zuen asmatzaileak, eta irudiei, mugimenduaz gainera, sakonera ere ematen saiatzea izan zen bere azken erronka. Asmakizun hura sortu, eta hura luzitzeko leku egokien bila hasi zen berehala, eta hala heldu zen Euskal Herrira. Irudipena izan zuen paisaia menditsu hark eta euskal ohitura haiek balioko zutela akaso zinema egiteko modu berri hura bultzatzeko, eta horregatik erabaki zuen filma Euskal Herrian egitea. Horregatik deitu zuen Le Henaff. Teknikari onaren fama irabazia zuen ordurako zinemagileak, eta enkarguz osatu zuen 22 minutuko dokumentala. Hiru dimentsiotan filmatzeko teknika esperimental hark ez zuen arrakasta komertzialik izan, ordea, eta ez zuen zabalpen handirik izan filmak ere.

Esperimentazio gune

Maisulan teknikoa da Le Henaffen lana, Martinezen hitzetan. Eta bistakoa da hori dokumentaleko planoak ikustean. Lehen planoan doa idi pareak tiratutako lasto gurdia, ale batzuk galtzen, eta atzealdean baserria. Azken muturreraino ustiatu zuen Le Henaffek Lumiereren teknikak eskaintzen zion sakontasun sentsazioa sortzeko aukera. Boga, Boga abesten abesbatza bat bozgorailuetan, eta landa giroko irudiak bata bestearen atzetik pantailan. Oiloak kalean korrika, nekazariak belarra biltzen, umeak jolasean, arropa eskegitzen emakume bat, ahateak, txerriak, dantzak, pilota partidak, eskulangileak... Teknika zainduz filmatu zuen plano bakoitza, eta batzuetan nabarmen igartzen da ikuslea liluratuta uzteko zuzendariaren asmoa ere.

Maiz izan da zinema esperimentazio gune Euskal Herria. Hala dio Martinezek. «Zinemagile atzerritarrak Euskal Herrira etorri dira zinemak aurrerapen tekniko bat izan duen bakoitzean, aurrerapen hori luzitzeko, edo aurrerapen tekniko horri zukua ateratzeko». Eta adibide sorta eman du horren froga gisa. «Lumiere anaiek Miarritzen egin zuten beren lehen pelikuletariko bat; gero, soinudun zinema asmatu zelarik, Frantziako soinudun lehen pelikuletariko bat hemen egin zen, kantuak-eta aprobetxatzeko; telebista asmatu berritan, Orson Welles deitu zutenean dokumentalak egiteko, berak ere Euskal Herria aukeratu zuen bere lehen bi kapituluetarako; eta orain badakigu 3D sistema asmatu zelarik, duela 80 urte, Euskal Herria aukeratu zutela, hemengo kulturak ematen zuelako aukera eremu sakonerarekin polito ateratzeko».

1937ko apirilean estreinatu zuten Euskadi, Parisko Olympia aretoan, baina proiekzio gutxi batzuk baino ez zituzten egin, eta ahaztuta egon da geroztik. Aipamen gutxi batzuk bazeuden historia liburuetan, baina datu okerrak zituzten maiz, eta ez zen erraza izan pelikularen kopiaraino heltzea. Baina, hariei tira egin, eta filmaren eskubideak Pathe ekoiztetxeak zeuzkala jakin zuen Martinezek. Jatorrizko kopia Frantziako zinema artxibategian zegoela adierazi zioten haiek, eta han topatu zuen lana ikertzaileak. Ikusi ahal izateko, digitalizatu egin behar izan zuten lehenik, eta gerora ere luzea izan da filma proiektatu ahal izaterainoko bidea.

Kopia lortu ezinean

Kopia bat lortzea zen berez ikertzailearen asmoa. «Gure kulturaren ondare hori Euskal Herriaren esku uztea». Ekoiztetxeak ez zuen horretarako asmorik, eta hainbat proiekzio egiteko eskubideak alokatzeko prest azaldu dira, azkenean. Loraldia jaialdiak lortu du filma Euskal Herrian proiektatu ahal izateko hitzarmena.

Lehenago ere egin ditu aurkikuntza garrantzitsuak Martinezek. Euskaraz filmatutako lehen film luzearen kopia mutua topatu zuen Parisen orain urte batzuk, eta bilaketa haren kontakizuna egin zuen gero Gure sor lekuaren bila filmean. Dioenez, ordea, oraindik badago zer topatua. Bideoa: Euskadi filmaren traillerra (BerriaTB).

[YouTube]https://youtu.be/unMHqX3rKsE[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.