Lehenengoak egindako azkena

Ekainaren 2an aurkeztuko dute zinemetan Juanba Berasategik zuzendutako azken filma: 'Nur eta Herensugearen tenplua'. Toti Martinez de Lezea idazlearen eleberri batean oinarrituta dago lana
Balio hezitzaileak ardatz hartuta sortu dute <em>Nur eta Herensugearen tenplua</em> filma. Irudian, logika jolasaren aurrean Nur, film luzearen protagonista.
Balio hezitzaileak ardatz hartuta sortu dute Nur eta Herensugearen tenplua filma. Irudian, logika jolasaren aurrean Nur, film luzearen protagonista. LOTURA FILMS

Ainhoa Larrabe Arnaiz

2017ko maiatzak 16
«Zein da autoak estaltzen duen zenbakia?». Logika jolas baten irudia duen papera atera du Eneko Olasagasti Lotura Films ekoizpen etxeko kideak. Marrazkian, zenbakitutako aparkaleku bat, auto batekin: 16, 06, 68, 88, autoa, eta 98. «'Zein da autoak estaltzen duen zenbakia?', galdetzen zigun Juanbak [Berasategik], ekoizten ari ginen filmaren zatiak erakutsi baino lehen». Berasategiren logika proba horrekin hasten da Nur eta Herensugearen tenplua euskarazko film luzea. «8 urteko haurrek oso erraz asmatzen dute logika jolasaren emaitza, baina helduok, berriz, zailtasunak ditugu. Filma bera irudimen joko bat da. Balio hezitzaileak transmititu nahi ditugu ikus-entzunezkoaren bitartez». Berasategi zinemagileak zuzendutako azken pelikula da Nur eta Herensugearen tenplua, eta Toti de Martinez de Lezea idazlearen eleberri batean oinarrituta dago. Ekainaren 2an aurkeztuko dute zinema aretoetan, eta atzo aurkeztu zuten Bilboko Carlton Hotelean.

Berasategik sortu zuen euskarazko animazioko lehen film luzea, 1985ean: Kalabaza Tripontzia, eta zinemagintzan erreferentea izan da ordutik. Bi urte dira Martinez de Lezea idazlearen Nur ipuin bilduma arrakastatsuaren ale bat aukeratu eta pantailaratzeko erronka hartu zuenetik. Hark zuzendutako azken filma da, hain zuzen, Nur eta Herensugearen tenplua 65 minutuko film luzea, joan den apirilaren 28an hil baitzen zinemagilea, 66 urte zituela, minbizi baten ondorioz. Garai «berezian» estreinatuko dute haren azken lana, horregatik. Olasagastik sortu du filmaren gidoia, eta Joserra Senperenak, berriz, musika. Guztira, 40 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ekoizpen etxean, filma sortzeko prozesuan.

Berasategik berak sortu zuen Lotura Films enpresa, 1992an, eta hainbat lan kaleratu dira ekoizpen etxearekin: tartean, Barriola, San Adriango azeria (2008) eta Tormesko itsu mutila (2012), baita Goya sarietako izendapena jaso zuten Ahmed Alhambrako printzea (1997) eta Alhambrako giltza (2003) film luzeak ere. Zinemagileak utzitako bidetik lanean segituko dutela azaldu du Miren Berastegi ekoizpen etxeko eta Nur pelikulako lantaldeko kideak. «Juanba [Berasategi] joan den arren, hark eraikitako bidean lanean jarraitzeko asmoa dugu: ikus-entzunezkoak Euskal Herrian eta euskaraz ekoizten».

Fikzioa eta errealitatea

Bederatzi urte dira Martinez de Lezea idazleak Nur ipuin bildumako lehen alea idatzi zuenetik, eta iragarri berri du kaleratzear duela hamahirugarrena. Idazlearen biloba da Nur, eta Txinara bizitzera joan zenean hasi zen gaztearen abenturak idazten. Baina bilobari emateko liburu bakarra izan behar zena hamabi aleko ipuin sorta arrakastatsua da orain. Horietako bat pantailaratzeko proposatu zion Berasategik. «Sorpresa izan zen niretzat».

Zinemagileak ez zuen ausaz aukeratu Nur ipuin bildumaren hirugarren alea, idazlearen arabera. «Ordurako 11 ale neuzkan idatzita, eta hainbat istorio zituen aukeratzeko, baina berezia da Nur eta Herensugearen tenplua, fantasiaz beterikoa, baina, era berean, erreala. Bertako sinesmenetan agertzen diren dragoiak eta Euskal Herriko mitologiakoak ere nahasten ditut. Horregatik aukeratu zuen ipuin sortaren ale hori Juanbak [Berasategik]».

Filma liburuan oinarrituta badago ere, ezberdinak dira istorioak, idazlearen arabera. «Liburua eta ikus-entzunezkoak bi mundu ezberdin dira. Antzekoak dira istorioak, baina ez berdinak. Horregatik, ikusleari ezaguna egingo zaion arren eta pertsonaiak ezagutuko dituen arren, gauza berriak ikusiko ditu». Martinez de Lezeak ez du oraindik pelikula osorik ikusi, maiatzaren 27an Donostiako Principe zineman aurrestreinaldia egin arte itxarongo baitu berak ere.

Nur ipuin bildumak izan duen harrera ikusita, apustua egin du filmaren alde Lotura Films etxeak, eta sustapen kanpaina zabala egingo dute datozen asteetan, pelikulak ahalik eta arrakasta handiena izan dezan. Herri Urratsen izan ziren herenegun, eta Ibilaldian eta Eskola Publikoen jaian ere izango dira filmari buruzko informazioa ematen.

Balio hezitzaileak

Elkarlanerako ariketa da filma, Olasagastiren ustez. «Gu ezin gara lehiatu Disney eta antzeko ekoizpen etxeekin, eta balio hezitzaileetan jarri dugu arreta horregatik: adiskidetasunean eta elkartasunean, kasurako. Horiek guztiak bultzatu nahi ditu pelikulak; betiere, irudimena oinarri hartuta». Hain zuzen, irudimena behar da Nur eta Herensugearen Tenplua filmean azaltzen den eta Berasategik ekoizpen etxeko lankideei jartzen zien ariketa asmatzeko, ariketa duen orriari buelta eman eta zenbakiak alderantziz irakurtzeko: 91, 90, 89, 88 eta 89 bihurtzen dira 16, 06, 68, 88 eta 98 zirenak. 87a estaltzen du autoak.

Pelikula arrakastatsua izatea nahi dute, eta ekainaren 2tik aurrera Euskal Herriko familia guztiei zinemetara joateko deia egin diete Lotura Filmseko kideek. Gaztelaniazko bertsioa ere sortu dute, eta Espainiako eta Kataluniako zinemetan ere egingo dute estreinaldia, egun berean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna