Jaioterrira itzuliko da Karmen

Gerardo Mungiak idatzitako 'Karmen Etxalarkoa' pastorala eskainiko dute Etxalarren, gaur eta bihar. Ia 150 arizalek hartuko dute parte Merimeeren obran oinarrituta prestatu duten ikuskizunean

Irudian, Karmen, alboan bi soldadu dituela, iragan igandean egin zuten pastoralaren azken mustraka orokorraren uneetako batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Etxalar
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Ez zen zure txanda, beste adiskidearena baizik», zuzendu dio Pantxika Urruti errejentak, Gerardo Mungiak idatzitako pastoraleko liburuxkan hatza jarrita, fraidez jantzita dagoen arizale bati. Gaur eta bihar arratsaldean, 15:30ean hasita, Etxalarko (Nafarroa) plazan egingo duten Karmen Etxalarkoa pastoralaren azken mustraka da. Giro berezia nabari da, Bortzirietako herri txiki horretako herritar andanak egin baitute bat hasiera batean «erokeria» zirudien proiektuarekin. Orotara, 150 arizalek baino gehiagok eta dozena bat musikarik eta dantzarik hartuko dute parte Karmen eta Joseren maitasun tragikoa kontatzen duen lanean.

Pastorala jatorriz Zuberoako antzerkia izaki, Etxalarko askorentzat erabat ezezaguna zela dio Jone Bizentek, komunikazio arduradunak. Are gehiago, Karmenen historia ere askorentzat arrotza zela gaineratu du. Hala ere, faktore horiek «lagungarri» izan direla irizten dio, «proiektua zer zen jakin aurretik bat egin zutenak erabat harrapatuta daudelako».

Operari, literaturari zein zinemari esker, Etxalarko Karmenen historia ezagun bilakatu da. Baina lehen aldiz egingo da berari buruzko pastoral bat. Bizenteren irudiko, «antzezlanean ikusgai izango den Karmen garai hartako gainerako emakumeekin konparatuz gero, arras ezberdina da, bai fisikoki eta bai izaeraz. Beti bere buruarengan eta bere askatasunean pentsatzen duen emakumea da». Ikuskizunean helarazten den mezua ere baikorra dela irizten dio.

Halako pastoral bat egiteko ideiaren jatorria non dagoen galdetuta, ederki oroitzen da Iñigo Etxarte. Musika taldeko koordinatzaile moduan ari da ikuskizunean, eta txirula eta txistua ere jotzen ditu. Herriko apaizak bilera batera deitu zuen beste lagun batzuekin batera. Lehen bilera hartan, Gerardo Mungia Karmen Etxalarkoa pastoralaren egileak eta Pantxika Urruti errejentak ere parte hartu zuten: «Proiektuaren berri eman ziguten, eta bat egitea erabaki genuen. Oroitzen naiz Pantxika Urrutik hartu zuela bertso bat, erran zuela ikasteko, eta abesten hasi ginela». Orduan ikusi zuen Etxartek lehenengoz pastoral bat, bideoan. 2016ko urria zen. Handik aurrera, prestakuntza lanetan hasi ziren buru-belarri.

Izan ere, testua bakarrik zegoen idatzita. Egiteke zeuden zereginak hamaika ziren: protagonistak hautatzea, arizale bakoitzari zegokion rola zehaztea, pertsonaia bakoitzaren arropak diseinatzea, musika eta koreografiak egitea... Bizente harrituta dago herritarren parte hartzearekin. Gainera, pastorala «inurri lana» dela adierazi du, «ikusten ez den lan anitz dagoelako». Parte hartzen duen lagun bakoitzak zeregin bat baino gehiago du. Esaterako, Bizente bera komunikazio arduraduna izateaz gain, arizalea ere bada. Are gehiago, arizale askok rol bat baino gehiago jokatzen dute.

Ondorioz, jantzien arduradunek «izugarrizko lana» egin behar izan dute dena antolatzen. «Testua hasiera-hasieratik hartu, eta pertsonaia bakoitza nork eta nola antzeztuko zuen zehaztu zuten taula amaigabe batean», azaldu du Bizentek, irri artean. Bereziki, lan eskerga izan da arropak lortzea. Adibidez, Berako emakume batek, duela 100 urteko arropa andana utzi du pastoralaren esku. Horrekin batera, Donostiako danborrada konpainia baten jantziak baliatuko dituzte pastoralean horrenbesteko pisua duten soldaduak janzteko.

Makilak, espresuki eginak

Baina badira espresuki pastoralerako egindako zenbait gauza, tartean, auzokideen rola egiten duten arizaleek jantziko dituzten txapelak eta parte hartzaile guztiek dituzten makilak. Iragan igandeko azken mustrakan jantzi zituzten txapelak lehen aldiz jende aurrean. Txapela horiekin arazo dezente izan dituztela azaldu du Etxartek. «Lastozkoak egin zituzten, baina, nola gelditzen ziren gustatzen ez zitzaienez, berriak egin zituzten». Bestalde, makilek berebiziko garrantzia dute pastoral guztietan, besteak beste, bertsoen eta musikaren erritmoa markatzeko baliatzen baitira. Bizenteren osaba da makilak egiten aritu denetako bat: «Sekulako lana egin dute mendira joan, makilak moztu, eta su ondoan berotuz zuzen-zuzen jartzen».

Ia hiru orduko ikuskizuna izango da gaur eta bihar Etxalarko plazan egingo dutena. Karmen eta Jose protagonisten rola Miren Olaetxea etxalartarrak eta Miel Joxe Ariztia amaiurtarrak jokatuko dute. Biek egiten duten lana goraipatu dute bai Bizentek eta bai Etxartek. «Kontuan hartu behar dugu pastorala antzerki mota zaharra dela, eta, beraz, aktoreek ez dutela elkar ukitzerik. Ondorioz, abesteko moduaren eta begiradaren bitartez adierazten dituzte soilik sentimenduak», azaldu du Bizentek. Alderdi hori lantzeko ahalegin berezia egin dute Olaetxeak eta Ariztiak. Eta ahalegin horren emaitza jaso zuten iragan igandeko mustraka orokorrean, behin baino gehiagotan amaitu baitzituzten jeikaldiak txalo artean. Asteburuko bi saioak ere «arrakastatsuak» izatea espero dute.

Sarrerak erosi ez dituztenei antolatzaileek oroitarazi diete oraindik ere badirela sarrerak salgai. www.karmenetxalarkoapastorala.eus webgunearen bidez eskuratu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.