Labar artearen santutegi berria

113 animalia grabatu aurkitu dituzte Bizkaian, Berriatuko Atxurra kobazuloan, baita gizakiak egon zirela egiaztatzen duten beste hainbat froga ere. Ikerketak beste bi urte iraungo du
Jon Arriola Berriatuko alkatea, Lorea Bilbao diputatua eta Diego Garate arkeologoa Atxurran, aurkitutako pieza batzuk ikusten.
Jon Arriola Berriatuko alkatea, Lorea Bilbao diputatua eta Diego Garate arkeologoa Atxurran, aurkitutako pieza batzuk ikusten. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko apirilak 17
Euskal Herriko ondare arkeologikoaren ezagutza, hein handi batean, Jose Migel Barandiaranen lanaren emaitza da. Garaiko teknologiek arkeologoaren aurkikuntzak mugatu zituztelakoan, Bizkaiko Foru Aldundiak hark hasitako bideari berriz heltzea erabaki zuen orain lau urte. Emaitzek erakutsi dute asmatu dutela. 113 animalia irudi aurkitu dituzte Berriatuan, Atxurra kobazuloan (Bizkaia); Euskal Herriko kobazulo batean aurkitutako kopururik handiena da. Era berean, 500dik gora ikatz hondakin eta irudien grabaketarako erabilitako silexeko bi dozena pieza ere aurkitu dituzte.

Agerraldi batean, Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok eta Diego Garate arkeologoak Berriatuko kobazuloko ondare arkeologikoaren eta artistikoa ikertzeko diziplinarteko proiektuaren zati bat aurreratu dute. Haien esanetan, Atxurran aurkitutako irudiengatik eta giza jarduera egon zela frogatzen duten aztarna kopuruagatik, kobazuloa paleolitikoko artearen adibide «bereziki esanguratsua» da. Garatek azaldu du grabatuak egiteko aurkitutako materialek labar artean erabilitako tresnen eta argiztapen tekniken inguruko informazio «berdingabea» eskainiko dietela. «Atxurra arte galeria eta artista lantegia da aldi berean», adierazi du.

Balio handiko aurkikuntza

Berriatuko kobazuloa aski ezaguna da; Barandiaranek ikertu zuen lehendabizikoz, 1934-1935 bitartean, baina ez zuen irudirik aurkitu. 2014an, Garatek beste proiektu bat abiatu zuen, kobazuloa berriro induskatzeko, eta 2015eko irailaren 25ean aurkitu zituen irudiok, Iñaki Intxaurbe espeleologoarekin batera. Bizkaiko Foru Aldundiak orduan erabaki zuen Garate laguntzea Atxurrako kobazuloaren ikerketan jarraitzeko. Egun, Garatek eta beste 30 adituk osatzen dute ikerketa taldea.

2015ean abiatu zuten ikerketa, eta 2020ra arte luzatuko da. Proiektuaren erdiko puntuan daudela baliatuz, aurkitutakoaren berri ematea erabaki dute. Orain bi urte, lehen balorazioa egin zutenean, ez ziren ziur kobazuloak zuen «potentzialaz». Oraingoan, ordea, emaitza argiagoa izan da.

Teknologia berrien aplikazioari esker, ikertzaileek 113 animalia grabatu aurkitu dituzte, hamalau espaziotan banatuta. Arkeologoak nabarmendu du espazio horietako hiruk irudien «oso kontzentrazio altua» dutela. Azaldu duenez, grabatuak «oso finak» dira, eta, beraz, «zailak» antzemateko. «Grabatuak ikusgai egiteko, bakoitzaren 3.000 makroargazki egin ditugu, eta gero batu egin ditugu, ordenagailu bidez grabatua berregiteko».

Aurkitutako irudi gehienak bisonteak eta zaldiak dira, eta neurri txikiagoan ahuntzak, uroak, oreinak eta beste animalia batzuk. «Ziurtasun osoz esan dezakegu Euskal Herrian animalia irudi gehien dituen kobazuloa dela Atxurra». Irudiak kobazuloaren sarreratik 230 metrora eta 330 metrora daude. Azaldu duenez, kobazulorako sarbidea oso konplikatua da, eta irudiak dauden espazioetara heltzeko «makurtu eta herrestatu» beharra dago.

Horma irudiez gain, labar artea egiteko aurkitutako aztarna eta lanabesen «kopuru handiak» egiten du berezi Atxurrako kobazuloa. Izan ere, arkeologoak azaldu du elementu horiek desagertu egiten direla kobazuloetatik, «denboraren poderioz». Aurkitutako tresnak bi taldetan banatu ditu. Alde batetik, grabatuak egiteko erabiltzen zituzten bi dozena silexeko pieza. Bestetik, irudiak marraztu zein irudiak dauden gelak argiztatzeko erabilitako 500dik gora ikatz hondakin. «Seguruenik, Iberiar Penintsula osoan ikatz arrasto kopuru handiena duen kobazuloa da». Lanabesak eta ikatz hondakinak aztertu, erregistratu eta induskatzeari esker, ikertzaileak gai izango dira gizarte paleolitikoen prozesu artistikoen informazio lortzeko.

Lau indusketa gune nagusi

Atxurrako kobazuloa kilometro erdi luze da, eta lau gunetan egin dituzte indusketak: kobazuloaren bi sarreretan eta irudiak dauden kobazulo barnealdeko bi eremutan. Esaterako, Atxurra izeneko sarrera nagusian aurkitutako aztarnek erakutsi diete gizakiek etengabe okupatu zutela orain dela 30.000 urtetik 12.000 urte arte. «Su arrastoak eta animalien hezurrak aurkitu ditugu bertan», kontatu du Garatek. Barandiaranek 1935ean egindakotik abiatu zuten sarrera nagusiko indusketa.

Armiña deituriko beste sarreran aurkitutako aztarnen arabera, eremu horretan okupazio bakarra izan zen, orain dela 12.000 urte. Silexezko tresna «oso landuak» eta okre hondarrak aurkitu dituzte bertan. «Eremu horretan aurkitutako materialak exogenoak dira, pieza asko Trebiñu eta Urbasatik eramandakoak dira», azaldu du. Hala ere, Garatek adierazi du oraindik ez direla gai esateko zein zen sarrera horren erabilera.

Kobazuloaren barnealdean, berriz, irudiak eta irudiak egiteko tresnak aurkitu dituzte. Sarreratik 230 metrora, irudiez gain, labar artea egiteko eta argiztatzeko suak, haritzaren eta ipuruaren ikatz hondarrak, eta silexezko pieza batzuk aurkitu dituzte. Material horiek guztiak grabatuen azpian zeuden. Hareharrizko lanpara bat aurkitu dute kobako beste sektore batean: sarreratik 330 metrora, zehazki.

Aurkikuntza esanguratsuak egin badituzte ere, Garatek azaldu du ikerketa oraindik ez dela bukatu. «Hurrengo bi urteetan, aurkikuntzetan sakondu, eta ikertzen jarraituko dugu». Horrez gain, arkeologoak azaldu du kobazuloko arte paleolitikoari lotutako kronologia osatu nahi dutela, datazio erradiokarbonikoa erabiliz. Ikerketa bukatu arte itxaron beharko da, beraz, Atxurran dagoen guztia ezagutzeko. Oraingoz, baina, hilaren 17tik 29ra kobazuloan aurkitu dituzten tresnak ikusteko aukera egongo da Bilboko Arkeologia Museoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna