Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko bira egingo du abenduan

EOSeko kideak Austrian eta Alemanian izango dira abenduaren 4tik 8ra, eta hiru kontzertu emango dituzte. Robert Treviñok 2021-2022 denboraldira arte luzatu du orkestra-zuzendari titularraren kontratua

Municheko Herkulessaal aretoan ariko da EOS abenduaren 6an. Irudian, aretoaren barrualdea, Municheko Abacco orkestra jotzen ari dela, 2011n. HERKULESSAAL.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren nazioarteko proiekzioari nahiz bere proiektua sendotzeari begira, «garrantzi handia» duten bi iragarpen egiteko agertu ziren EOSen arduradunak komunikabideen aurrera, atzo. Alde batetik, jakinarazi zuten orkestrak nazioarteko bira bat egingo dutela abenduan, eta, bestetik, luzatu egin dutela egungo zuzendari titularra den Robert Treviñoren kontratua, zeinak gutxienez2021/2022 denboraldia bitarte jarraituko duen orkestra gidatzen. Treviñorekin batera, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusia izan ziren xehetasunak azaltzen, orkestrak Donostian duen egoitzan.

EOSeko kideak Austriara eta Alemaniara joango dira abenduan, «Europaren eta musikaren bihotzera», arduradunen esanetan, hiru kontzertu ematera. Austriako Linz hirian izango da lehena, abenduaren 4an, Brucknerhaus kontzertu aretoan. Abenduaren 6an, berriz, Alemanian ariko da orkestra, Municheko Herkulessaal areto entzutetsuan. Ondoren, atzera Austriara itzuliko da, abenduaren 8an Bregenz hiriko Festspielhaus aretoan emango baitute kontzertua. Rochek zehaztu zuen hiru hiriak musika tradizio handikoak direla, eta, munduko orkestra guztiek haietan jo nahi dutenez, zaila dela areto horietan egon ahal izatea. Azaldu zuenez, duela urte eta erdi baino gehiago hasi ziren bira lotzeko lanetan, eta, horregatik, oso pozgarritzat jo zuen orain aurkeztu ahal izatea.

Hiru emanaldietan, Mahlerren Laugarren sinfonia interpretatuko dute kontzertuaren bigarren zatian, eta Mojca Erdmann soprano alemaniarra ariko da bakarlari. Baina ez du Mahlerren partitura soilik interpretatuko. Izan ere, lehen zatiak ezberdinak izango dira hiru emanaldietako bakoitzean, eta Erdmannek hainbat obratan kantatuko du horietan ere. Halaber, Vadim Gluzman biolinista ukrainarra ere bakarlari arituko da Bregenzeko kontzertuan.

Austriako bi kontzertuak euskal konpositoreen lanekin irekiko dituzte: Aita Donostiaren Meditazioa obrarekin Linzekoa, eta Pablo Sorozabalen Zazpi Lieder (Hautaketa)-rekin Bregenzekoa. Linzen, Aita Donostiaren obraren ostean, orkestrak eta Erdmannek Mozarten soprano-ariaz eta eliza-sonataz osatutako sorta bat emango dute. Bregenzen, berriz, sopranoak Sorozabalen obran kantatu ostean, Gluzmanek Prokofieven Biolinerako 2. Kontzertua interpretatuko du orkestrarekin. Azkenik, azaldu zuten Municheko Herkulessaal areto «zorrotza» dela, eta bertara eramango duten programa ere halakoxea izango dela: orkestrak Elgarren Enigma Bariazioak emango du bertan, Mahlerrekin kontrastean. Treviñok berak esan zuenez, Malherrena orkestrari «birtuosismo eta kohesio handia» eskatzen dizkion obra bat da. «Azterketa bat izango da EOSentzat, eta ziur nago ongi gaindituko duela».

Euskal konpositoreen lanei dagokienez, Treviñok azaldu zuen ordu asko eman dituela Eresbilen artxiboa aztertzen, eta, oraingoz, «intereseko» 600 lan inguru topatu dituela. Birako programak osatzeko, beste lanekin «koherentzia» zutenak aukeratu dituela azaldu zuen. «Etxean beste 40 bat ditut zain, ea zer kontzerturako izan daitezkeen egokiak».

Bost denboraldi guztira

Iazko urrian ekin zion Treviñok bere ibilbideari EOSen zuzendari titular gisa, eta asteon eta hurrengoan zuzenduko ditu denboraldi honetako azken kontzertuak, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon —orkestrak Verdiren Requiem-a joko du—. Zuzendari estatubatuarrak beste bi denboralditarako kontratua sinatua zuen, baina orain arteko ibilbidearen balorazio positiboa egin dute bai berak bai orkestraren arduradunek, eta kontratua 2022ra bitarte luzatzea erabaki dute bi aldeek. Hala, gutxienez bost denboralditan gidatuko du orkestra, orotara. Rochen hitzetan, «oso garrantzitsua da orkestrarentzat epe luzeko ikuspegi horrekin aritzea».

Treviñok esan zuen pozik zegoela EOSekiko harremana luzatzearekin, orain arteko «lorpenak indartzeko» balioko duelakoan. Urtebetean orkestrarekin «konexio oso sakona» lortu duela eta oso harrera ona sumatu duela adierazi zuen, eta eskertuta agertu zen horregatik publikoarekin eta arduradunekin. Adierazi zuen bukatzear den denboraldian «bai lan egiteko eran, bai musika lengoaia finkatzean, aurrerapauso handiak» egin dituztela. «Uste dut orkestra hazi egin dela. Ez nuen uste hain azkar lortuko genuenik egungo egoerara iristea».

Hurrengo denboraldiari begira, zuzendariak iragarri zuen «proiektu eta musika berri asko, eta euskal musika gehiago» izango direla. Asmo horiek aurrera eramateko, «komunitate osoaren konfiantza» eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.