Itakan da 'Black is beltza'

Irailean aurkeztuko duten animazio filma oinarrian, 'Black is Beltza' erakusketa ireki dute Donostian. 'The Art of Black is Beltza' ere aurkeztu dute, proiektuaren «transmedia izaeraren» lekukotza liburua

Nobela grafikoaren edukiak animaziozko filmerako erabilitako materialarekin ordezkatu dituzte erakusketa berrian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Aurrera jarraitzen du Fermin Muguruzaren «bonba hedakorrak».Hitz horiekin aurkeztu zuen Black is Beltza eleberri grafikoaren lehen erakusketa, 2014ko azaroan, Bilboko Azkuna zentroan, eta ordutik etenik izan ez duen proiektu hori «Itakara» heldu dela esan du orain: «Black is beltza-ren Itaka Donostia bilakatuko da 2018an». Duela ia hamar urte hasi ziren Muguruza eta Harkaitz Cano idazlea Iruñetik New Yorkera joandako erraldoien istorioari forma ematen; Jorge Alderete marrazkilari argentinarrarekin komiki liburu bat kaleratu zuten aurrena, itzulpenak etorri ziren ondoren, kantua, bideoak eta komikian oinarritutako erakusketak, Bilbon aurrena eta Bartzelonan gero, eta animazio film bat du zain orain. «Duela urte asko, batel txiki batean hasi ginen Harkaitz Cano eta biok. Hortik flota txiki bat joan da osatzen, eta portura iristen ari da jada. Donostia da portu hori: hemen aurkeztuko dugulako nik jada Potemkin korazatua deitzen diodan animaziozko filma». Irailean izango da hori, baina dagoeneko «bi itsasontzi» iritsi dira Donostiara, eta horiek aurkeztu zituzten atzo, San Telmo museoan: The Art of Black is Beltza liburua, animazio lanaren «kontakizun grafikoa», batetik; eta Black is beltza erakusketa «eraberritua», bestetik, irailaren 30era bitarte bisitatu ahalko dena.

Aurrekoen aldean, nobela grafikoaren edukiak pelikularako erabili dituzten edukiekin ordezkatu dituzte erakusketa berrian. Mantendu dute, halere, hasieratik dokumentaziorako erabilitako materialaren parte: posterrak, ikus-entzunezkoak, prentsako artxiboak eta bestelako dokumentuak. Aurrekoetan bezala, Sahatsa Jauregik josi ditu piezak, eta horien artean pisu berezia du 2000. urteko Egunkaria-ko orri batek, hark eman baitzion denari hasiera; Iruñeko erraldoiak 1965ean New Yorkera desfilatzera joan zirela kontatzen zuen artikuluak, eta erraldoi beltzak ezin izan zirela desfilean atera irakurri zuen argazki oinean Muguruzak. «Dena biltzen zen hor niretzat: arrazakeria, zentsura, beti erabiltzen dudan esana, dantzatzen den herri bat ez dela inoiz hilko».

1960ko hamarraldi erdialdeko giroa jasotzen du, azken batean, Black is beltza-k, musika, iraultza eta maitasuna tarteko. Manex Unanue da kontakizunaren protagonista, zeinak misio berezi baten enkargua jasoko duen eta munduko hamar hiritara eramango duen horrek. Horien arabera antolatu dituzte erakusketako panelak, baina elkarrekin harilkatzen dira etengabe.

Azalpenak labur eman nahi izan ditu musikariak, baina hizketan hasi eta berotu egiten dela aitortu du: «Hunkitu egiten naiz, badagoelako elementu bat oso inportantea hemen. Zer dago argazki horretan? Broadway eta 26 karrikaren kantoia». Eta New Yorkeko lehen panelari begira aipatu ditu Bertol Brecht eta Mikel Laboa. «Guk hortik hartu genuen Negu Gorriak-en izena». Kontakizunaren hasierari dagokio argazkia, baina amaierari egiten dio keinu, kontakizunak etengabe bilatzen dituen loturen erakusgarri. «Hori keinu bat da, amaierara iristen garenean Mikel Laboaren Apur dezagun katea singlea hor dagoelako, Gabriel Arestiren hitzekin egin zuena». Miarritzeko panelean dago 1967an debekatutako singlea ikusgai, eta alboan ditu urte bereko aberri eguneko bi kartel, Iruñekoa eta New Yorkekoa. «Hasten gara zentsura batekin, eta amaitzen dugu zentsura batekin». Orduko mundua jasotzen dute hala hormetako irudiek: «Zertan ari ginen gu hemen, eta zertan zen mundua».

«Transmedia izaera»

Liburura ere eraman dute orain arte Black is Beltza-k eman duena, Juanma Aramendiren diseinu lanarekin. Elkarrek argitaratu du, eta «Black is beltza transmedia esperientziaren kontakizun grafikoa» dela azaldu du Antxiñe Mendizabal editoreak. Bestela esanda, «Ferminek abiatu zuen bidaia ikaragarri honen lekukotza liburua». Euskaraz idatzi dute liburua, baina gaztelera, frantsesa eta ingelesa ere erantsi dizkiote. Eider Rodriguezek hitzaurrea idatzi du, baita Muguruzak ere. Eta bitan banatu dute gainontzekoa: Transmedia artefaktu bat eta Animazio filma. Orain arte egindako lanak jaso dituzte aurrenekoan, eta animaziozko pelikula urratsez urrats nola eraiki den bigarrenean. Juanba Berasategiren hitzekin abiatu dute atal hori, eta gogora ekarri nahi izan ditu Mendizabalek: «Animazioa erresistentzia ariketa bat da».

San Telmoko Laborategia aretoaz gain, aurreko patioa ere hartu du erakusketak; Aldereteren mural bat eta kontsultarako liburuak jarri dituzte bertan. «Patioa ere okupatu dugu, eta ezagutzen nautenek badakite, irailerako auskalo zenbat toki hartuko dugun San Telmon», esan du irri txikiz Muguruzak. Oraingoz, festa bat egingo dute uztailaren 21ean. «Horregatik esan dut okupatzearena», erantsi du. Museoak urtero antolatzen duen gaualdiaren barruan izango da saioa, dohainik, eta The Sey Sisters, Bad Sound System eta DJ Unai Muguruzak hartuko dute parte.

Erakusketa lagunduko duten jardueren artean, hiru pelikularen emanaldiak ere iragarri dituzte: Heavy metal (1981), Have a nice day (2017) eta Re-Vengeance (2016) eskainiko dituzte, uztailaren 3an, 10ean eta 17an, hurrenez hurren. Irailean, bestalde, bi bisita gidatuko ditu Muguruzak. Aurreratu duenez, litekeena da Donostiako Zinemaldiaren barruan ikusi ahal izatea animaziozko film berria; ez du baieztatu, ordea.

Berez, komikia baino lehen animazio filma behar zuen izan Black is beltza-k. Alderantziz egin du bidea azkenean, eta, Muguruzari entzunda, litekeena da Donostia ez izatea behin betiko Itaka: «Iritsi gara portura, eta berez hemen bukatzen da. Baina, ikusita nola gelditu den, ez nago ados. Beraz, irekita uzten dut, portu honetatik abia dadin beste batzuetara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.