Zikloa errepikatzen delako

Besteak beste, hilezkortasunaz eta gizaki perfektuaz hausnartu du Javier Viver artistak 'Aurelia immortal' erakusketan; Nafarroako Unibertsitateko museoan dago ikusgai

Bizi zikloa errepikatzen duen marmokaren DNAren gainean, Viverrek 2045.etik aurrera hilezkorra izango den gizakia irudikatu du. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Damoklesen ezpata balitz bezala, gizakiaren izana baldintzatzen du hilezkortasunak. 2015ean, Jinru He biologo txinatarrak Aurelia aurita marmoka «hilezkorra» zela ziurtatzen zuen artikulua argitaratu zuen Plos One zientzia aldizkari. Hilabeteetan marmoka aztertu ondotik iritsi zen hilezkorra zeneko ondoriora. Aurkikuntza hori abiapuntutzat hartuta, Javier Viver artistak (Madril, 1971) dokumentazio zientifikoa eta fikzioa uztartuz, 2045. urtetik aurrera hilezkorra izango den gizakia irudikatu du Aurelia immortalerakusketan; Nafarroako Unibertsitateko museoan ikusi ahal izango da urriaren 22 arte.

Urrezko hirusta batekin irudikatu du izaera hilezkorra Viverrek. Erakusketa osatzen duten argazki eta horma irudietan sarritan ageri den elementua da, gainera. «Gau iluna argitzen duen neoia da», azaldu du artistak. Erakusketak bi plano dituela esan daiteke: zientifikoa eta artistikoa. Lan askotan, Viverrek kontalari edo deskribatzaile soil modura jokatzen du, baina, beste askotan, izaera artistikoa eta zientifikoa nahasten ditu, eta horrek zaildu egiten du bi planoak bereiztea.

Gainontzeko elementuez gaindi, Aurelia marmoka da protagonista nagusia. Argiz lagunduta, hondo urdin indartsu baten gainean flotatzen duten marmokak ageri dira erakusketaren lehen aretoan. Viverrek azaldu duenez, mikroskopio elektroniko batekin egindako irudiak dira. Hala, gizakiarentzat ikusezina den horiikusgarri egitea lortu du. Baina artistak, ia zientzialaria bat balitz bezala, bizitza ziklikoa duen medusa hori nolakoa den azaldu nahi dio bisitariari. Horregatik, irudietako batean medusa batean jartzen du fokua. Mikroskopioaren laguntzarekin, haren DNA irudikatzen duten espiralak irudikatzen ditu. Etengabe errepikatzen diren helizeak ageri dira horma irudi erraldoi batean. «DNA irudikatzen duten helizeak errepikatzen direnez, galaxia moduko bat iduri du, planeta ezberdinak ageri diren galaxiak», argitu du.

Argazkilariaz gain, eskultorea ere bada artista madrildarra. Horregatik, bi eskultura daude erakusketan. Tamaina handikoak dira biak. Leporello edo izar forma dute. Aurelia marmokaren bizitza irudikatzen dute. Sekuentziaren kontakizun lineala saihestu nahian, izar formako ereduaren aldeko hautua egin du. Hala, inoiz eteten ez den marmokaren bizitza irudikatzen du. Izan ere, behin heldu aroa gaindituta, bizitza eten zaiola ematen duenean, marmoka hasierako egoerara itzultzen da, DNA berarekin. Ia amaitutzat ematen den bizitza zikloa, berriro hasiz.

Erakusketaren lehen partean, Viverrek neutral jokatzen du. Zientzia aldizkarietako kontalari soil izan nahi duela ematen du, artista izaerari uko egingo balio bezala. Erakusketako bigarren zatian azaltzen da haren benetako izaera. Kontalari maskara kendu, eta inolako konplexurik gabe ageri da. 2045erako gizakia hilezkorra izango den jokalekuan kokatzen du bere burua. Hala, 2046ko gizaki perfektua aurkeztu du. «Hilezkortasuna lortutakoan, gizakia espezie modura desagertu egingo da; espezi berri bat sortuko da; nik, transhumanoa deitu diot».

Hortaz, bioteknologiaren eztanda izango dela iragarri du, eta horren eraginez, gizartearen egitura sozial eta psikikoa goitik behera aldatuko dela: «Ez da espeziearen eboluzio naturala izango, teknologikoa baizik». Alde horretatik, adierazi du egun gizakiaren balio garrantzitsu modura nabarmentzen diren duintasuna edota norbanakoaren askatasuna lehenesteari utziko zaiola. Are gehiago, algoritmoen bitartez, bizidun posthumanoek erabakiak norbanakoek baino «askoz» ere modu «eraginkorragoan» hartuko dituztela dio.

Erakusketan, 2046tik aurrerako planteamendu horien hainbat ondorio jarri ditu mahai gainean artistak, arteak gizartean duen papera esaterako. Izan ere, hilezkortasunaren gaia, artea arte denetik landu izan da. Museoetako jokamoldea nabarmendu du artistak. «Museo modernoetan, zenbait objektu baliotsu gisa izendatzen dira, eta iraunarazteko neurriak ezartzen zaizkie, desager ez daitezen».

Planteamendu filosofiko eta erlijiosoez gain, etorkizunean hilezkorrak izango diren gizakien prototipoak ere egin ditu artistak. Emakumezkoak dira guztiak, perfekzioa emakumezkoetan soilik dela posible irizten diolako. Horrez gain, Ponpeian (Italia) labak hilotz bilakatutako gorpuzkien irudien interpretazio berritua ere egin du. Nafarroako Unibertsitatearen argazki funtsean, Giorgio Sommerrek, 1875. urte inguruan, Ponpeiako arrastoei egindako hainbat argazkiren kopiak daude. Tender puentes proiektuaren baitan, argazki horien interpretazio berritua gauzatu ahal izan du Viverrek. «Ponpeiako erlikiak autorerik gabeko eskulturak dira, eta autorea denboran iraungo duten obrak sortzeko egiten duten ahalegina islatzen dute».

Heldu den urriaren 22 arte Nafarroako Unibertsitateko museoan bisitatu ahal izango den erakusketaren harira, Aurelia immortal izena duen liburukia ere argitaratu dute. Oso liburu berezia da, eta bi osagai nagusi ditu. Batetik, Aurelia aurita marmokaren bizitza zikloa azaltzen duen izar formako leporelloa dago.Eta, bestetik, eguneroko baten itxura daukan liburua. Artistak Jinru He biologoari igorritako eskutitzak eta gizaki posthumanoaren garaiko egunerokoa jaso ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.