Sistiaga, Revuelta eta La Taller-ek jasoko dituzte Gure Artea sariak

Euskal artea berritzeko egindako lana hartu du kontuan epaimahaiak Sistiaga saritzeko orduan, eta baita haren lan pedagogikoa ere. Gasteizen egingo da sari banaketa, urriaren 5ean

Jose Antonio Sistiaga artista, atzean bere hainbat koadro dituela, orain hiru urte Donostiako Kursaal aretoan egindako erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko irailaren 9a
00:00
Entzun
«Artea hautatzea: hori da arriskurik handiena!». Umetan, Velazquezen koadro baten kopiak seko liluratu zuen Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932). Akuarela kutxa zahar eta idortu bat oparitu zioten etxekoek, eta orduantxe bertan jakin zuen margolari izan nahi zuela. Baina margolari bihurtu nahi izateaz gainera, margolari izateko arriskua hartzea erabaki zuen. Gaur taldeko kide, arte pedagogia berrien defendatzaile, ...ere erera baleibu izik subua aruaren... film esperimentalaren egile, Euskal Herriko artearen historia ulertzeko ezinbesteko figura da gaur egun, eta, hain zuzen, sei hamarkadatan egindako lan hori dena aitortu nahi izan diote orain ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria ematean. Sistiagaz gainera, Mabi Revuelta artista ere sarituko dute sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea sariarekin, eta Maite Martinez de Arenazak gidatutako La Taller proiektuak jasoko du ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea saria. 18.000 euro jasoko ditu bakoitzak, eta urriaren 5ean egingo da sari banaketa, Gasteizko Artium museoan.

«Sistiagaren ibilbidea aitortzeko momentu egokia zela iruditu zaigu». Pinturan eta zineman egindako lana aipatu du Lucia Agirre Lopez Bilboko Guggenheim museoko komisario eta Gure Artea sariak epaimahaiko kideak artista saritzeko motiboen artean. «Artista gakoa da», azaldu du. Horrez gainera, ordea, Sistiagak pedagogia artistikoan egindako lana ere azpimarratu du epaimahaiak; izan ere, aitzindari izan zen Sistiaga Euskal Herriko arte irakaskuntzan. Esther Ferrer artistarekin batera, Ostegunetako akademia izenekoak sortu zituen Donostian 1960ko hamarkadan, eta Elorrion ere hezkuntza kooperatiba bat sortu zuten Celestin Freinet pedagogoaren metodoetan oinarrituta. Gaur egun ere lanean jarraitzen du artistak, gainera, eta, azkenaldian, hainbat erakusketa eskaini zaizkio Euskal Herrian. Iaz, adibidez, haren margolanak bildu zituzten Oteiza museoan, eta, aurten, Gaur taldeari Donostiako San Telmo museoan eskainitako erakusketan ikus zitezkeen haren beste lan batzuk. Horregatik epaimahaiak aipatutako momentuaren egokitasunarena.

Erakusketa zabala izan zuen iaz Gasteizko Artium museoan Mabi Revuelta artistak ere (1967, Bilbo). Bi hamarkadako ibilbidea du sortzaileak, eta izen ezaguna da euskal artearen munduan. Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen arte ikasketak, eta, lizentziatu zenetik, maiz uztartu ditu bere jardun artistikoa eta pedagogikoa. Diziplina artekotasun handikoak dira haren lanak, eta ABECEDA proiektua aipatu dute horren adibide modura epaimahaiko kideek. Diseinua, tipografia, dantza eta argazkiak uztartu zituen proiektu hartan Revueltak, eta 2009an aurkeztu zuen Bilboko Arriaga antzokian ikerketa haren guztiaren emaitza izan zen balleta. Nazioarteko azoka eta erakusketetan presentzia izaten du sortzaileak, eta, Elena Aitzkoa Reinosa artista eta epaimahaiko kideak azaldu duenez, haren sorkuntza ibilbidearen garai «indartsuan» dago egun.

Zubi lanari aitortza

Proiektu hibrido bat da Maite Martinez Arenazak gidatutako La Taller proiektua ere. Erdiz da grabatuak egiteko lantegi, eta erdiz erakusketa areto. Bilboko Solokoetxe auzoan du egoitza, baina, bertan egoteaz gainera, bertan eragiten duelako saritu du epaimahaiak. Izan ere, estua da La Taller proiektuak inguruarekin duen harremana, eta handia da arte garaikidearen zabalkundea bultzatzeko egiten duen lana. «Artearen bidez, Maite [Martinez Arenaza] kapaz da gizarte talderik apalenak elektrizatzeko», azaldu du Abigail Lazkoz Saez artista eta epaimahaiko kideak. Eta, hain zuzen ere, artearen mundutik kanpo dagoen jendeari zubi bat eskaintzeko esfortzu hori da sariarekin aitortu nahi izan dutena. «Oso ona da artea jendearengana gerturatzen».

Bost kide izan ditu epaimahaiak. Agirre Lopez, Aitzkoa Reinosa eta Lazkoz Saez izan dira erabakiaren nondik norakoak azaltzen, baina Peio Agirre arte kritikaria eta Koldo Almandoz zinemagile eta kazetaria ere izan dira taldean. Epaimahaikideek adierazi dutenez, «zaila» egin zaie hiru izen bakarrik hautatzea, eta, zehaztu dutenez, hamasei hautagai izan dituzte mahai gainean. Azken hirurak kontsentsuz onartu dituztela azaldu dute, halere.

Arteak duen garrantzia azpimarratu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kirol, Gazteria eta Kultura sailburuordeak, eta sariek betetzen duten zubi lana nabarmendu du. «Aitortza eta ezagutza bideratzen duten egitasmoak dira sari hauek, eta oso garrantzitsuak dira». Azken urteetako sariketetan emakumezko sortzaileek duten presentzia ere nabarmendu du sailburuordeak. «Oso argi ikusten da Gure Artea sarietan zeinen garrantzitsua den emakumezko sortzaileen papera Euskal Herriko artean. Ziur aski, ez dago behar bezain errekonozituta alor horretako kate osoan, baina epaimahaikideek urtez urte aitortu duten zerbait izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.