Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala

Txinparta txikien sua

Hotz samar hasitakoa pixkana joan da berotzen. Jendeari kosta egin zaio hasieran distira gutxikoa izan den saioan sartzen, baina buruz-burukoak eta agurrek hunkidura printzak utzi dituzte Ilunben.

Aitor Sarriegi bertsolaria, atzo, Ilunbera sartzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Oholtza zabal dotorea, moketa urdinez jantzia, oihal beltzez inguratua, eta pantaila erraldoia zortzi aulki hutsen atzean. Megafonoetatik euskal rock garaikidearen hainbat pieza; Berri Txarrak, Napoka Iria, Itoiz... Ez Xabier Leterik, ez Benito Lertxundirik, ez Oskorririk. Garai berriak. Finala hasi baino ordu eta erdi lehenago jendea hasi da bi ate nagusietatik sartzen, apurka, modu orekatuan, 7.200 lagun bildu arte. Eta sartu ahala, pankartak harmailetatik zintzilik: Segi denak harrituz. Aupa Oihana!!; Rimmel, galtza, zapata... Zure kotxin txapela besteik ezta falta. Aupa Alaia!; Unai txapeldun. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea; Aupa Apala! Zurea da finala!; Agin guapooo, Txapela hitzako!; Beñat, eintzak 91n egin zuna Peñak, eta beste hainbat lelo animozko.

Duela lau urteko finalera baino «lasaitasun handiagoarekin» iritsi da aurtengora Aitor Sarriegi. 2011koan oholtzaren gainean zen eta txapela buru gainean zuela amaitu zuen. «Inbidia pixka bat ere badut, baina gaur disfrutatzera nator». Lagun koadrila alboan duela eta presa handirik gabe sartu da Illunbeko zezen-plazara. Finala «oso orekatua» ikusi du hasieran: «Despistatzen denak agur esango dio txapelari eta asmatzen duenak jantziko du». Eta arbitro etxekoiaren sindrome txiki bat ere bai: «Apala [Iñaki Apalategi] hautagai seriotzat daukat txapeldun izateko».

Ez da final handira hurreratu den bertsolari bakarra txapeldun azken egunez izango dena. Saioa hasi baino ordubete lehenago antolatzaileei laguntzen ari da Andoni Egaña, Euskal Herriko azken finalean bertsofamatu hartan esandakoari zintzo-demonio lotuta. ETBrako lanean Aitzol Barandiaran eta Anjel Mari Peñagarikano, jendartean nahastuta Maialen Lujanbio eta Estitxu Arozena beste askoren artean, eta VIPentzako gordetako txokoan beste hamaika: Iñaki Murua, Imanol Lazkano, Sebastian Lizaso, Xabier Euskitze, Jokin Sorozabal, Millan Telleria, Txomin Garmendia, Jon eta Haritz Lopategi, Jose Luis Gorrotxategi...

Laburu, su piztaile

Lehen ariketetan, zortziak kartzelara bidali artekoetan, distira handiko unerik ez, eta saio osoan ere txinparta gogoangarriak urri. Txinparta txikiez osatu baitute finalaren sua. Hotz saioa hasieran, eta hotz jendea ere, nahiz eta udaberriko tenperatura izan bai kanpoan eta baita pabillioi barrenean ere; zaleari ere kosta egin zaio saioan murgiltzen. Agin Laburu izan da lehen su piztailea, Jon Maiarekin zortziko txikian osatutakoan, ohera galtzerdiak jantzita eta ur-poltsarekin sartu denaren paperean, eta Alaia Martinekin 10eko txikian, baserritarraren gorputzean sartuta. Hor lehen txalo zaparradatxoak. Sarriegik ere «hotz» eta «arraro» ikusi du finalaren lehen partea: «Jon eta Beñat tokia ezin hartuta. Unai ondo hasita, baina gero ez, eta Alaia distira gutxirekin. Pena Apalaren irristada puntua jarritakoan...».

Zortzi bertsolariak kartzelara bidaltzean, Saroi Jauregiren oharra, ia errieta ere bai, komunera joandakoei, edo joateko asmoa dutenei, mugimendu handiegia nabari dela esanez. Mugimendua eta eztul hotsa frango, bai, baina lau ordutik gorako saioan, nork ez izan behar eta erreakzio fisiologikorik... Bertsolariari bakarkako gaia jarri ondorengo isiltasun erritozkoan kontzertu sinfonikoaren traza ere hartu dute eztul kantuek.

Jon Maia izan da azkena kantuan zortziek partekatu duten bakarkako gai eta lanean, eta hau bere azken puntua: «Elkar zaiozu elkarbizitza, Euskal Herri berriari». Eta VIPen aulkietan bertsolariekin diren Miren Azkarate Donostiako kultura zinegotzia eta Gipuzkoako Diputazioko kultura diputatu Denis Itxaso txalo zartaka.

Eta zortzien lanak bukatu ondoren, Sarriegik berak Whatsappez ondo iragarri bezala Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi buruz burukora. Hotz hasitakoa, pixkana epelduz joan da, txinpartatik txinpartarako bidean. Martin eta Gaztelumendik egindako azken lanarekin aurrena eta irabazlea jakin aurreko agurrekin ondoren.

Eta txinpartatik txinpartarako bidean polemikaren sua ere piztu da Antonio Campos Kutxako ordezkaria oholtzara igo denean Unai Agirreri bosgarren saria ematera. Txistu batzuk entzun eta mikrofonora joan da, bertsolariei zorionak ematera batetik, eta bestetik galdera egitera ea zergatik txistu egin dioten, Kutxa hasieratik bertsolaritzarekin egon dela aldarrikatuz. Erantzun modura, txistu gehiago, eta giro zabarragoa.

Baina momenturik beroena, Iñaxi Etxabek txapela buruan Beñat Gaztelumendiri jarri dionekoa, eta begiak hunkiduraz erdi gorrituta azkena bota dionean. Orain arteko txapeldunak, aldiz, ez du nahi adina goxatu, baina azken emaitzarekin konforme geratu da emandako lekukoarekin: «Puntukakoa xoxo samar joan da eta ofiziokoan ere ez da lehertu, baina bakarka Beñat oso ondo aritu da». Txapeldun izan denak esana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.