Zinemagile hamabi egunez

Zinelekuk ikus-entzunezkoetako ikasleak eta puntako profesionalak batuko ditu hirugarren urtez, Gasteizen, uztailaren 23tik abuztuaren 3ra artean. Ekainaren 8an amaituko da izena emateko epea

Ikus-entzunezkoetako hainbat profesionalekin batera, beste diziplina batzuetako sortzaileek ere hartuko dute parte Zinelekun. ZINELEKU.
itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoen sormenerako, eztabaidarako eta elkarbizitzarako espazio bat da Zineleku, ikus-entzunezkoetako ikasleen, zaleen eta sektoreko profesionalen hamabi egunetako bilgune bat. Egitasmoak hirugarren aldia du aurten; Zarautzen (Gipuzkoa) egin zen estreinakoz, eta, iaz bezala, Gasteizen egingo dute aurten, uztailaren 23tik abuztuaren 3ra bitartean. Apirilean ireki zuten izena emateko epea, eta datorren ostiralean amaituko da, ekainaren 8an. 18-30 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta, denera, 30 lagunentzako tokia izango da.

Ikastaroak izango dira egonaldiaren ardatza, eta horien izaera «praktikoa» nabarmendu du Garbiñe Ortega Zinelekuko zuzendariak. Zinemaren arloko profesionalek emango dituzte lantegiak, eta beste diziplina batzuetako sortzaileek ere hartuko dute parte, tartean koreografoak eta musikariak. Mursegok, esaterako, Musika esperimentazioa eta soinu banda deitu duen ikastaroa eskainiko du. «Zinema ikastaroetan pentsatzean, ez duzu pentsatzen halako artista batek lekua duenik, baina oso garrantzitsua da guretzat zinemaren eta beste diziplinen arteko harremanak lantzea», azaldu du Ortegak. Xabi Erkizia musikari eta soinu ekoizlea ere bigarrenez egongo da aurten irakasleen artean, eta Soinu esplorazioa ikastaroa emango du, Luca Rullorekin batera. Izan ere, soinuari leku berezi bat eman diote aurtengo Zinelekun. «Programazioko gai espezifiko bat izango da. Ordu gehiago sartuko dituzte soinua lantzen; bai zuzeneko soinuan, baita postprodukzioan ere». Hauek dira programan datozen beste izenetako zenbait: Paul Urkijo, Marian Fernandez, Ana Pfaff, Martin Guridi, Clara Sanchez, Mar Coll, Carlos Casas eta Idoia Zabaleta.

Bost film hamabi egunetan

Ikastaro bakoitza besteekin harremanetan diseinatu dute. «Bakoitzaren materiala birziklatu eta hurrengo praktikarekin uztartzea» da asmoa. Modu horretan, bost film labur ekoitziko dituzte hamabi egunean, eta modu irekian proiektatuko dituzte azken egunean. Ez da hori, halere, Zinelekuren helburu nagusia: «Ez dugu emaitza horretan pentsatzen, eta ez dugu programazio osoa horretara zuzentzen, gauza asko gertatzen baitira bitartean. Baina erronka polita da muga horiek jartzea eta ikustea zer ateratzen den bost egunean».

Bi atal izango ditu prestakuntzak. Lehen zortzi egunetan, soinua, filmazioaren hasierak eta super 8 mm-eko errebelatua landuko dituzte, «enborreko prestakuntzan». Hurrengo bost egunetan, ostera, taldea bitan banatu eta praktikak egingo dituzte, bi motatakoak: bata filmen errealizaziora bideratuta egongo da, eta bestea proiektuak «gauzatzera»; ideietatik egitera. Ortega: «Zineman askotan gertatzen da ez dakizula nola jarraitu. Lantaldean egiten den arte bat denez, azpiegitura bat behar duzu, eta proiektu asko orrian geratzen dira. Oso garrantzitsua da jakitea nola bihurtu horiek errealitate , eta ez lantzea bakarrik alde sortzailea edo teknikoa ».

Alderdi hori lantzen saiatuko da, hain justu, Leire Apellaniz zinema zuzendari eta Señor & Señora ekoiztetxeko kidea. Ekoizpen baterako diru iturriak nola bildu landuko du ikasleekin: «Erraza da film bat ikusi eta aztertzea. Baina atzean zer dagoen, nola eraiki den, dirua nondik ateratzen den, hori da ezkutuen dagoena eta azaleratu behar dena, ezinbestekoa baita edozein proiektu benetan gauzatzeko». Apellanizek dio egun errazagoa dela kamera bat lortu, probak egin eta ikasiz joatea, eta iruditzen zaio aukerak ugaritu egin direla profesionalizatu nahi dutenentzat: «Modu ero batean ari gara serieak, pelikulak eta ikus-entzunezkoak kontsumitzen. Edukia ekoiztea funtsezkoa da, eta horrek alde eta aukera asko ditu,korporatiboak zein artistikoak. Denontzako lekua dago; ilusioa eta talentua dituenak izango du etorkizuna».

Elkarbizitzaren emana

Elkarbizitzak ere definitzen du Zineleku; hamabi egunez 24 ordu elkarrekin pasatzeak. «Esperientzia oso emankorra izaten da, eta emaitzan, harremanetan eta intentsitatean ikusten da», aipatu du Ortegak. Lo gutxi egiten dela ere esan du, dela gauez filmatu behar delako, edizio lana berandutzen delako edo profesionalen eta ikasleen arteko eztabaidak luzatu egiten direlako. Hirira ere zabaltzen da elkarbizitzaren ideia. Horretarako, ikastaroekin batera hirira zabaldutako programazio ireki bat ere antolatzen dute, zeinak kontzertuak, proiekzioak, performanceak eta beste hartzen dituen barnean. «Publikoarekin partekatze hori sustatzea oso garrantzitsua da, hiriak ere aprobetxa dezan guregana datorren jendearen lana eta presentzia». Mursegoren eta Mar Collen saio bana izango dira aurten, besteak beste.

Egitasmoa euskaran ardaztua izatea da programaren beste berezitasunetako bat, eta Ortegak dio «apustu bat» dela haientzat. «Parte hartzaileentzat ere garrantzitsua da. Zinelekutik aterata, proiektu askok kontaktuan jarraitzen dute, eta adin horretako sarea indartsu ikusten da: etorkizunean batera lan egingo duten horiek izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.