Antzeko etekinik edo sarbiderik ez

Europako Parlamentuak bere ikuspuntua jakinarazi du 'brexit' ondorengoko garairako. Besteak beste, «lankidetza akordio bat» proposatu du Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren artean.

ander perez zala
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuak beto eskubidea du EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuak brexit-aren inguruan adostuko duten akordioan, eta, indar hori baliatu nahian, europarlamentariek beren ikuspuntua ezagutarazi dute, negoziazioetan eragina izateko. Brexit-a gauzatzen denerako errealitateari buruz, ganberak uste du beharrezkoa dela «lankidetza akordio bat» adostea Bruselaren eta Londresen artean, betiere kontuan hartuz «hirugarren estatu batek» ezin dituela izan «EBko estatu kide baten etekin berak». Parlamentuak proposaturiko akordio mota hori EBk erabili izan ohi du estatu kideak ez diren herrialdeekin harreman bereziak adosteko. Alternatiba bat da, beraz, Michel Barnier EBren brexit-erako negoziatzaile buruak proposaturikoari.

Europarlamentarientzat ere, Erresuma Batua aduana batasunean eta merkatu bakarrean geratzea litzateke aukerarik onena, baina Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ezetza eman zion aukera horri joan den ostiralean. Ipar Irlandako mugaren auzian, Europako Batzordearen ideiarekin egin dute bat: alternatibarik ezean, aduana batasunean eta merkatu bakarrean jarraituko luke.

Europako Parlamentuaren brexit-erako koordinatzaile Guy Verhofstadt herenegun izan zen Londresen, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin eta David Davis Erresuma Batuko brexit-erako estatu idazkariarekin, besteak beste, eta mintzagai nagusia herritarren eskubideak izan ziren. Gai horren inguruan baikor agertu zen, haren iritziz, akordioa «laster» lortuko dutelako, baina ohartarazi zien europarlamentariek «%100ean ziur» egon behar dutela auzi horretan. Hala, Londresek 750 ordezkariak «konbentzitzeko» betebeharra duela gogorarazi zien Mayri eta Davisi, baita prozesuak burokrazia «sinplea eta eraginkorra» izan behar duela.

Erresuma Batuaren eta EBren harremanaz, Verhofstadtek Mayri gomendatu zion Bruselaren legeetatik «hurbil» geratzeko brexit-a gauzatzean, horrek ahalbidetuko lukeelako lanpostuak babestea. «Hori izango da biderik onena Erresuma Batuko ekonomiarentzat», azaldu zuen. May EBko beste hainbat goi politikarirekin ere batzartuko da asteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.