Auzi politikoak amaitzeko eskatu du Arraizek epaitegira sartzean

Auzitegi Nagusian deklaratu du, Brouard eta Muguruza hil zituzteneko urteurrenean ezker abertzalea txalotzeagatik.Auzia artxibatuz gero, DyJ-k helegitea aurkeztuko du berriz

Jon Iñarritu, Oskar Matute, Pello Urizar eta Julen Arzuaga, auzitegiaren aurrean egindako elkarretaratzean, Hasier Arraiz agurtzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Urte politikoarekin batera, «urte judiziala» hasi du ezker abertzaleak. Irudipen hori du Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko koordinatzaileak, eta garai hori gainditzeko garaia dela dio: «Epaiketa politikoak amaitzeko ordua iritsi da. Jardun politikoa epaitegietatik aldendu behar da». Areago, horrek izan behar du, haren ustez, «Euskal Herriko normalizazio politikoaren oinarrietako bat».

EAEko Auzitegi Nagusiaren kanpoaldean esan du hori Arraizek, epailearengana deklaratzera sartu aurretik. Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzteneko urteurrenaren harira iazko azaroan egindako adierazpen batzuengatik eman behar izan ditu azalpenak. Bigarrenez joan da hitz berberengatik deklaratzera, Dignidad y Justicia elkartearen eskaeren ondorioz.

Ezker abertzaleak azken 35 urteetan egindako ibilbidea txalotu zuen Sortuko buruak azaroko ekitaldian. Arraizek berak epaitegira sartu aurretik azaldu duenez, «erregimen frankistaren ondorengo ereduari buruzko eztabaida» egin zeneko garaiak ekarri zituen gogora hitzaldi hartan. Azaldu zuen batzuek frankismoa moldatu eta erreformatzearen aldeko apustua egin zutela, baina ezker abertzaleak erregimen harekiko «haustura demokratikoa» sustatu zuela.

Dignidad y Justicia elkarteak Arraizen aurkako salaketa jarri zuen, eta epaileak, akusatuaren azalpenak entzun ondoren, artxibatu egin zuen auzia. Baina, elkartearen helegitearen ondorioz, auzia berriz irekitzea erabaki zuen Auzitegi Nagusiak, ezker abertzalea adierazpidearen esanahi «anbiguoa» argitu behar dela arrazoituta. Horri erantzuten dio atzoko hitzorduak.

Arraizek bere argudioei eutsi die. Azaroan esandakoak gertaera historikoen interpretazio politiko soilak direla esan dio epaileari ia ordubete iraun duen diligentzian: azaldu dio «ezker abertzalearen» ibilbidea aztertzean «ezker abertzalearena» aztertu zuela; hari buruz aritu zela eta ez ETAri buruz, DyJk egozten dion bezala. Hain zuzen, hitz haiengatik,«terrorismoa goratzea» leporatzen dio elkarteak. Fiskalaren eta epailearen galderei erantzun die akusatuak, baina ez akusatu duen elkartearenei.

Arraizek «bultzada politikoa» ikusi dio auziari, eta eztabaida politikoa arlo politikoan gauzatu behar dela ohartarazi du: «Behar-beharrezkoa da eztabaida politikoa, baina horretarako tokia ez da epaitegia». Politika egiteko deia egin du, beraz; horretarako «instituzioak eta gainontzeko gune politikoak» baliatzekoa.

Auzitegira sartu aurretik, laurogei bat pertsonaren babesa izan du akusatuak epaitegiaren aurrean bertan. «Adierazpen askatasunaren alde. Jazarpen politikorik ez!» zioen pankartaren atzean izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu, Joseba Permach, Tasio Erkizia eta Periko Solabarria; Alternatibako bozeramaile Oskar Matute; EAko idazkari nagusi Pello Urizar; Julen Arzuaga, Iker Casanova eta Diana Urrea parlamentariak; Jon Iñarritu Espainiako Kongresuko diputatua, eta Iñaki Goioaga senataria. Animo oihuekin eta txaloekin agurtu dute akusatua epaitegira sartzerakoan, eta deklarazioa amaitu duen arte kanpoan itxaron diote gehienek.

DyJ ez da gustura geratu

Daniel Portero DyJ elkarteko presidentearen ustez, atzoko azalpenak ez dira nahikoa izan. Ez da gustura geratu, ez Arraizek epaileari esanikoekin, ez epaileak zein fiskalak akusatuari galdetutakoekin. Hori dela eta, epaileak auzia berriz artxibatuko duen beldur da akusatzailea, eta jarrera argi utzi du: salaketa berriz artxibatzen bada, berriz aurkeztuko du artxiboaren aurkako helegitea auzitegian.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak ere garbi du: Arraizek, ezker abertzalearen ibilbidearen errepasoa egitean, ETA goratu zuen, «silogismo handiarekin». Maneirok adierazi du ezker abertzaleak «historikoki justifikatu» duela erakunde armatua eta, beraz, Arraizek ETA goratu zuela ezker abertzalearen historia babestean. «Bai, badago delitua Arraizen hitzetan», esan du, zorrotz, Maneirok. «Gizarte demokratikoaren aurkako irainak» ere ikusi ditu horietan. «Agerikoa da oraindik ere ez dutela eragindako mina aitortu eta barkamenik eskatu», argudiatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.