Euskarazko irakaskuntza. Ziburuko ikastola

Ziburuko ikastola babesteko martxa eginen dute azaroaren 8an

Azaroan argindarra kenduko dio herriko etxeak Kaskaroteneari.Seaskaren eta gurasoen ustez, Zokoako aisialdi gunera joatea da irtenbide bakarra, baina auzapezak ez du onartu

Seaskako, Ikastolen Elkarteko eta Kaskarotenea ikastolako ordezkariak atzo, Ziburun egindako agerraldian. BOB EDME.
Ziburu
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren (Lapurdi) arazoen konponbidea urrun dago oraindik. Astelehenean, Ziburuko Herriko Etxeko zerbitzu teknikoetako arduradunak eman zuen azken albiste txarra: azaroan argindarrik gabe geldituko dira eskolan. Herriko etxeak Kaskarotenearen aurka hartutako neurriak salatzeko garaia ikusirik, manifestazioa antolatu dute hezkuntza eragileek azaroaren 8an, Ziburun bertan.

Atzo goizean prentsaren aurrean agertu ziren Laida Mugika Kaskaroteneko lehendakaria, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Federazioko presidentea eta ikastolako gurasoak. Ziburuko Herriko Etxearen jarrera salatu zuten, baita manifestazioaren arrazoiak azaldu ere. «Auzapezak eta haren udal gehiengoak entzun dezaten ziburutarrek ikastola nahi dutela Ziburun, eta Euskal Herria bere hizkuntzari atxikia dela», adierazi zuen Indok.

Omiasainduko oporren ostean —azaroak 3— argindarra kendu nahi dio udalak Kaskaroteneari, eskola publikoko eta ikastolako argindarra bermatzeko ahalik ez duelakoan. «Ez dute arazorik izanen bi estai eta kasik 1.500 metro koadro argindarrez hornitzeko; aldiz, ikastolako 35 metro koadroko bi gelatxoek sare elektriko guzia jausiaraziko luke», esplikatu du Laida Mugikak. Herriko etxeak emandako esplikazioa «aitzakia» bat besterik ez dela uste du, «haurrei argindarra eta berogailua galarazteko negu bezperan».

Gaur egungo egoeran, Mugikaren zein ikastolako gurasoen ustez, eskola Zokoako eremura mugitzea da «aterabide bakarra». «Eremua prest da, eta ez luke inongo gasturik ekarriko», azaldu du Mugikak. Zokoan, kantina bat, pausa gela bat eta kanpo eremu bat daude; «ingurune ezin hobea da». Azken asteetan Seaskako eta Kaskarotenea ikastolako ordezkariak bi aldiz bildu dira Guy Poulou Ziburuko auzapezarekin, «diskrezio osoz», konponbide bat bilatzeko asmoz. «Aitzineko hiru proposamenei —Jules Ferry, Ithurri Baita eta Kontseilu Orokorreko lurrak— beste hiru egin dizkiogu», adierazi du Mugikak. Baina Poulou auzapezak eta Isabelle Dubarbier udaleko hezkuntza arduradunak, «helburu bakarra» dutela gaineratu du: «Ikastola erdigunetik urruntzea».

Izan ere, ikastola Olhetako bidean diren Zaldi Xurito eraikinen atzean dagoen gune batera mugitzera proposatu die auzapezak. «Autobidetik ahal bezain hurbil. Egunero, 34.000 biribil pasatzen dira, eta 9000 kamioi», gogoratu du Mugikak. «Bere haurra ikastolan eskolatu nahi duen edozein guraso uxatuko luke horrek», haren ustez.

«Gezurrak»

«Auzapezak gezurra erran digu, hainbat aldiz idatziz ikastola Haurrendako Poloan birkokatuko zuela hitzematekoan», esan du Paxkal Indok. Epaileari ere «gezurra» esan diotela nabarmendu du. Izan ere, ikastola Marinela auzoan geratzen bazen eskola publikoaren lanak trabatuko zituela erran zuen herriko etxeak. Baina Poulou auzapeza berak aitortu du obra horiek «epean» direla.

Eskola publikoko gurasoei ere «gezurra» esan dietela salatu du Indok. «Gezurra esaten duteikastolaren alde direla adierazten dutenean ere», azpimarratu du Indok. «Baina argi da auzapezak ez duela deus entzun nahi, deus ikusi nahi, eta, batez ere, ez duela Ikastolarik nahi Ziburun», ondorioztatu du.

«Sostengu handia»

Kaskaroteneari «Euskal Herriko ikastola guzien elkartasuna eta babes osoa» adierazi dio, berriz, Koldo Tellituk. Guy Poulouk Ziburuko ikastolaren aurka egin erasoak «ikastolen mugimendu guziaren aurkakoak» direla ere salatu du, baita «euskararen, euskal kulturaren eta euskaraz bizi nahi duen herri baten aurkakoak» ere.

Horren haritik, Hur Gorostiagak azaldu du sostengu handia jasotzen ari direla, eta oraingoz, 3.000 euro lortu dituztela, herriko etxeak jarritako isuna ordaintzeko. «Sostenguz emandako diru kopurua pagatzeko dugun zigorra baino handiagoa da», esan du Indok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.