Euskara. Nafarroako mapa soziolinguistikoa

Nafarroaren zonifikazioa goraipatzeko argudiotzat erabili du mapa Iribasek

Ezagutza handitu arren erabilera behera egiten ari dela, hori izan du mezu nagusi gobernuak.Euskararen legea aldatu beharrik ez dela berretsi du.Euskararen alde lan egin dezala eskatu dio oposizioak

Jose Iribas, Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, parlamentuko saio batean, hizlari. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hizkuntza politikari buruzko eztabaida bihurtu zen Nafarroako mapa soziolinguistikoaren aurkezpena atzo parlamentuan. Gobernuaren jardun egokiaren isla mapan ageri dela esan zuen Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak, eskolak egindako ekarpena gogoan; hiztunen gain utzi zuen jaitsieraren erantzukizuna, esanez ezagutza igo arren erabilera geldi dagoela. Oposizioak kargu hartu zion gobernuari, eta euskara sustatzeko neurririk ez hartzea leporatu zion. Aldeak ikusita, zonifikazioa ezinbesteko jo du Iribasek.

Kontseilariak hasieratik bertatik utzi zuen argi aurkezpenari kutsu politikoa emateko asmoa. Abertzaleek euskara «eraikuntza nazionalerako» nahi dutela ohartarazi zuen, «politizatua» dagoela, eta kalte egiten diola horrek. Nabarmendu zuen, gainera, Nafarroako herritarrek ez dutela zertan euskara jakin: «Inor ez da nafar hobea edo okerragoa euskaraz jakiteagatik edo ez jakiteagatik».

Batez ere bi datu nabarmendu ditu gobernuak: etxeko erabileraren jaitsiera —«EAEn ere horixe bera gertatu da»— eta hezkuntzak egindako lana, gazteen artean ezagutza nabarmen igo delako.

Hortik aurrera, datuak ez, zonifikazioaren inguruko eztabaidak izan du lekua. Eremuen zatiketa defendatu du Iribasek: «Ez dugu uniformetasuna bilatu behar; pluraltasuna dugu Nafarroan». Bihar hamabost aldatuko dute euskararen legea parlamentuan; eremu ez-euskalduneko eskola publikoetan D eredua eskaini beharko dute horren ondorioz.

Mapako datuak ikusita, Nafarroako zonifikazioa argia dela nabarmendu du Iribasek, eta, beraz, legea aldatzea oraingo egoerari aurka egitea dela: «Zonifikazioa bermea da mailaz maila aritzeko eta errealitatea errespetatzeko».

Erabilera apaltzea hiztunen haututzat jo du Iribasek etengabe, eta Amaya Zarranz PPko parlamentariak pauso bat gehiago eman du, euskara ikasi dutenak gogoan: «Badirudi ikasten dutela, baina gero ez dutela erabiltzen».

PSN, denek ikastearen alde

Hautua ez dela librea, hori ohartarazi diote oposizioko alderdiek. Ezagutzak ez dakarrela zuzenean euskara erabiltzea. «Pilota herritarren gain» uztea salatu du Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak. Eremu euskalduneko beherakadaz ohartarazi du: «Agerian geratu da aldeko politikak egitearen garrantzia». Gobernuak hizkuntz politikan eginikoa «lotsagarria» dela nabarmendu du Nekane Perez Irazabal Aralar-NaBaiko parlamentariak, eta horren ondorio jo ditu datuak. Ezkerrako parlamentari Marisa de Simonek azpimarratu du pauso gehiago eman behar direla elebitasunean.

Carmen Otxoa PSNko parlamentariak jarri ditu berritasun batzuk mahai gainean —parlamentari horrek iragarri zuen, bere garaian, PSNk euskararen legea aldatzea babestuko zuela—. Gurasoek haurrak ikastolara eramanez egindako pausoa goraipatu du, eta, areago, adierazi du nafar guztiek ikasi beharko luketela. «Horregatik gara nafarrak». Erabilera jaistea hiztunen haututzat jo izana ez du egoki jo: «Murgiltze eredua behar da. Guztiek euskara dakitenean, orduantxe hitz egingo dute nahi duten hizkuntzan».

Argudio horri helduta, euskara inposizioekin lotu du Iribasek: euskara derrigorrezko egin nahi dutela abertzaleek, erdaldunak baztertuko dituztela... Argudio bat berretsi du: «Ziur tuterarrek nahiago dutela sendagile ona, nahiz eta euskaraz ez jakin». Aukera bermatuta dagoela nabarmendu du: «Erriberan gehienak ez dira euskaldunak. Ez ezin dutelako, baizik ez dutelako nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.