Polizia gehiegikerien biktimen legea auzitara eraman du Madrilek

Autogobernuari «mespretxu» egitea leporatu dio Jaurlaritzak PPri. Sei hilabeteko epea dute bi gobernuek akordioa lortu eta auzia saihesteko. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere erabakia gaitzetsi dute
Ainara Esteran Egiari Zor elkarteko kidea eta Andoni Txasko Martxoak 3 biktimen elkartekoa.
Ainara Esteran Egiari Zor elkarteko kidea eta Andoni Txasko Martxoak 3 biktimen elkartekoa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko urriak 26
Polizia gehiegikerien biktimen legeari helegitea aurkeztuko dio Espainiako Gobernuak. PPren gobernuak hartu duen erabakiaren berri eman du Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka jarduneko bozeramailearen bitartez. Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko agerraldian, gaitzetsi egin du Madrilgo gobernuaren jarrera, eta salatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogobernuari «mespretxua» adierazten duela PPk.

Polizia gehiegikerien biktimentzako legea joan den uztailaren 28an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk.

Legearen helburua, hauxe: 1976 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Espresuki aipatzen ditu Espainiako Estatuko funtzionarioen urraketak.

Erabakia ez da ezustekoa izan. Espainiako Gobernuak helegitea aurkezteko aukera aurreikusten zuten alderdi politikoek, legea eztabaidatzen ari zirenean. Izan ere, legearen aurkako iritzia agertua zuen aurretik Rajoyren gobernuak, eta PPk «ziurgabetasun juridiko falta» nabarmendu zuen Eusko Legebiltzarrean.

Espainiako Gobernuaren helegitea indarrean sartu aurretik, sei hileko epea irekiko da bi gobernuak akordioa lortzen saiatzeko. Aldebiko Batzordean negoziatuko dute, eta, ados jartzen ez badira, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki beharko du legea indargabetu ala ez.

Erkorekak aurreratu ditu Aldebiko Batzordean Jaurlaritzaren argudio nagusiak izango direnak. Batetik, biktimen eskubideak aldarrikatuko ditu. «Biktima guztiek aitortza eta ordaina merezi dute». Bestetik, legea Gernikako Estatutuak aitortzen dituen eskumenen araberakoa dela nabarmenduko du.

Ez du iritzi bera Espainiako Gobernuak: Madrilek deritzo Jaurlaritzari dagozkion eskumenak gainditzen dituela legeak.

Polizia gehiegikerien biktimentzako legeak Balorazio Batzordea eratzea agintzen du. Batzordeari dagokio biktimen eskariak aztertzeko eginkizuna. Espainiako Gobernuaren iritziz, batzordeari delitu gertaerak ikertzeko ahalmena aitortzen zaio, eta hori epaitegien eskumen esklusiboa dela ohartarazi du Madrilek. Jaurlaritzak, aldiz, argitu izan du Balorazio Batzordearen ebazpenek balio administratibo hutsa dutela.

Legeak ez du argitzen Balorazio Batzordeak zein prozedura erabiliko dituen biktimen aitortza eskariak aztertzeko. Aldiz, Jaurlaritzak prozedura horiek zehaztuko dituen araudia garatu beharko duela jasotzen du.

Erkorekaren esanetan, PPren gobernuaren helegiteak agerian utzi dute alderdi popularraren «egiazko jarrera» EAEko erakundeek hartzen dituzten erabakiekiko. «PPk autogobernua eta euskal erakundeak mespretxatu, bazter utzi eta urratzen ditu».

Espainiako Gobernuaren erabakia Gernikako Estatutuaren 37. urteurrenean jakitera eman izana ez da «kasualitatea», Erkorekaren iritziz. Jaurlaritzako bozeramaileak «faltsukeria» aurpegiratu dio PPri, Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatu, eta, aldi berean, autogobernuaren aurka «erasokor» jarduteagatik.

Alderdien erreakzioak

EH Bildu-k eta Ahal Dugu-k ere Espainiako Gobernuak helegitea jarri izanaren kontra egin dute. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak albiste «txarra» eta «mingarria» dela deritzo. PPren gobernuak zein biktima aitortu behar diren eta zein ez erabakitzea gaitzetsi du. «Biktimen mailakatzea eta biktima batzuk existitzen ez direla ezartzen da», salatu du. «Gezurrezko kontakizuna inposatu» asmo du PPk, Arzuagaren hitzetan.

Nagua Alba Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak akordiorako deia egin die EAJri eta PSOEri. «Madrilen badago gehiengo nahikoa polizia gehiegikerien biktimentzako legea onartzeko». Era horretan, Eusko Jaurlaritzako legeari babesa eman eta irismen handiagoko beste lege bat sustatu nahi ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna