Maiatzaren Lehena. Mundua

Greba orokorraren hotsa Espainian

«Banaketa ala gatazka», esan du CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok, eta PSOEk onartu du badirela greba orokorrerako zioak. CIG sindikatuak ekainaren 19rako deitu du Galizian

UGT eta CCOO sindikatuek Madrilen antolatutako manifestazioa, atzo. ZIPI.
xabier martin
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Maiatzaren Lehenak 2018. urtea bukatu aurretik egin daitekeen greba orokor baten arrastoa utzi du Espainian. «Gehiengo soziala krisiaren psikosia atzean uzten ari da, eta gero eta gehiago mobilizatzen», esan zuen CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok, atzo. Espainian «hautsi» egin den kontratu soziala berregiteko gatazka areagotu egingo dela ohartarazi zuen: «Aberastasunaren banaketa ala gatazka».

Enbido horri eutsi egin zioten berehala Unidos Podemosek eta PSOEk. «Mobilizazio handi bat behar da krisiaren zauriak ixteko», jakinarazi zuen Podemoseko diputatu Iñigo Errejonek, eta PSOEko antolakuntza idazkari Jose Luis Abalosek onartu zuen badirela «greba orokorrerako arrazoiak», baina sindikatuei dagokiela hartara deitzea. Horrela egingo balute, Izquierda Unidak «erabat» babestuko luke, alderdi horretako buru Alberto Garzonen arabera.

Ematen du, beraz, greba orokor baten deialdirako motorra berotzen hasi dela, eta krisi handiak Espainiako sindikatuetan eragindako beldurrak greba orokorrekiko uxatzen ari direla. Galizian,CIG sindikatu subiranistak deitua du lanuzte orokorrera; ekainaren 19rako deitu zuen Paulo Carril idazkari nagusiak, atzo, eta gainerako sindikatuei harekin bat egiteko eskatu zien.

Euskal Herrian, berriz, bakarrik LAB sindikatuak hitz egin du berriki «mobilizazio orokor» bati buruz, eta atzo bertan aukera horri erreparatu zion berriro. Emakumeen eta pentsiodunen mobilizazioei langileek eta ikasleek eman beharko liekete segida, sindikatu abertzalearen ustez. «Erantzun zabala» eman behar dela uste du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, eta «grebaren eremuan» eman behar dela.

Bada, puzzlearen pieza horiek guztiek zerbait zehatza osatzen duten ala pieza solteak diren ikusiko da datozen hilabeteetan. Bien bitartean, soldata txikiek sortu dituzten langile pobreen arazoak eta pentsioek osatzen duten galdera marka handiak itzal iluna zabaldu dute Espainian, eta, atzo, Madrilgo manifestazioaren pankarta eraman zutenek zeresan handia izan dezakete balizko greba orokor baten inguruan. CCOO eta UGTko idazkari nagusiekin batera, Unidos Podemos eta PSOEko gidariak egon ziren martxaren buruan, Pablo Iglesias eta Pedro Sanchez.

Askotariko eskaerak

Espainiaz harago, Maiatzaren Lehenak mundu zabalean izan zuen isla, eta tokian tokiko erreibindikazioak jaso zituzten manifestariek, hala lan esparrukoak nola politikoak. Turkian, 77 lagun atxilotu zituzten, Istanbulen. Taksim plazara sartu nahi zuten manifestariek, baina hura hesiz itxi zuen Poliziak. 25.000 polizia aritu ziren Turkiako hiri nagusian protestak zaintzen. 2003tik 2017ra 17.000 langile hil dira lan istripuz Turkian. Epe horretan, 1,7 milioi langilek izan dute lan istripuren bat. Horregatik, lan segurtasuna nabarmendu zen Istanbulen, Maiatzaren Lehenaren manifestazioan.

Kopuru horietatik urrun daude Italian, baina hango sindikatuek ere «kontrol gehiago» eskatu zituzten lan segurtasunari dagokionez. CGIL, CSIL eta UIL sindikatu nagusiak Praton (Toscana) manifestatu ziren, inguru horretan Txinako enpresa ugari zabaldu dituztelako, eta horrek eragina izan duelako lan segurtasunean. «Heriotza gehiegi dago lanean, eta gerra zerrenda hauek ezin ditugu onartu», esan zuten sindikatuek.

Alemanian, bestelakoa da arazoa. Sindikatuen konfederazioak esan zuen enplegu osoaren aldekoa dela, baina enplegu guztiak izan behar duela «baldintza duinekoa eta segurua». Enplegu osoaren helburu horri begira, kontua ez da, konfederazioaren arabera, «jendeak edozein lan egitea».

Italian, Alemanian eta Frantzian ere, manifestazioak ez ziren bereziki jendetsuak izan, baina Errusian, 100.000 manifestaritik gora egon ziren, Moskuko martxa handian, besteak beste soldata hobeak eta erretiro adina ez atzeratzeko eskatzen. Alderdi Komunista, berriz, bere aldetik manifestatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.