155. artikulua. Gobernuaren osaketa Katalunian

Rajoyren aurkako neurri judizialak aztertzeko agindu du Torrak

Espainiako Gobernuak adierazi du Auzitegi Gorenak «hagitz argi» utzi duela espetxean daudenek ezin dutela Kataluniako Gobernuko kontseilari izan. Junts Per Catalunyak adierazi du «legez kanpokoa» dela espetxeratuei betoa paratzea

mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako eta Kataluniako gobernuak trabak paratu eta traba horiek saihesteko lehia batean murgilduta daude. Atzo, Quim Torra Kataluniako presidenteak pauso bat eman zuen gibelera, gobernuko kontseilarien kargu hartzea bertze egun baterako utzita —ez zuen data zehaztu—. Ikusita Espainiako Gobernuak ez duela jarrera aldatzeko inolako asmorik, Torrak Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurka neurri judizialak hartzeko aukera aztertzeko eskatu du. Haren alderdia, JxC Junts Per Catalunya, ziur dago Rajoy legea urratzen ari dela espetxean eta erbestean dauden kontseilarien izendapena eragotzita. «Kataluniako Gobernua Generalitateko presidenteak aukeratzen du, Quim Torrak. Ez du Mariano Rajoyk aukeratu behar», erran zuen atzo Eduard Pujol JxCko bozeramaileak. Madril, ordea, prest dago erronka horri eusteko. «Bihar jarduteko ahalmena duen gobernu bat izendatzen badu, 155a eroriko da», adierazi zuen Rajoyk, autonomia eteteko Espainiako Konstituzioak duen 155. artikuluari erreferentzia eginez.

Torrak joan den astean hartu zuen presidente kargua, baina Espainiako Gobernuak oraindik etenda dauka Kataluniaren autonomia. Hori baliatu du Rajoyk Torrak proposatu duen gobernu autonomikoaren kargu hartzea blokeatzeko. Lau kontseilariren izendapena da liskar iturri: behin-behineko espetxealdian dauden Jordi Turull Presidentzia kontseilariarena eta Josep Rull Lurraldetasun kontseilariarena, eta erbestean dauden Toni Comin Osasunekoarena eta Lluis Puig Kulturakoarena. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak matxinada delitua egozten die guztiei independentzia prozesuaren aurkako kausan, eta, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearen ustez, Llarenak «hagitz argi» utzi du lau politikari horiek ezin dutela kontseilari kargua hartu. Rajoyren ustez, berriz, Torrak du egoeraren ardura guztia. «Bere ardurak hartzeko Katalunian egon daitekeen gobernu bat izendatzen badu, kito. Hori bezain erraza da, eta ez dago Espainiako Gobernuaren esku», adierazi zuen atzo Kongresuan.

Espainiako Gobernua kontseilarien kargu hartzea blokeatzen ari da, uko eginez izendapenen dekretua DOGC Kataluniako Generalitatearen Egunkari Ofizialean argitaratzeari. «Legez kanpokoa da», erran du Pujol JxCko bozeramaileak. «DOGCa da, ez da El Patufet [haurrentzako aldizkari historiko bat]. Hagitz kontu serioa da». Horregatik, Torrak Generalitatearen Aholkularitza Juridikoko Batzordeari eskatu dio aztertzeko Espainiako Gobernua legea urratzen ari ote den, eta, hala balitz, Generalitateak neurri judizialik har ote dezakeen. JxCren talde parlamentarioarekin egindako bilera batean hartu du erabaki hori. Carles Puigdemont presidente kargugabetuak bideokonferentzia bidez parte hartu du bilera horretan, Alemaniatik.

Erabaki «politikoa»

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroaren erranetan, ordea, blokeoa «zuzenbidean oinarrituta» dago. Gobernuko alderdiak, PPk, Kataluniako auziari berari ukatzen dion argudio bat erabili du, erran baitu kontseilarien izendapena eragozteko erabakiak oinarri «politikoa» duela, eta ez juridikoa. «155a mantentzea irmotasuna helarazten duen erabaki politiko bat da», adierazi du Alejandro Fernandez PPren bozeramaileak. «Ez dugu utziko Kataluniako Gobernuko kontseilarien irudiak ospea galtzea. Kontseilari batek ezin du bere egitekoa bete atzerrian edo espetxean».

Hortaz, bi aldeek bereari eutsi diote. Rajoyk presio politikoa kendu du gainetik atzo estatuko aurrekontuak onartuta, eta ikusteko dago horrek nola eraginen dion Kataluniako Gobernuaren osaketari. Kataluniako Parlamentuak bihar eginen du lehenbiziko osoko bilkura Torra presidente hautatu zutenetik. Parlamentuko batzordeen osaketa bozkatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.